"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Louise-Michel frantses ekoizpeneko Gustave Kervern eta Benoît Delépine errealizadore belgikarrak telebista txotxongiloekin, komikigintzan eta umore surrealistako arautu gabeko formulekin jardun izan dute beti. Komedia beltz, dibertigarri eta ero samar honekin “beste edozein filmerekin inolako antzik ez dugu erabiltzen, gustatzen zai zuen pelikula bat egin nahi genuen”.
Zuzendariek berek aitortu zutenez, ez dute sekula zinema eskolik zapaldu, “zinematografikoki petral hutsak gara, apenas erabiltzen ditugu kamera mugimenduak; eta musikarik ere ez dugu erabiltzen, gustatzen zaigun abestiren bat tarteka sartu
eta kitto. Bestalde, aktoreei kamera aurrean gauzak egin arazten diegu, hori da gure eginbidea”.
Aurrez Aaltra (2004) eta Avida (2006) lanak egin zituzten zinegile xelebre hauen aburuz: “Louise-Michel anarkiaz diharduen filma da. Eta argi dago anarkiari buruzko film bat egiteko jai dutela teknika publizitarioek”. Filma, noski, fikzioa da: “Gertatu gertatu izan dira iraultza odoltsuak, baina historiak erakutsi digu azkenean ez dutela ezertarako balio. Nolanahi ere, guretzat nahikoa da jendeak enpresen deslokalizazioaz eta gisako lan-arazoez kontzientzia har dezan balio baldin badu”, adierazi zuen Delépinek. “Gainera -gehitzen du Kervernek-, telebista dagoen bitartean, ez da iraultzarik gertatuko”.“Bai zera -hitza urratzen dio zuzendarikideak-, gurpil zoro kapitalistaren ondorioz zerbait gertatuko da azkenean”.
Pelikulak filmatzeko orduan ere ez dute zuzendari gehienen modura jokatzen: “Gure lan egiteko modua erabat eroa da. Aktore profesionalak, lagunak, ezagunak nahiz kaleko jende arrunta erabiltzen dugu gure filmeetan. Edonork dauka antzezlari izateko talentua, barrutik aterarazi behar zaio, ordea.Sekula ez dugu aktoreekin entsegurik egiten. Filmean agertzen diren langileak, ehungintza enpresa batetik kaleratutako benetako langileak dira. Hasiera batean ez geunden oso ziur antzezteko gai izango zirenik ere”, azaldu zuten.
Prentsaurrekoa bitartean esaldi-jario etengabea erakutsi zuten errealizadore belgikar biek, honako perla hauek kasu: “Filmak Rubiken kuboak bezalakoak dira”, “Zine anarkista egiten dugu, zinea askatasunezko azken espazioa baita”, “Pertsonen grazia oro har harrapatzeko ez dugu zertan kamerarekin kontrapikaturik egin behar”,“Gizakiak eta lekuak hezurmamitzen saiatzen gara”.
S.B.