"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Moda kontua izango da. Batek daki. Azkenaldian emakume asko ikusten dira lepoko luzeekin. Joera hori atzeman dut behintzat. Asko perla txiki zuri tankerakoak dira. Halere ez dira gutxi bolatxo biribil gutxiago eta koskortuagoekin ikusten direnak.
Beti emakumeen apaingarritzat joa izanda koilarea baina gizaseme askok ere erabili izan du historian zehar: herri indigenetako gizonak, Ekialde eta Egiptokoak. Europan, ohore-dominak salbu, XV. mendean eten zen joera hori. Baina modak askotan errepikatu egiten dira. Edota kutsu berri bat hartzen dute. Zinemaldian ere ez da lepokorik falta. Gurea beltza da eta batzuk kendu ezinik edota kendu nahi ezinik eramaten dugu soinean. Moda kontua?
Pelikula edota ekitaldietan sartzeko lepokodun akreditazioa zintzilik dugula ibiltzen gara. Batetik bestera. Egun guztian ez dugu soinetik kentzen.Ezta,‘gela horretara’joateko ere. Bazter guztietara eramaten dugu. Goizetik gauera. Baita aisialdian ere. Soinean daramagun arroparen osagarria bailitzan, nahiz eta askotan konbinazioa apainurruti samarra izan. Izango dira ohera berarekin sartzen direnak ere. Gero harritu egiten gara “hara, hor doa xelebre koadrila hori!” esaten diguten bakoitzean.
Bide batez, non sartu ote dut nirea? A, betiko lekuan dago. Lepotik zintzilik. Non bestela?