"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zaila da Apocalypse Now gogoratzea Kurtz/Brando nagusi den amesgaiztoko eszenatokia oroitzerakoan ikara sentitu gabe; edo Hankek eta Frannyk abestu eta dantza egiten duten One From the Heart-eko (Bihotzetik sortua) irudipenezko dekoratuak samintasunez oroitu gabe. Ametsen arkitekto batek asmatutako espazio magikoak dira. 1932an Massachusettsen jaio arren, haurtzaroa eta nerabezaroa Los Angelesen igaro zituen, Hollywoodeko estudioen gerizpera. Arkitektura eta pintura ikasketak arte-eskola desberdinetan burutu zituen eta Disney Estudiotan hasi zen storyboarden marrazkilari gisa.
1967an, Arthur Pennek hots egin zion Bonnie and Clyde-ren zuzendaritza artistikoaz ardura zedin. Hiru urte geroago, Pennek berriro deitu zion Little Big Man-eko (Gizon txiki handia) Mendebalde galdua asmatu zezan. Alabaina, 1972an The Godfather (Aitajauna) maisulanaren filmaketan Francis Ford Coppola ezagutzeak zehaztu zuen bere sormen-ildoaren norabidea. The Godfather Part II (Aitajauna II) eta The Conversation (Elkarrizketa) pelikulek, biak 1974koak, elkarren arteko lankidetza finkatu eta euren sormen-erronka handienari aurre egiteko prestatu zituen: Apocalypse Now (1979); odisea vietnamdar horretarako Tavoularisek amesgaiztoko erresuma bat sortu zuen oihanaren erdian. Francis Ford Coppolaren ondoan, Tavoularisek maila gorenera eraman du espazio magikoak sortzeko gaitasuna.
Dean Tavoularisen ustez, dekoratu batek ikusi, ukitu eta sentitu daitekeen gauza fisikoa izan behar du. Bere lanak benetako arkitektura iragankorrak dira; berdin dio laku bazterreko etxe bat; oihanean dagoen hondakin bat, edozein hiritako kale bat izatea; kolore bakoitzak, objektu bakoitzak eta xehetasun bakoitzak zehatza izan behar du pelikulak eskatzen duen giroa lortzeko.
Bere filmografia ez da txantxetakoa. 1967tik 2001era bitarte, hogeita hamarretik gora filmetan aritu da, Oscarretarako bost izendapen jaso ditu, behin irabazita, Aitajauna II.arekin alegia, eta estudio baten barruan nahiz naturan eszenatoki harrigarriak sortzeko gauza den magoa bihurtu da. Berarekin lan egin duten zuzendarien zerrenda sekulakoa da: Michelangelo Antonioni (Zabriskie Point, 1970), Wim Wenders (Hammet, 1982), Warren Beatty (Bulworth, 1998), Roman Polanski (The Ninth Gate - Bederatzigarren atea, 1999).