"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
José Saramago Azinhagan, Portugalen jaio zen, 1922ko azaroan, baina bere bizitzako urte gehienak Lisboan eman ditu, bere gurasoak arrazoi ekonomikoengatik bertara emigratu baitzuten. Ogibidez, sarrailagile, mekanikari, administrari, itzultzaile, literatur kritikari eta editore izan zen. 23 urterekin eleberri bat idatzi zuen, baina esateko gauza handirik ez zuela erabaki, eta hurrengo 20 urteetan ez zuen besterik argitaratu. Beranduago, helduaroan, poesia idatzi zuen, bidaia-liburu bat (Viagem a Portugal), antzerkia, eta azkenik, nobela 60 urte betetzera zihoanean, beste batzuk erretiroan pentsatzen duten adin berean. Levantado do chão (1980) argitaratu zuenetik, ez dio sekula erregulartasunez idazteari utzi, bere estilo berezi eta urratzaileaz, gai ezberdinei ekinez, betiere irakurlearen imajinarioan kokatuko den ezinezko batetik abiatuz.
Saramagok Iberiar Penintsula Europatik bereiztu du, hildako Fernando Pessoa bizirik den Ricardo Reis bere heteronimoarekin elkarrizketan jarri du, Jesukristok botereaz eta erruaz gogoeta egitea eta Jainko aspergarri baten asmoei ihes egitea lortu zuen, hiri bateko biztanle guztiak itsu bihurtu zituen, edo hiri bateko, agian hiri bereko, biztanle guztiak boto zuria eman zuten aurrekaririk gabeko herritartasun handia erakutsiz. Une hauetan, haur eta nerabe zeneko bere oroitzapenak idazten ari da.
40tik gora hizkuntzatara itzuli dute eta ia munduko herrialde guztietan argitaratu dituzte bere liburuak. Azio Corghi italiar musikariarekin batera hiru operen egile ere bada, Alemanian, Milan eta Portugalen estreinatu direnak. Bere eleberrietako batzuk pantailaratu dituzte edo hori egitekotan dabiltza, nahiz eta Saramagorentzat literatur diskurtsoak eta zinematografikoak ez duten bat egiten, bide paralelotatik bait doaz.
1998an Literaturako Nobel Saria jaso zuen.
Ezkerreko militante, duintasunez bizi ahal izateko mundu ezberdin baten beharra dutenen ahotsarekin bat egiteko prest dago beti. Bere buruaz zera dio: “Zenbat eta zaharrago, libreago, zenbat eta libreago, erradikalago”.