"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Paco Hoyos Salamancan jaio zen 40ko hamardadako amaieran, baina haurtzaro eta nerabezaroko urteak Buenos Airesen eman zituen, kultura eta zinema oinarrizko ziren giro batean. 1976an, Espainiara itzuli zen antzerki ekoizpengintzan eta musika-kontzertuen sustapenean aritzeko, 1984an Cinecompany banatzailearekin zine-munduan hasi aurretik. Paco Hoyos Espainian egile zinema sortu zuen banatzaile aitzindarietako bat izan zen, zuzendari berri eta ezezagunen aldeko apustua egin zuen, inortxo ere horretan arriskatzen ez zen garaian.
Pelikula onak antzemateko bere sena oso goiz esnatu zitzaion. 1982an, Yol erosi zuen Urrezko Palma irabazi aurretik; 1983an, Shohei Imamuraren Narayamako balada lortu zuen, eta 1985ean, Emir Kusturicaren Aita negozio-bidaian dago, biak ere Cannesen irabazle izandakoak. 1993 eta 1998 bitartean, Cannesko Urrezko Palma guztiak lortu ahal izan zituen, Pulp Fiction izan ezik.
Zuzendariak ezagutarazteko sen horrek urteetan bizirik iraun zion. Hark banaturiko filmeei begiratu besterik ez dago bertan Espainian ikusitako honako zuzendarien lehendabiziko filmak daudela ohartzeko, Lars von Trier, Atom Egoyan, Peter Greenaway, Patrice Leconte, Shohei Imamura, Wayne Wang, Chen Kaige, Tod Haynes, Quentin Tarantino edo Tran Anh Hung, klasikoen berreskuratzea ahaztu gabe, Jean Vigoren L’Atalante, Abel Ganceren Napoléon kasu, edota betiereko zuzendarien aldeko apustua, John Hustonen The Dead (Dublindarrak) edo Godarden Nouvelle vague.