"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pekingo Joku Olinpikoak zirelaeta, asko hitz egin da azken hilabeteetan Txinako egoeraz eta bertakoen giza eskubideez. Noizean behin herrialde erraldoi horretan heriotzera kondenatutakoei buruzko datu beldurgarriak iristen zaizkigu, baina, beldurgarriak izanagatik, ez gaituzte gehiegi ukitzen; urrunegi geratzen da Txina, urrunegi daude hango espetxeak, guztiz desberdinak dira hango ohiturak eta orokorrean deus gutxi dakigu hangoen bizimoduaz. Pentsatzen hasiz gero, berehala konturatuko ginateke ez dagoela Estatu Batuak baino askoz urrunago, eta, hala ere, azken herrialde honetako heriotz zigor batzuen inguruko berriek asaldatu egiten gaituzte, hurbilago, gureago sentituko bagenitu bezala. Txinatarrekiko enpatia txikiagoa dela esan genezake azken batean, nahiz eta, teorian behintzat, gizaki guztiak berdinak direla jakin.
Ez du ematen Kevin Feng Ke zuzendariak zentsurarekin arazorik izan duenik bere pelikula egin ahal izateko, nahiz eta kontatzen duen istorioa eta erakusten duen giroa oso gogorrak izan, gogorrak eta ankerrak, heriotz zigorra gizateriaren krudeltasunaren adibiderik argiena baita. Hala eta guztiz ere, zinegileak badaki zaborraren artetik poesia ateratzen eta kondenatuei nolabaiteko maitasun-keinuak bidaltzen dizkiela ematen du hainbat unetan.
Zigor arina ezarri dioten preso batek hiltzera kondenatutakoen azken hitzak, azken borondatea, jaso eta grabatu behar ditu. Berak aurkeztuko dizkigu kartzela zikin batean pilatutako gizagaixoak eta beren bizimodu latza, beren desesperazioa, etengabe jasotzen dituzten umiliazioak. Alabaina, hainbeste zorigaiztoren artean, maitasunarentzako zirrikitu bat ere zabalduko da, izkutuko keinu leun batzuen bitartez izanen dugu amodiozko istorio liluragarri baten berri; maitasun horrek, ordea, ez dio itxaropenari tokirik utziko, babaitakigu heriotza itxaropenaren etsairik amorratuena dela.
Bere lehendabiziko pelikula izateak are meritu handiagoa ematen dio Kevin Feng Ke-ren lanari. Naturaltasun handiz kontatzen du kontatu beharrekoa, inolako apaindurarik gabe. Eta bere hoztasun guztiarekin ere, ikuslea hunkitu egiten da, iritsi egiten zaio heriotz zigorraren bidegabekeria. Egia da urruti daudela Txinako presoak, baina pelikula honek Dead Man Walking filmeko Sean Penn bezain hurbil sentiarazten dizikigu, eta ez da gutxi. Gainera, badakigu kontatzen zaiguna benetan gertatu zela eta seguro aski egunero gertatzen jarraitzen duela momentu honetan mirakulu ekonomikoaren islada den herrialdean.
Behin hiltzen gara, baina besteen heriotzen lekukoa izatera derrigortuta dagoena behin eta berriro hiltzen ari dela esan liteke, bere istorioa eta bere nahiak kontatzen dizkion lagun bakoitzarekin ere hiltzen baita.
M.B.