"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Espido Freire Bilbon jaio zen 1974ko uztailaren 16an, familia galego baten baitan. Musika ikasi zuen umetatik, eta lehen nerabezaroan kantu ikasketak egin zituen, bere lehen literatur idatziak ere garai hartakoak direlarik.
Ingeles Filologian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta bertan ere Testuen Edizio eta Argitalpen diploma eskuratu zuen. Unibertsitatean zebilela, hainbat literatur lantegietan jardun zuen, literatur sormenaren pedagogiara eraman zuena, eta hainbat aldizkari sortu eta koordinatu zituen.
Espidoren estreinako eleberria Millepage saria eskuratutako Irlanda (1998) izan zen. Urtebete geroago Donde siempre es octubre (1999) argitaratu zuen.
1999an, Planeta saria irabazi zuen Melocotones helados lanarekin; aipatu saria bereganatutako idazle gazteena bilakatu zelarik.
Primer amor (2000) saiakera idatzi ondoren, nobelagintzari ekin zion La última batalla de Vincavec el bandido (2001) eleberriarekin, orain arte gazteentzako idatzi duen lan bakarra, honen segidan NH Kontaketak saria irabazitako El tiempo huye (2001) ipuin-liburua idatzi zuen; baita Aland la blanca (2001) poema-liburua eta Diabulus in musica (2001) nobela ere. Berak sortuak dira, halaber, bi kontakizun liburu: Cuentos malvados (2003) eta Juegos míos (2004), eta Cuando comer es un infierno (2002) eta Querida Jane, querida Charlotte (2004) saiakerak, Jane Austen eta Brontë ahizpen bizitzari eta lanari buruzkoak.
Nos espera la noche (2003) lanarekin Donde siempre es octubre nobelarekin hasitako trilogiari jarraipena eman zion. 2005ean, Raúl del Pozorekin batera, La diosa del pubis azul eleberria idatzi zuen.
Argitaratu duen azken lana, Mileuristas, la generación de los mil euros saiakera, 2006ko urrian kaleratu zen.
Bere azken eleberriak, Soria Moria izenburukoak, 2007ko Ateneo de Sevilla saria irabazi du eta 2007ko urriaren erdi aldera argitaratuko da.
Idazle emankorra izateaz gain, hainbat komunikabideetan kolaboratzaile gisa dihardu. Aurten, Cadena Ser, El Mundo egunkaria, Cuatro, Romantic&Chic eta Paramount Comedy-n aritu izan da. Gaur egun, Onda Cero, Yo Dona, ADN egunkaria eta Psychologies aldizkarian kolaboratzen du.