"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hasiera batean pelikula honek agure baten bizimodu bakartia besterik ez digula erakutsiko ematen badu ere, metrajea aurrera doan neurrian ohartuko gara mezu sakonago bat ere baduela, norberak bere bizitzari nahi duenean eta nahi duen eran bukaera jartzeko eskubidearen aldekoa, hain zuzen ere. XXI. mendean gaudelarik, harritzekoa da heriotzaren inguruko eztabaidak tabu izaten jarraitzea, nahiz eta Europako herrialde batzuetan aurreratuago egon.
Denok pentsatu dugu inoiz zeinen bakarrik geratzen diren zaharrak, nola ikusten duten beren lagunen eta familiartekoen heriotza, beren mundua nola desagertzen den. Horretaz guztiaz hitz egiten du Miika Soini-ren film honek, eta pentsa liteke gai hau aukeratuta emaitza aspergarria izanen dela, baina ez da hala gertatzen, eta ez da hala gertatzen, beste gauza batzuen artean, zinegileak badakielako zer kontatu nahi duen eta nola, asmatu duelako zahartzaroarena bezalako gai triste batean umore ukitu batzuk tartekatzen, eta, azken finean, denongan eragina duen arazo bati heldu diolako, gizakiak aurrean merezi duen ezer ez dagopela uste duenean, etorkizunean sufrimendua eta oinazea besterik ez dagoela ikusten duenean, amaiera jartzeko eskubideari hain zuzen ere.
Thomas anaia bisitatzera joan da xakean aritzeko asmoarekin, baina anaia bere begien aurrean hilko da bat-batean. Ondoren Thomas-en bizimodu bakartiaren lekuko izanen gara, nola begiratzen duen bere sotoko leihatilatik kalera, nola topatuko duen kalean bere belaunaldiko lagun bizi eskasetako bat, bere etxebizitza xumean dituen bisita eskasak eta nolako elkarrizketak dituen parkean beste agure batzuekin. Hainbat egunetan elkarrekin hitz egin ondoren, jakinen du parkeko solaskideetako bat ezagutu zuela aspaldian, eta horrek Thomas-i buruzko datu garrantzitsu bat emanen digu. Egun batean, etxera itzultzean zozketa batean irabazi duen sari absurdoa topatuko du atean. Badirudi ordurako erabaki garrantzitsu bat hartua duela.
Kaurismaki anaien pelikulak gogoan, Miika Soinirena ikusi ondoren esan liteke, desberdinak izanagatik ere, ezagutzen ditugun film finlandiarrek xarma berezi bat dutela, beren itxura hotzaren atzean umore eta epeltasun bereziak izkutatzen direla, hain triste diruditen pertsonaia horien barrenean alaitasun bitxi eta ia sekretu bat aurki daitekeela.
M.B.