72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Sail Ofiziala
Sail Ofiziala
Inaugurazioa (lehiaketa barruan)
David Cronenberg
AEB - Erresuma Batua - Kanada 
99 min.
Errusian jaiotako Nikolai misteriotsu eta karismaduna, Ekialdeko Europako krimen antolatuaren familia boteretsuenetako baten txoferra da. Errusiar jatetxe garesti baten jabe xarmagarria izan arren, bere irribarrearen atzean izaera bortitz eta hotza ezkutatzen duen Semyon buru duen familiaren suertea kolokan dago Kiril haren seme buruarinaren erruz, Nikolairi bere aitari baino kasu gehiago egiten baitio. Alabaina, Nikolairen bizimodu zuhurra bat-batean aldatuko da Londresko ospitale batean emagin diharduen Anna ezagutzen duenean. Anna hunkituta dago oso erditzerakoan hildako nerabe batengatik, eta haren familiaren bila hasiko da hark errusieraz idatzita utzitako egunkarian oinarrituz. Egunkarian arakatzean, Annak nahi gabe mafiosoen haserrea piztuko du.
Wayne Wang
AEB - Japonia 
83 min.
Shi jn., Pekingo alargun bat, bere alaba bakarrari, Yilani, bisita egitera doa AEBetara. Yilan dibortziatu berri da eta trantze horretatik ateratzen lagundu nahi lioke. Shi jn. Yilanek senarra berreskuratu eta bere bizitza berregin dezan erabakita dago, baina dibortzioaren zergatiaz galdetzen dion aldiro hark elkarrizketa saihesten du. Harrituta, Shi jn. hirian barrena ausartu da eta Irango Iraultzatik ihesi joandako Madam adineko andrea ezagutuko du. Elkarrekin ongi konpontzen dira, harik eta Madamen semeak ama zaharren egoitza batera bidaltzen duen arte. Madamek ezagutarazi dizkion kontuei nahiz Yilanekiko haserrealdiari aurre eginez, egoera horretarako gertu ez zegoen Shi jn.-k gauzak diren bezala onartuko ditu azkenik, Yilanen jarrera, kostata bada ere, ulertzera iritsi arte.
Nick Broomfield
Britainia Handia 
93 min.
2005eko azaroaren 19a, Haditha, Irak. Matxinatu irakiarrek amerikar marineen konboi bat bonbardatu dute, tropako ofizial estimatuena akabatuz. Galera honengatik asaldatuta, marine gazteek mendeku basati bat gauzatuko dute. Etxeen miaketa bortitza 24 pertsonen sarraskiarekin bukatuko da, horietako asko emakume eta haurrak, kontrolaezina gertatzen ari zaien gerra bateko hildako tragikoak. Marineak ere biktimak dira: erasotuak, zaurituak eta bere heziketaren araberako erantzuna ematera behartuak. Baina gauzak abiada bizian eta izugarrizko presiopean gertatzen direnean, balen bidean dauden marineak hilketaz salatu al daitezke?
Hana Makhmalbaf
Iran - Frantzia 
81 min.
Talibanek suntsitutako Budaren estatuaren azpian, oraindik milaka familia bizi dira. Baktay, sei urteko neska afganiarra, eskolara joan dadin adoretu du bere kobazulo aurrean alfabetoak irakurtzen dituen bere bizilagunen semeak. Eskolara bidean doala, anker antzean jolasten ari diren mutil batzuk erasotuko dute, inguruan duten gizarte bortitzaren isla. Mutikoek Baktay harrikatu nahi dute, Budaren modura suntsitu edo amerikarrek kobazuloen labirintoan egin zuten bezalaxe tirokatu. Oztopo hauek gainditu eta bere ama hizkuntza ikasteko gauza izango al da Baktay?
Simon Staho
Danimarka 
94 min.
Annak aktore izatea du amets. Bere familia dirudunari deus esan gabe, Kopenhagera doa bere asmo sekretua gauzatzen saiatzera. Haatik, halabeharrak ustekabe galanta emango dio: Anna haurdun dago eta neska bat erdituko du. Bere alabari behar duen guztia emateko gogor borrokatu arren, aldi berean aktore bihurtzeko bere ametsa eta alabari maitasunez eta segurtasunez beteriko ingurunea ematea lortzen ez duenez, bai berarentzat bai bere alabarentzat zoritxarreko ondorioak izango dituen ekintza bat burutuko du etsi-etsian.
