"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Daniel Hernándezek, dokumentalista gisa eskarmentu handia duenak, bere fikziozko lehen filma aurkeztu du Zinemaldian, Chicos normales, alegia. Paradoxa dirudien arren, oraingoan fikzioa hautatu du Jamaa Mezwak-en errealitatea islatzeko dokumentala bera baino aproposagoa zela iruditu zaiolako. Jamaa Mezwak Tetuango auzo txiro bat da. Bertan jaio edo bizi izan ziren Martxoaren 11ko atentatuetan parte hartu zuten islamistetatik bost.“Dokumentalak askatasun handia ematen du, baina kultura islamiarrari buruz ezer gutxi dakigu guk, eta, gainera, aurreiritziz beteta gaude. Dokumentala egin izan bagenu, galderen bidez erantzunak baldintzatzeko arriskua zegoen. Bertakoen bizitzetan oinarritutako fikzio bat eraikiz gero, aldiz, errealitatetik gertuago egongo ginela pentsatu genuen”, arrazoitu zuen Hernándezek.
Filmaren zuzendariaren hitzetan, Jamaa Mezwak hainbat komunikabidek “kriminalizatutako”auzoa da.“Azken urteotan –esan du–, kazetari asko joan dira hara, betiere Poliziaren eskutik; lau irudi hartu dituzte eta gero auzoa islamistarik muturrenekoek kontrolatzen dutela bolo-bolo zabaldu dute. Gu, berriz, ia urtebetez kamararik gabe joaten ibili gara. Auzokoekin hitz egin dugu eta egoera ulertzen saiatu gara. Beraien bizitzetatik hainbat zati aukeratu eta horiekin fikziozko gidoi bat osatu dugu”.
Protagonista nagusiak auzoko hiru pertsona dira, neska bat, Rabia, eta bi mutil, El-Kadher eta Youseff. Rabiak, beste emakumeekin batera, jantziak egiteko kooperatiba bat osatu du. El-Khader, berriz, antzerkilaria da; ez du lanik eta dudatan dago, ea Europara jauzi egingo duen. Youseff, azkenik, trapitxeotik bizi da. Horretaz aparte, anaiaren bila dabil. Izan ere, aspaldi alde egin zuen eta ez dakite itsasoan edo gerra santuan hil den.
Aktoreek beren burua interpretatzen dute, are gehiago, izen errealari ere eutsi diote. Sinesgarritasuna erabatekoa izan dadin, elkarrizketak, betiere arabieraz, beraiek asmatu dituzte.
Auzokoek, proiektuaren nondik norakoa zehatz-mehatz ezagutu gabe ere, lehen unetik beretik lagundu zietela nabarmendu du Hernandezek. Hala ere, filmaketa oso gogorra izan zela eta amore ematekotan egon zirela ere aitortu du.
Merezi ote? “Filmean ikusten dena guztiz egia da”, erantzun du Mohammed Saadounek, filmeko aktoreetako batek. “Auzoan arazo latzak ditugu. Askok alde egiten dute eta ho-rietatik batzuek bukatzen dute Martxoaren 11ko haien moduan. Baina hori ez da auzoan sortzen, hori Europan diharduten talde kriminalek antolatzen dute”, gehitu du.
Saadoun ez da egunotan Jamaa Mezwaketik Donostiara etorri den bakarra. Bada, hala ere, etortzerik izan ez duen aktoreetako bat,Rabia.“Azken momentuan, bere familiak ez dio etortzen utzi; zaila da Marokon emakume izatea”, nabarmendu du Hernándezek.
M.A.