Askoren ustez Meryl Streep gaur egungo emakumezko aktore onena da, eta egia esan horrenbeste ezaugarri ditu ia ezinezkoa dela hari buruz mintzatzea hitz handiak erabili gabe. Haren talentuak ez du zerikusirik estatistikekin, baina zenbakiak erabilita neur daiteke: historian Oscar sarietarako proposamen gehien izan duen emakumezko aktorea da, 14 hain zuzen, baita Urrezko Globoetarako ere, 21 guztira. Irabazi dituen Hollywoodeko Akademiako bi sariek, Kramer vs. Kramer (Kramer Kramerren aurka, Robert Benton, 1979) eta Sophie’s Choice (Alan J. Pakula, 1982) lanekin, eta Urrezko sei Globoek, bi aipatu berri ditugun lanekin eta beste laurak The French Lieutenant’s Woman (Frantses tenientearen emaztea, Karel Reisz, 1981), Adaptation (Spike Jonze, 2002), Angels in America (Mike Nichols, 2003) mini telesaila eta The Devil Wears Prada (David Frankel, 2006) lanengatik, Streepen karrera anitz eta trinkoaren zati txiki bat baino ez dute deskribatzen.
Meryl Streep New Jerseyn (AEB) jaio zen 1949an. Interpretazio ikasketak hasi zituen Vasar College-n eta Yale Repertory Theatre-n jarraitu zituen. Urte horietan egile klasiko handien rolak antzeztu zituen, Shakespeare eta Dostoievskirenak zein Tennessee Williams eta Arthur Millerrenak. Broadwayen antzerkia egiten ari zela iritsi zitzaion zineman lan garrantzitsu bat egiteko aukera, hain zuzen Fred Zinnemann zuzendariaren Julia filmean (1977). Bigarrena The Deer Hunter (Ehiztaria, Michael Cimino, 1978) filmeko Lindarena izan zen. Rol horri esker Oscar sarietarako lehen proposamena izan zuen eta hurrengo urtean bigarrenak jarraitu zion Manhattan (Woody Allen, 1979) filmari esker. Aldi berean telebistan lan egiten jarraitzen zuen Holocaust (Marvin J. Chomsky, 1978) telesailean. Bere lan egiteko modu zehatzak eta nortasun handiko emakume adoretsuen rol dramatikoak antzezteko gaitasunak film ospetsuetan lan egiteko aukera eman dio, esaterako: The French Lieutenant’s Woman, Sophie’s Choice, Silkwood (Mike Nichols, 1983), Falling in Love (1984), Plenty (Fred Schepisi, 1985) eta Out of Africa (Afrikako oroitzpenak, Sidney Pollack, 1985) filmeko Karen Blixen-en rolean.
Baina Meryl Streepek beste muturreko generoan, komedian alegia, ere bazeukan zer erakutsia. Hona hemen bere lanik sonatuenak: She-Devil (Deabruzko emakumearen bizitza eta amodio, Susan Seidelman, 1989), Postcards From the Edge (Mike Nichols, 1990) eta Death Becomes Her (Robert Zemeckis, 1992). Lan horiek guztiek aktorearen beste ezaugarri garrantzitsuetako bat utzi zuten agerian: bere bizitasuna kutsatzeko gaitasuna hain zuzen. Dramatan gizakiaren emozio guztiak adierazteko gai bada, komedian Meryl Streepek oso ongi pasatzen duela erakusten du eta ikusleak gozatu egiten du hori ikusita.
Naturaltasuna eta oreka, baita rol bakoitza prestatzeko hartzen duen lana, adibidez jatorri geografiko ezberdinetako emakumeen hizkeraren doinu zehatza lortzeko, izan dira gorabeherarik izan ez duen ibilbidearen ezaugarriak. Gainera, lan oso ezberdinak egin ditu eta hazi egin da haiei esker: literaturako moldaketak, The House of the Spirits (Bille August, 1993); thrillera, The River Wild (Curtis Hanson, 1994); zuzendari handiek eskainitako rolak, Clint Eastwoodek esaterako The Bridges of Madison County (Madisongo zubiak, 1995) filmean, Before and After (Aurretik eta ondoren, Barbet Schroeder, 1996) lanean eta Jonathan Demmeren The Manchurian Candidate (2004) filmean; eta hainbat aldiz errepikatu du artista ezagunekin, adibidez Robert de Nirorekin –Marvin’s Room (Marvinen gela, 1996)– eta Robert Redfordekin –Lions for Lambs (2007)–. Horrez gain, belaunaldi berrietako talentuekin ere lan egin du, honako film hauetan: Adaptation (Spike Jonze, 2002) edo The Hours (Stephen Daldry, 2002).
Halaber, abeslari rola berreskuratu du eta komediagilearena sendotu A Prairie Home Companion (Robert Altman, 2006) eta Mamma Mia! (Phillyda Lloyd, 2008) lanetan; azken horrek, The Devil Wears Prada (David Frankel, 2006) filmean egin zuen rolarekin batera, sasoian dagoela erakusten digu, zentzu guztietan gainera, Meryl Streepek haurrentzako ipuinetako hainbat pertsonaiari ere ahotsa jarri baitie eta dokumentaletan kontalari gisa jardun baita. Azkenik, gai humanitarioetan eta artistikoetan ere sartu da, eta hainbat elkarte eta ekimenentzat lan egin du. 1978an Don Gummer eskultorearekin ezkondu zen eta lau seme-alaba ditu.