Alastair Fothergill, Mark Linfield
Erresuma Batua - Alemania 
99 min.
Eguzkia gidari dugula, munduan zeharreko bidaia epiko baterantz abiatu gara. Arktikoan hartz polarren familia bat udaberriko lehen argiekin esnatzen da. Janaria aurkituko al dute urtzaldia hasi aurretik? Mundu erdi bat bestaldera, elefante eme batek eta bere kumeak eremuko ur eskasa lehoi-talde harro batekin partekatu beharko dute. Elkarri erasotu gabe iraungo al dute? Geure bidaiaren azken partean, bale konkordun baten atzetik goaz. Bere kumea babestu beharko du Antarktikarainoko 6.000 km-ko migrazioan. Arnasik gabe utziko gaituen bidaia harrigarri hau goi-definizioko kamera berrienekin dago filmatua bidaia ahaztezin bat sortzeko, lau urtaroetan eta geure planetan bizirik irauteko eguneroko borrokan barrena. Sekula ikusi gabeko paisaje sinestezinetatik geure izaki basati kutun eta zaputzen bizitzetako xehetasun barne-barnekoetaraino.
Lehiaketatik kanpo
Paolo Barzman
Kanada 
95 min.
1945ean, Parisko kanpoaldean kokaturiko Drancy kontzentrazio-eremuan atxikitako Jakob Bronski disidente gazteak bi ume hartu ditu bere babespean, Melanie eta Christopher. Berrogei urteren buruan, ustez Drancytik Auschwitzera eraman eta bertan akabatu zuten Jakob, orain gizon edadetua dena, bizirik dagoela jakingo du Melaniek. Berehala Jakob berarekin eta bere familiarekin Kanadako beraien etxaldean bizitzera gonbidatuko du. Melanieren ezusterako, Jakob Chistopherrekin azalduko da, eta biek elkarrekin benetan batzen dituen loturari aurre egin beharko diote. Iragana orainaldian lehertuko da amodiozko istorio samur eta ustekabeko moduan, beren bizitzak eta inguruan dituztenenak aldatuz.
Anahí Berneri
Argentina 
93 min.
?Aktorea naiz?, halaxe ikusten du Erni Levierrek bere burua. Jakin badaki bere urterik onenak atzean geratu direla. Buenos Airesko apartamentu batean, bera vedette protagonista izandako B serieko pelikulen horma-irudiz betetakoan, bizimodu harrigarriro arrunta du, adin ertaineko gizon batekin harreman zoriontsu eta erosoa dauka, begi publikoan irauteko web orri bat sortzen duen bitartean? baina bere iloba Anaren hamabosgarren urtebetetzerako gonbidapena jasotzen duenean, Ernik bere jaioterrira itzultzea erabakiko du. Anarentzat, gauza berriak ezagutzeko sasoia da. Ernirentzat, bere sustraietara itzultzea zaila gertatuko da.
Hans Weingartner
Alemania - Austria 
129 min.
Rainer telebista-ekoizle arrakastatsuak ez du ezer falta: sekulako soldata du, luxuzko teilatupe bat, automobil puska eta egundoko neska-laguna? Goia jo du telebista-saio ergel eta txatxuei esker. Harik eta egun batez, Pegah misteriotsuak bere autoa harenaren kontra bete-betean jotzen duen arte. Halako esperientziak Rainerren bizitza irauliko du eta telebista-katearen prime-timerako saio zentzudun bat ekoiztea bururatuko zaio. Bere saio berriaren ikusle-kopuru eskaxa ikusirik, Rainerrek bere lana utziko du programarik ergelenak gehien ikusitakoen artean mantentzen dituzten audientziak neurtzeko sistemak ikertzeko. Rainer, Pegah eta beren lagun berriak ikusle-kopurua neurtzeko kalkuluetan konspirazio bat dagoela frogatzera erabakita daude, aitzitik kateko exekutiboek ez daude hainbeste urtetan lortutakoa besterik gabe uzteko prest?
Mi-jung Kim
Hego Korea 
113 min.
Dontzeila batek bere burua urkatu du jauregiko barrutian. Autopsia egiten dionean, Chun-ryung emakumezko mediku inperialak neska hil egin dutela susmatu eta kasua ikertzen hasiko da. Justiziaren zentzu handiz eta jakituriaz beterik, Chun-ryungek ausardiaz ezagutaraziko ditu engainuak, baina laster iraganeko ezkutuko kontu bati aurre egin beharko dio, berak uste baino askoz botere gehiago duten horiek isilean gorde dutena.
