"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Susú Pecorarok Argentinako Arte Dramatikoko Kontserbatorio Nazionalean ikasi zuen eta laster antzerkian, zinean eta telebistan hasi zen lanean, interpretazioaren hiru arloetan ibilbide aparta osatuz.
Zineman, Miguel Antínen Allá lejos y hace tiempo lanean egin zuen debuta, 1977an. Eta honen segidan, Mis días con Verónica (Néstor Lescovich, 1979), Señora de nadie (María Luisa Bemberg, 1981), El arreglo (Fernando Ayala, 1982) eta Camila (María Luisa Bemberg, 1984), azken honekin lehenbiziko arrakasta handia erdietsiz, atzerriko film onenaren Oscarrerako hautagai izan baitzen.
Sergio Renánek zuzendutako Tacos altos (1985) burutu ondoren, txaloak ugari jasotako beste pelikula bat egin zuen, Pino Solanasen Sur (1987), 1988an Veneziako Urrezko Lehoia irabazi zuena. Bere hurrengo antzezpenak Los amores de Kafka (Beda Docampo, 1988), ¿Dónde estás amor de mi vida que no te puedo encontrar? (Juan José Jusid, 1992), Las cosas del querer II (Jaime Chávarri, 1994), Historias clandestinas de La Habana (Diego Musiak, 1997), Roma (Adolfo Aristarain, 2003), Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zena, 18-J (Alejandro Doria, 2004) film laburra eta Cara de queso (Ariel Winograd, 2005) izan ziren.
Susú Pecoraro Argentinako antzerki-aktore garrantzitsuenetakoa da, 1975ean hasita karrera zabala osatu eta honako mugarri gailenak dituena: Carlos Rivasek zuzendutako Tennessee Williamsen Iguanaren gaua (1995), Mick Gordonek zuzendutako Patrick Marberren Closer (1999-2000), Lía Jelínek zuzendutako Monólogos de la vagina (2002), Manuel González Gilek zuzendutako Porteñas (2003), eta La duda (2006), Carlos Rivasen zuzendaritzapean.
Gainera, Argentinako aktore ezagunenetako bat bihurtu duten telebistako arrakasta handien protagonista izan da.
Susú Pecorarok sari ugari jaso ditu bere ibilbide profesionalean. Aspaldi gabe, 2004 eta 2005. urteetan, Roma filman eginiko lanagatik jasotakoak (Habanako Latinoamerikar Zinema Berriko Jaialdian, Clarín saria, Argentinako Zine-kronisten Elkartearen Zilarrezko Kondorra, Tandil Zinemaldikoa, Espainiar Zinemaren Jaialdiarena Frantzian) eta azkenik, Argentinako Aktoreen Elkarteak eta Argentinar Nazioaren Senatuak 2007an emandako Jarduera Ohoragarria saria.