"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
1964an Palermon (Sizilia) jaiotako aktore italiarra. Haurtzaroa eta nerabezaroa Sirakusan igaro zituen, munduko antzoki greko famatuenetako baten itzalera. Agian horregatik antzerki klasikoak gazte-gaztetatik liluratu zuen. Instituto Nazionale Dramma Anticon antzezpena ikasi eta geroago Centro Sperimentale di Cinematografian sartu zen. 1988an, Antonello Grimaldik zuzendutako Nulla ci può fermare pelikulan agerraldi labur bat egin zuen. Orduz gero, antzerki agertokitan, telebista-platotan nahiz zineko filmaziotan jardun du. Telebistan lan egin du, besteak beste, Josée Dayannekin Les misérables (Miserableak, 2000) eta Paolo Bianchinirekin Posso chiamarti amore? (2004).
Antzerkiko lehen arrakasta handiak 1990ean lortu zituen Umberto Marinoren Volevamo essere gli U2, bi urte geroago Andrea Barzinik zinera egokituko zuena, eta 1993an Amos Gitairen Metamorfosi di una melodia antzezlanekin. 1992an, Gianni Amelio ezagutu zuen Il ladro di bambini-ren filmaketan, Cannesen aurkeztu eta Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuena. Ordura arte, Lo Verso antzerkiko aktoretzat zutenez, ustekabea izan zen Ameliok Antonioren papera egiteko aukeratu izana, bi ume Milandik Siziliara eraman behar dituen karabinero inozoarena egiteko. “Enrico Lo Verso pertsonaiaren xalotasuna igartzeko gai izan da”, esan zuen zuzendariak, harekin beste bi alditan jardungo zuelarik: Lamerica (1994), Veneziako Mostran estreinatutako isilpeko inmigraziori buruzko dokumentu bat, Europako Film Onenaren Felix saria Ameliorentzat, eta Così ridevano, 1999ko Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia eskuratutakoa, zeinean 50eko hamarkada bukaeran Turinera emigratutako gazte siziliarrarena egiten duen.
Lo Versok, halaber, Ettore Scola (Mario, Maria e Mario, 1993); Ricky Tognazzi (La scorta – Eskolta, 1993); Gerard Corbiau (Farinelli, 1994); Pasquale Squitierirekin, hiru alditan: Il colore dell’odio (1990), Atto di dolore (1991) eta Briganti! (2000); Giovanni Maderna (L’amore imperfetto, 2001); eta Vito Zagarriorekin (Tre giorni di anarchia, 2003) egin du lan. Bere azken antzezpenak izan dira: John Irvingen The Grooming (2004), Josh Evansen Che (2005), Fidel Castrorena eginaz Eduardo Noriegarekin batera; eta Agustín Díaz Yanesen Alatriste (2005), Alatristeren arerio Gualterio Malatesta haragituz.