John Sayles
Estatu Batuak 
123 min.
1950eko Alabama landatarrean, Honeydripper Lounge izeneko taberna baten jabe den Tyrone piano-joleak bere aretoa hondamenetik salbatzea espero du garaiko blues gitarrista ospetsuena kontratatuz, Guitar Sam. Irrikaz espero den emanaldia baino egun pare bat lehenago hain juxtu, Sonny gitarrista gaztea helduko da herrira lan bila, Tyroneri laguntza eskatuko dio baina sheriffak berau atxilotu eta kotoi biltzera bidaliko du. Kontzertuaren eguna iristean, musikaria ez da agertuko behar lukeen trenean. Tyronek bere zoria aldatzeko aukera bikain hori galdu nahi ez badu konponbide bat aurkitu beharko du nahitaez, taberna hondamenditik salbatu eta musika aro berri bat zabaldu ahal izateko.
Manuel Poirier
Frantzia 
97 min.
Malo, hiru umeen aita, dibortziatzeko zorian da. Lagun batzuekin bidaian dihoala, salgai dagoen basetxe xarmant bat halabeharrez aurkitu eta hau bisitatzea erabaki du. Etxe barruan, neska batek bere aitari aspaldi idatzitako eskutitz bat aurkituko du. Hunkituta eta zer egin ez dakiela, Malok etxearen jabeak aurkitu nahiko ditu: beren haurtzaroko etxea familiarenzat gordetzeko gai ez diren hogeita hamar urte inguruko bi ahizpa. Malo Chloérekin maitemintzen da, etxeari lotuagoa dagoen ahizparekin. Berehala etxea enkantean jarriko dutela jabetu eta berau erostea erabakiko du neskaren ametsa betetzeko?
Icíar Bollaín
Espainia 
95 min.
Inés, konpainia multinazional bateko langileen artean infiltratutako detektibea, lan-azpijoko baten muinera heldu da. Baina bere ikerketak erabaki sentimental eta etiko korapilatsu batekin aurrez aurre ipiniko du. Evak, amatasun-baja baten ondoren lanean hasi berri denak, ahal bezala uztartzen ditu lana eta familiako bizitza, Iñaki bere bikoteak harremanaren etorkizunerako funtsezkoa izan litekeen zerbait ezkutatu diola jakin duenean. Carmenek, hiruretan eskarmentu handiena duenak, Sergioren bikote-hondoratzea ikusi eta grabatzen du, bere ezkon-bizitza ere usteltzen ari dela jabetu gabe. Lanean diharduten Valbuenako agentziatik zaintzaren hiru profesionalok maiz gainditzen dituzte besteen intimitatearen mugak, haatik, inork ez ditu trebatu euren sekretu propioei aurre egiteko.
Esteban Schroeder
Uruguai - Txile - Argentina 
97 min.
Pinocheten erregimenak egindako krimenekin zerikusia izan dezakeelakoan, nazioarteko justizia atzetik dabilkion Berríos izeneko txiletar kimikari baten bahiketa ikertzen ari da Julia Gudari abokatua Uruguaien. Arrasto guztien arabera, Berríos militar uruguaitarren babespean legoke, honek lekuko gisa deklaratu dezan eragoztearren. Diktadura uruguaitarra bitartean bahitua eta torturatua izan zen Juliak bere aita Gudari jeneral erretiratua Berríos kasuan sartuta ez ote dabilen beldur da, eta militarra ere baden bere anaiak informazioa ukatuko dio. Presio eta mehatxuen erdian, Juliak ulertuko du egia jakin nahi badu, bere iragana berraztertu beharko duela bere zauriak sendatu eta beldurrak gainditzeko.
Christopher Zalla
Estatu Batuak 
98 min.
