Liv Ullmannek (Tokio, 1938) ibilbide bizi eta zorrotza garatu du, hala aktore nola zuzendari moduan, bai europar zineman nahiz antzerkian ere. Bere naturaltasunaz eta bere aurpegi adierazgarriaren indarraz gizakiaren konplexutasun osoa adieraztea lortu du, eta Ingmar Bergman maisuaren zineman oso garrantzitsua izan da, harekin aritua baita ondoko pelikuletan: Persona (1966), Vargtimmen (Otsoaren ordua, 1968), Skammen (Ahalkea, 1968), Viskningar och rop (Garrasiak eta xuxurlak, 1972), Scener ur ett atkensapp (Senar-emazteen eszenak, 1973), Ansikte mot ansikte (Aurpegiz aurpegi, 1975), The Serpent’s Egg (Sugearen arrautza, 1977), Höstsonaten (Udazkeneko sonata, 1978) edo suediar zuzendariaren azken filman, Saraband (2003). Horrez gain, Bergmanen gidoiak moldatu ditu zuzendari gisa egindako bi pelikuletan.
Halere, Liv Ullmannek beste zuzendari askorekin egin du lan. Jan Troellen Emigranteak (Utvandrama, 1971) eta Lurralde berria (Nybyggarna, 1972) diptikoan Kristinarena egin zuen, 1973an emakumezko aktore onenaren Oscarrerako izendapena bereganatuz, honako proposamena errepikatuko zuelarik Ingmar Bergmanen Aurpegiz aurpegi (Ansikte mot ansikte) lanarekin. Bost aldiz izan da Urrezko Globorako hautagai, 1973an Emigranteak filmarekin lortuko zuena. Bere antzezpen handietako batzuk zine historikoari –Pope Joan (Joana ama santua, 1972), The Abdication (Abdikazioa, 1974)–, eta dramari –Mosku adio (Mosca addio, 1987), Epaiketa ezezagun bati (The Rosegarden, 1989)– eman dizkio.
Liv Ullmann Londresen antzerkia eginez trebatu zen aktore moduan. Debuta Stavanger-eko (Norvegia) Rogaland antzokiko agertokian egin zuen eta film batean lehen papera, berriz, 1957an. Antzerkian, Liv Ullmannek makina bat protagonista antzeztu ditu Norvegian, Suedian, Londresko West Enden, Australian, Los Angelesen nahiz Broadwayn. Bere antzezteko moduaz esan dute, “lurreko edertasuna eta artifiziorik gabeko antzezpena” uztartzen dituela. Haatik, azken urte hauetan gero eta gutxiago agertzen da eszenatokian nahiz pantaila handian, arreta gehien bat gidoien idazketan eta zuzendaritzan jarri baitu.
1992an, bere lehen film luzea idatzi eta zuzendu zuen, Sofie, Montrealgo jaialdian hiru sari bereganatuz. Kristin Lavransdatter filma zuzendu zuen gero, gidoia idazteaz ere arduratu zelarik, Sigrid Undseten eleberri-sorta ospetsua zinemara egokituz. SVT Drama-rekin elkarlanean 1996an hasi zen, Ingmar Bergmanen gidoiarekin Private Confessions zuzendu zuenekoan. Private Confessions filmak zinema nahiz telebistako sari ugari jaso zituen. 2000an, Ullmannek Faithless zuzendu zuen, hau ere Ingmar Bergmanek idatzia.
Liv Ullmann UNICEFen “Borondate oneko enbaxadore” izan da 20 urtez. Halaber, beste hainbeste urtez izan da munduko errefuxiatuen alde diharduen International Rescue Committee (IRC) batzordeko presidenteorde. 1976an, bere lehen liburua idatzi zuen Changing biografia, Espainian Senderos izenburupean argitaratua. 1984an, Choices idatzi zuen, Espainian Valladolideko Zinemaren Asteak Opciones izenburuarekin argitaratu zuena. Liburu biak hogeita lau hizkuntzatara itzuli dituzte.
1988an Liv Ullmannek Emakumezko Antzezpen Onenaren Donostia Saria jaso zuen, Cipe Linkovskyrekin erdibana, Jeannine Meerapfelen La amiga - Die Freundin filman jokatutako paperagatik.
Liv Ullmanni omenaldi gisa, Donostia Zinemaldiak berak zuzendutako lau film luze emango ditu: Sofie (1992), Kristin Lavransdatter (1995), Enskilda samtal (Aitormen pribatuak, 1996) eta Trolösa (Fildeltasunik eza, 2000), baita haren bizitza hizpide duen Edvard Hambroren Liv Ullmann-scener fra et liv / Liv Ullmann-Scenes from a life (1997) dokumentala ere.
Horrez gain, Ingmar Bergman maisuarekin egindako azken filmak, Saraband, amaiera emango dio Sukar Izoztua sailari.