Azken hiru hamarkadetan zine britainiarrak eman duen lanik berezi, mardul eta hausleena landu du Terence Daviesek fikziozko lau film luzeekin soil-soilik, bi autobiografikoak –Distant Voices, Still Lives (1988) eta The Long Day Closes (1992)- eta beste bi bereak ez diren materialetan oinarrituak –The Neon Bibble (1995), John Kennedy Toolen nobelaren arabera, eta The House of Mirth (2000), Edith Whartonen liburuaren adaptazioa-; hiru film labur bere haurtzaro eta nerabezaroko esperientzietan ere oinarrituak –Children (1976), Madonna and Child (1980) eta Death and Transfiguration (1983)- eta Of Time and the City (2008) izenburua duen dokumental egin berria, Liverpool, bere jaioterriaren iragan eta orainaren inguruan.
Eskola dokumentalistaren eraginak batzuetan arakatu badaitezke ere, Humphrey Jenningsen konpromiso poetikoarekin gehiago John Griersonen estilo zuzen eta egiatiarekin baino, eta baita free cinemaren alde nabarmenarekin –batez ere bere hiru film laburretako amorruan pilatua, 1984az geroztik The Terence Davies Trilogy izenburupean elkartuak-, egia esan Daviesek igarotako zine britainiarrarekin berehala eten zituela loturak eta, Mike Leighekin izandako ertzdun bat etortze melodramatiko bat edo beste salbu, ez du aldi honetako zuzendari ingelesekin ere inolako batasunik egin (Frears, Jordan, Greenaway, Loach), nahiz eta egia den, belaunaldi arazoengatik, uharteko zine garaikidearen sail madarikatuan kokatua izan dela Derek Jarman eta Sally Potterrekin batera.
Soinuaren erabilera (pubetan abesturiko kantak, irratsaiozatiak, gramofono zaharretako diskoak, elkarrizketak eta irudiak sekula ikusten ez ditugun Hollywoodeko pelikuletako jatorria duten melodiak) ezaugarritu izan dute Daviesen lana eta memoriaren arima-itzultzearen bilaketa etengabea zehaztu du, entzundako musiken arabera bizitako iraganaren balorazioa, kontakizun lineal klasikoarekiko haustura, indibidualtasunetik kolektiborako aldatze irmoa, plano-sekuentziaren inguruko lanak eta melodramaren tratamenduak Daviesen zinea zer nolakoa den ere primeran erakusten dute. Agian autorearen ikusentzunezkoaren kondentsazioaren adibiderik argiena Of Time and the City izan daiteke, garai bateko Liverpoolen inguruan egiten duen erretratua da, non egiten duen garai bateko Liverpooleko erretratua, bere Liverpool, eta egungo Liverpool, oztaozta ezagutzen duen hiria, egonarriz bilatu eta topatutako irudiartxiboetako elkarketa emankorretik landua izan da; euskarri gisa hartutako erabilitako kantak, kontrapuntua, komentario edo zirkuitu-labur hunkigarria; aipu literarioak (Daviesek T.S. Eliot zein Douglas Sirk, Ingmar Bergman edota berrogeita hamargarren belaunaldiko Hollywoodeko musikalak biziki maite ditu) eta zuzendariaren berezko ahots ozentasuna, berezko eskubidez, demiurgo narratzailearen irudia bere gain hartzen duenean.
Bere filmografian zehar, Daviesek bere burua ikusten ez duen mundu baten aurrean bere harridura gogora ekartzen du, aitaren hutsa eta zorigaitza, amaren suhartasun sentibera, eguneroko errituak (bere kasuan zinea, berarengana ikusle miraritua bezala jotzen zuen, eta kanta tradizionalak, bereekin entzun eta kantatzen zituenak), bere izaera sexualarengatik pairatzen zuen isolamendua, bakardadea eta deserrotze soziala. Zuzentzen hasten zenean, bere irudiak arras gordinak ziren, haserrezkoak, amorruz beteak. Distant Voicesez geroztik, nazioartean ezagutarazi zuen filma, bere haurtzaroko oroitzapen bortitzenak indargabetu eta sentsualtzera iritsi zen (musika edota zelaitik kanpoa medio). Hau bezalako film gutxik erakusten dute hain buruargitasun eta tentsiorekin era berean maitatzen eta gorrotatzen den aitaren irudiarekiko anbibalentzia. Egokitzapen literarioaren bidea hartu duenenean ere, bere berezko eskarmentuarekin trukagarriak diren pasarteak hautatu ditu, The Neon Bibblen bertsioan ageri den bezala, bere filma autobiografiko etengabearen beste adibide bat. Edota La casa de la alegriari dagokionez zine britainiarrean hain errentagarria den, James Ivory eta bere akolitoen bidez, barne-huts, apaingarri eta estutasunik gabeko egokitzapen literarioa haserrarazten jakin izan du.
Quim CASAS