"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
1931. urtean Lourenço Marquesen (egungo Maputo) jaio zen, Mozambike Portugalgo kolonia zenean. Borroka politikoan gogotsu parte hartu zuen, arrazakeriaren aurka eta independentziaren aldeko mugimenduetan, 19 urterekin bere herrialdea utzi zuen arte. 1952-54 artean, Pariseko IDHEC-en zine ikasketak burutu zituen eta, hantxe, kamera eta zuzendari laguntzaile bezala lan egin zuen. Batik bat zuzendari bezala ezagutzen badugu ere, Ruy Guerra, era berean, muntatzailea, argazki zuzendaria, ekoizlea eta aktorea (Werner Herzogen Aguirre, der zorn Gottes, 1972) da. Estilo ezberdinak landu dituen arren, bere filmek zapalkuntza eta esplotazio sozio-ekonomikoa estetika berri batez adierazten dute. Toki askotan filmatu du, baina gehien bat zine brasildarrarekin erlazionatzen dugu, Cinema Novo deritzonaren aitzindarietakoa baita. Guerraren lehen film luzea, Os Cafajestes (1963), mugimendu horretan arrakasta komertzial bitxietako bat izan zen. Bere beste bi film, Os Fuzis (1964) eta Os Deuses e os Mortos (1970), zine brasildarraren sortzailetakotzat hartuak dira. 70eko hamarkadaren amaieran, Mozambikek independentzia lortu ondoren, bertara itzuli zen, Mozambiketar Zinemaren Institutu Nazionalaren sorreran parte hartzeko. 80ko hamarkadan, berriz, gai politikoen tratamendu erradikala baztertu eta oso estetika eder eta helburu komertziala zuten hiru film zuzendu zituen: Ópera do Malandro (1985), Chico Buarqueren lana egokitzen duen komedia musikala, A Fábula da Bela Palomera (1987), Gabriel García Márquez Nobel Sariaren lanean oinarritutako amodiozko istorioa biltzen duen film historikoa, eta Kuarup (1988), zine brasildarrak emandako ekoizpen erraldoi gutxietakoa, Antonio Calladoren eleberriaren egokitzapen txundigarria. Zineaz gain, Guerrak zenbait antzezlan idatzi eta zuzendu du, eta abesti herrikoien hitzak konposatu ere. Gaur egun Río de Janeiroko Gama Filho Unibertsitateko Zine Eskolako zuzendaria da. Bere egitasmo berriena Mala hora luzea da, aurtengo Donostiako Zinemaldian Zinema Eraikitzen 6 sailean aurkeztuko dena.