"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Politikoki zuzena den pentsamolde bakarreko garai honetan, aldarrikatutako berdintasun hori ezeztatzen duen film sorta sailkatu dugu. Historian zehar zenbait zinegilek ezarritako ordena zalantzan jarri dute, gizarte honen bidegabekeriak kritikatuz, edota bere mito eta tabuei argi eta garbi barre eginez. Horiek omentzen ditugu.
Ziklo honetan eskainiko ditugun filmen aukeraketa, noski, kapritxozkoa da. Beste film batzuk hauek bezain baliagarriak izan zitezkeen. Bertsio ofizialek defendatutako ikuspuntuaren aurkakoa adierazteagatik ustekabean hartu zuten filmak gogoratzen ditu ikusle bakoitzak. Gure irizpidea, bere garaian asaldatzeaz gain gaur egun ere euren mezu nahaskorra mantentzen duten filmak aukeratzea izan da. Marx anaien Duck Soup-ek, adibidez, duela 70 urte politikari barre egin zion, eta egun, gerraren kirtenkeriaren aurkako iraingarri eroa izaten jarraitzen du. Buñuelen L´age d´or bezala, 1930ean gizabanakoa mugatzen duen burgesia baten printzipio moralen aurka jo zuena. Edota Mae West ospetsua, lodikote ninfomana bitxiaren okertasuna oraindik galdu ez duena...
Film gehienak duela urte gutxikoak dira, egun modan dauden zuzendari batzuen lanak, tartean. Adibidez, Michael Moore ziztatzailea (Roger & Me) edo Peter Jackson irudimentsua (Meet The Feebles). Sail honek genero guztiak hartzen ditu: Jean Pierre Sinapiren (Nacional 7) umore beltzetik hasita, telebistarako egindako Don´t Drink the Water ezezagunean funtzionari-egitura erraldoien kaskarkeriaren aurka ageri zen Woody Allenen ironiara, eta tartean, Luis G. Berlangak El sueño de la maestra bere azken film txikian adierazi zuen anarkismoa; Cecilia Bartoloméren (Margarita y el lobo) aldarrikapen feminista, Zine Eskolako ikasketa amaierako praktika-lanean; South Park marrazki bizidunek gizarteaz egindako satira; egun ezinezkoa dirudien Almodóvarren (Pepi, Luci, Bom…) lehen probokazioa; britainiar patxadatsuak kristautasunaren jatorriaren bertsio barregarri baten zerbitzura (La vida de Brian), eta berriro Buñuel handia, Simón del desierto amaitu gabearekin zenbait kristau mitoei barre egin ziena...
Beste adibide batzuk: Tim Roth aktoreak intzestu zikin bat erakutsi zuen kameraren atzean egindako saiakera bakarrean, hau da nazioarteko hainbat jaialditan saritutako The War Zone. Stephen Frearsek, Prick Up Your Ears filmean, maitaleak hil zuen Joe Orton olerkariaren bizitza kezkagarria bildu zuen... Eta horrela, maisu handiek sortutako beste kronika “oker” pila: Claude Chabrol, Pier Paolo Pasolini, Ulrich Seidl, Todd Solondz, David Cronenberg, Iván Zulueta, Danny Boyle, François Ozon, Lars von Trier, Alex Cox, John Waters, Dusan Makavejev, Jean Vigo, Marco Ferreri, Laurel eta Hardy ahaztu gabe, euren anbiguotasun dibertigarriarekin, eta Dick laburra, non emakume erlaxatu batzuk gizonezkoen organoari maltzurkeriaz barre egiten dioten...
Mota askotako filmak biltzen dituen aukeraketa, beraz, zinea moralkeria nagusia alde batera uzteko eta okerraren lehen lerroan jartzeko gai dela gogorarazten diguna.