Jeanne Moreau frantses aktorea bere lanaren originaltasunagatik bere garaia haragitu eta gainditu duen aktore bakarrenetakoa da.
Jeanne Moreau 1928ko urtarrilaren 25ean Parisen jaio zen. Bere aita Anatole Désiré Moreau, Montmartreko bistro baten jabe zen. Bere amak, Kathleen Sarah Buckleyk Lancashire, Ingalaterra, hamazazpi urterekin utzi zuen Folies-Bergèren dantzan aritzeko. Comédie-Française eta Théâtre National Populaire-ko kide bezala bere talentua landu ostean, 50eko hamarkadan Moreauk frantses literatur egokitzapen ugaritan bigarren mailako rolak antzeztu zituen, baita policiers eta séries noires delakoetan (detektibe eta kriminalei buruzko nobelak). Garai honetako bere lau film apartenak honakoak dira: Jacques Beckerren Touchez pas au grisbi (1955), Jean Drévilleren La reine Margot (1953), Edouard Molinaroren Le dos au mur (1957), eta Louis Malleren Ascenseur pour l’échafaud (1957).
1958an Malleren Les amants pelikularen estreinaldiarekin mundu zabaleko ikusleek erakargarritasuna, pena, gogaitasuna eta gaztetako arduragabetasuna adierazteko aktore paregabea ezagutu zuten. François Truffauten muse inspiratrice, Frantses Nouvelle Vagueren aintzindari bihurtu zen, Truffaut, Malle, Jacques Demy, Jean-Louis Richard eta Roger Vadimekin kolaborazio estuan. Jules eta Jim pelikulako Catherine enigmatikoa gogoan daukagu, Truffauten “bizitzaren eta heriotzaren omenezko ereserkian”.
Jeanne Moreauk zuzendariak aukeratzen ditu, ez pelikulak. 60ko hamarkada bere belle époque izan zen, zinemako erraldoi askoren pelikuletan protagonistarena eginaz, Orson Welles, Luis Buñuel, Michelangelo Antonioni, Jean Renoir, Joseph Losey, Peter Brook eta Tony Richardson, kasu. 70 eta 80ko hamarkadan Marguerite Duras, Carlos Diegues, André Téchiné eta Rainer Werner Fassbinderrekin kolaboratu zuen. 1992an Emakumezko aktore onenaren Zesar bat, Frantziako Oscarra, irabazi zuen La vielle qui marchait dans la mer (1991 lanagatik eta geroagoCharles Sturridgeren A Foreign Field (1993) filmaren protagonista izan zen Alec Guinness, Lauren Bacall eta Leo McKernekin batera.
Orson Wellesek bultzaturik, Moreauk 1976an zuzendaritzari ekin zion kritikak saritutako Lumière filmaz, lau emakumeren arteko harreman intimoei buruzkoa. Hurrengo urtean, Simone Signoret zuzendu zuen L’adolescente filman.
Jean Moreauk jasotako sari eta aitzatespenen zerrenda ikaragarria da. Batzuk aipatzekotan: 1960an Cannesko Jaialdian Emakumezko aktore onenaren saria Moderato cantabile filmagatik; Florentziako Jaialdian omenaldia eta atzera begirakoa (1985); Emakumezko aktore onenaren Molière saria Le récit de la servante Zerline (1988) filmagatik; Veneziako Urrezko Lehoia 1992an bere jardunbide osoagatik; Aktore Onenaren Cesarra La vieille qui marchait dans la mer (1992) lanagatik; New Yorkeko MoMAko Atzera begirakoa (1994); Ohorezko Zesarra (1995); The British Academy of Film and Television Arts-ek emandako Fellowship; Europako Zine Akademiak bere jardunbide osoari emaniko Saria (1997); Academy of Motion Picture Arts and Sciencies (1998) delakoaren Ordaina, Akademiak nazioarteko aktore bati eman dakiokeen sari handiena; Créteilgo Jaialdiko Omenaldia (1999); Berlingo Jaialdiko Urrezko Hartza bere jardunbide osoari (2000); Cannesko Jaialdiko Ohorezko Palma (2003); eta nola ez, 1997an Donostiako Zinemaldiak eman zion Donostia Saria.
Frantziako golardo ofizial gorenak ere baditu: Commandeur des Arts et des Lettres, Officier de l’Ordre National de la Légion d’Honneur eta Commandeur de l’Ordre National du Mérite. Frantziako Arte Ederretako Akademiko Ikus-entzunezkoen Sailean eserleku bat duen lehen emakumea izan da.
Moreauren biografo eta lagun den Jean-Claude Moireauk hala esan du emakume honen gainean: “Hark aktore gisa egindako bidea ereduzkoa izan da benetako zuzentasun sakon bat izan baitu beti oinarritzat. Metamorfosirako bere dohain naturalak agertoki eta pantaila baten gaineko bere ezaugarriak benetan den emakumearekin uztartzen ditu. Bere aurpegia hain da hunkigarria eta malgua ezen ez diozula sekula etiketa bat jarri ahal izango. Jeanne Moreauk bere bihozberatasun apartari esker hunkitzen gaitu”.