Juanek eta Pedrok Mexikoko inmigratzaile ilegalak New Yorkera daramatzan trailer batean ezagutzen dute elkar. Pedrok Juani bere amak hil aurretik sekula ezagutu ez zuen aita aurkitzeko hark emandako eskutitz itxi bat erakusten dio. Bere lagun berriari Diego bere aita aspaldi New Yorkera joan zela kontatzen dio eta jatetxe bateko jabe aberatsa bihurtu dela. Pedro Brooklynera eraman dituen kamioiean esnatu da. Han ez da inor geratzen, bere fardela eta aitaren gutuna helbide eta guzti desagertu egin dira. Bien bitartean, Juanek Diegoren atea jotzen du eskutitza erakutsiz, Pedro, bere semearen lekua hartuz. Egunak, lan egin beharrean, Diegoren etxebizitza arakatzen ematen ditu haren ondasunen bila. Egunetik egunera, Pedro Diego aurkitzeko, eta Juan dirua topatzeko gero eta gertuago egongo dira.
Gracia Querejeta
Espainia 
113 min.
Ángela eta bere seme Guille hiri handira doaz neskaren aita eta mutikoaren aitona den Leo bat-batean gaixotu delako. Iritsi orduko, Leo hil berri da. Charok, hildakoaren maitaleak, aitaren negozioa hondamen hutsa dela jakinaraziko dio Ángelari: zazpi billar-mahai ilaran dituen lokala, alegia. Charoren ustez lokala saltzea litzateke zorrak kitatzeko irtenbide bakarra. Handik gutxira, Ángelak bere senarra egoera nahasi samarrean desagertu dela jakingo du. Gertaera mingarri horretatik abiatuta, Ángela aurrera ateratzen eta bere bizitza berregiten tematuko da. Eta lehen erabakia bere aurrezkiekin zazpi mahaidun lokal zaharra berriz ere martxan jartzea izango da.
Pang Ho-Cheung
Hong Kong 
94 min.
Tsim, Hong Kongeko polizia batek emakumezkoen bainugelan bideo-kamera bat erabiltzeagatik atxilotu duten Kwan izeneko gizonari ohizko aitorpena hartzen dionean, honek gizonak suntsitzeko emakume-elkarte baten mundu mailako konspirazioaren frogak biltzen ziharduela dio. Jimek ezin du jakin Kwanek zigorrari ihes egin nahi dion edo konspirazioaren teoria zentzugabe hori benetan sinesten duen; baina Kwan bere aitorpenaren frogekin desagertzen denean, Jim erakunde hori egiazkoa dela jabetuko da, eta ez hori bakarrik, gizarteko maila guztietan infiltratuta dagoela, baita polizian ere. Berak jakin gabe, Cheung bere emaztea ere taldeko kide izana da, baina Tsim maite zuelako utzi zuen. Arrastoak aurkitzeko irrikitan eta norekin fidatu ez dakiela, Tsimek Pun, Kwanen emazte ohia, zaintzapean jarriko du, eta elkarrekin harreman sutsu batean endredatuko dira, erakundeak honen berri izango du, ordea. Cheungek zer egingo du orain, taldeak haiekin berriro bat egin dezan eskatzen dionean?
Paul Auster
Frantzia - Espainia - Portugal 
93 min.
Martin Frost idazle arrakastatsuak liburu bat argitaratu berri du bolada batez landetxe batean erretiratzea erabaki duenean. Lehenbiziko goizean Frostek esnatzean emakume misteriotsu eta liluragarri bat bere aldamenean etzanda ikusi du harriturik. Haren edertasunaz eta adimenaz txundituta, Martin emakumearekin erabat itsutu da eta bere eleberririk onena idazten lagunduko diola pentsatu du. Nor da bere bizitza eta obra hain ongi ezagutzen dituen emakume hori? Benetako musa izango al da? Bere irudipen hutsa ote? Martin Frosten barne bizitzan sartu den mamua ote da bera?
Lehiaketatik kanpo
Klausurako filma
Michael Radford
Erresuma Batua - Luxenburgo 
108 min.
Laura Quinnek London Diamond Corporation-en dihardu, 1960ko Londresko diamante enpresa garrantzitsuenean. Laura bere lanarekin batere pozik ez dagoen exekubibo saiatua da, enpresan nagusi den matxismoak bere karreraren bilakaera oztopatzen baitu. Hartara, Hobbs jaunarekin elkartuko da, mantenimenduko enplegatu ozpinduarekin, bizitza osoa enpresarentzat lan egin ondoren traizionatuta sentitzen denarekin. Biak elkarrekin gaizki tratatu dituen konpainia horren aurkako lapurreta perfektua prestatuko dute, plan akatsgabea.
Lehiaketatik kanpo
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: