Estatubatuar zinema garaikideak eman duen izar handietako bat da Richard Gere (Filadelfia, 1949), aldaberatasun handiko aktore, galai klasiko handien ildoa jarraitu du, arrakasta handiko zinema eta zuzendari pertsonalagoekin eginiko lanak naturaltasun osoarekin txandakatuz.
Gere bere ospea eta antzezpen-gaitasuna berrituz joan da bere ibilbidea sasoi bakoitzean: bere belaunaldiko aktore onenetakoa eta karismatikoenetakoa bihurtu zuten lehen pelikuletatik, Yanks (Yankiak, 1979), American Gigolo (1980) eta An Officer and a Gentleman (Ofizial eta gizon prestu, 1982), Pretty Woman (1990) filmaren arrakasta itzelera edo urteen joan-etorrian erakutsi duen erregistro aldaeretara, adibidez, thrillerrean: Final Analysis (Azken analisia, 1992), Primal Fear (Oinarrizko beldurra, 1996), Unfaithful (Desleiala, 2002); abenturan: First Knight (Lehen zalduna, 1995), komedian: Runaway Bride (Emaztegaia ihesi, 1999); drama erromantikoan: Autumn in New York (Udazkena New Yorken, 2000) edo musikalean: Chicago (2002), honekin aktore onenaren Urrezko Globoa irabaziz.
Horrez gain, zuzendari handienetako batzuekin ere aritua da: Robert Mulligan –Bloodbrothers (Odol bereko anaiak, 1978)–, Terrence Malick –Days of Heaven(Zeruko egunak, 1978)–, Francis Ford Coppola –Cotton Club, 1984–, Sidney Lumet –Power, 1986–, Akira Kurosawa –Hachi-gatsu no kyôshikyoku (Abuztuko rapsodia, 1991)–, Mike Figgis –Internal Affairs (Barne arazoak, 1990) eta Mr. Jones (1993)– edo Robert Altman – Dr. T. and the Women (T doktorea eta emakumeak, 2000)–.
Donostia Zinemaldira Lasse Hallströmek zuzendutako The Hoax (Egundoko maula) filma dakar, zeinean Howard Hughsen biografo izandako Clifford Irving idazlea antzezten duen, Alfred Molina eta Marcia Gay Hardenekin batera. Gainera, udazken honetan beste bi pelikula estreinatuko ditu. Lehenbizi, gerraosteko Bosnian bi kazetarien istorioa kontatzen duen The Hunting Party filmeko protagonista izango da. Honez gain, Bob Dylanen bizitza eta abestiak zazpi pertsonaien bidez kontatzen dituen I’m Not There filman ikusi ahal izango dugu. Cate Blanchett, Christian Bale eta Heath Ledger ere antzeztaldeko partaide direla.
Pantailatik kanpo, Gere piano-jole eta konpositore aditua da. Halaber, proiektuen garapenean eraginkorki parte hartzen du eta Final Analysis (Azken analisia), Mr. Jones eta Sommersby filmen produktore exekutibo ere izan da.
Dalai Lamaren ikastun eta lagun, Gerek azken 20 urteotan maiz bidaiatu du India, Nepal, Zanskar, Tibet, Mongolia eta Txinara, eta argazkilari gisa jardun du eskualde hauetan.
1997an Little, Brown and Company-k argitaratutako Pilgrim bere lehen liburua, budismoan sakontzen emandako hogeita bost urteak irudikatzen dituen argazki-bilduma da. Dalai Lamaren hitzaurreaz, antzinako mundu espiritual honen gaineko Geren ikuspegi pertsonala eskaintzen du.
Giza eskubideen defendatzaile nabarmena delarik, Tibetek Txinaren okupaziopean bizi duen tragediaren gainean arreta erakartzen lagundu du Gerek. Gere Foundation erakundearen fundatzaile moduan, osasun-heziketako eta giza eskubideen aldeko hainbat proiektutan esku hartzen du, eta Tibet bera nahiz mehatxatutako bertako kultura ezagutzera emateko konpromiso irmoan dihardu lanean. Fundazioak, halaber, Dalai Lamarekin nahiz erbesteko tibetar komunitatearekin zuzenean kolaboratzen du, eta Tibeteko herriaren kultur biziraupenari laguntza ematen dio. 1987an, Gere New Yorkeko Tibeteko Etxearen presidente sortzaile izan zen, eta hura 1991n utziz gero, egoitza Washington D.C.-n duen Tibeten aldeko nazioarteko kanpainaren Zuzendaritza Batzordeko partaide dugu, 1996an aipatu batzordeko presidente bihurtu zelarik. Gerek Tibeteko ordezkari moduan jardun du ondoko erakundeen aurrean: AEBetako Senatuaren Kanpo Harremanen Batzordean, AEBetako Senatuaren Giza Eskubideen Taldean, Europako Parlalamentuan, eta AEBetako Kongresuaren Giza Eskubideen eta Nazioarteko Operazioen Azpilantaldean.
Gaur egun, Gere bere emazte Carey Lowellekin eta bien semearekin, Homerrekin, bizi da New Yorken.
Richard Gereri omenaldi gisa, Lasse Hallströmen The Hoax (2006) filma eskainiko da Zabaltegiko Perlak atalean.