"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Basilia Mirtha Ibarra Collado Habanan jaio zen 1946an. Mirthak Kubako Iraultzaren lehen zatian ikasi zuen aktore ogibidea. Habanako Arte Eskola Nazionalean graduatu zen eta letratan lizentziatu zen Habanako unibertsitatean.
Irlako antzerki talde garrantzitsuenetako eta esanguratsuenetako kide izan da, hala nola Teatro Estudio, Teatro Bertolt Brecht, Teatro de Arte Caribeño eta El Público taldeetakoa. 2000. urtean arrakasta izugarria izan zuen berak idatzi eta antzezturiko Obsesión Habanera lanarekin. Gainera, zuzendarikide ere izan zen lan horretan.
Zineman eta telebistan ere lan egin du, gehienetan protagonista roletan, eta lan horiengatik sari garrantzitsu ugari jaso du nazioartean. Tomás Gutiérrez Aleak 1983an zuzenduriko Hasta cierto punto lanarekin egin zen ezagun, eta horri esker ere Habanako nazioarteko zinema jaialdiko Coral Sari Nagusia jaso zuen.Gerardo Chijonaren Adorables mentiras (1992) lanarekin Damascoko zinema jaialdiko saria jaso zuen. Nazioarteko arrakasta Fresa y chocolate (1994) eta Guantanamera (1995) filmekin iritsi zitzaion, biak ere Gutiérrez Aleak eta Juan Carlos Tabíok zuzendurikoak. 1993an aktore gonbidatu gisa parte hartu zuen, Tomás Gutiérrez Alea zuzendariarekin batera, Oscar sarien ekitaldian, sari horretarako proposaturiko Fresa y chocolate filmarekin.
Senarra, Tomás Gutiérrez Alea, hil ostean, 1996ko apirilean, Mirtha Ibarrak Kuba eta Espainian lan egiten jarraitu du eta honako film hauetan parte hartu du: Antonio Betancourten Mararía (1998), Fernando Colomoren Cuarteto de La Habana (1999), Albacete eta Menkesen Sobreviviré (1999), Vicente Molina Foixen Sagitario (2001), Roberto Santiagoren Ruleta (1999) film laburra eta Silvia Muntek telebistarako zuzenduriko Quia (2001) filma.
2002an Televisión Españolako La verdad de Laura telesaileko protagonista izan zen. Adierazitakoaz gain, Juan Carlos Tabíok zuzenduriko Aunque estés lejos (2003) eta El cuerno de la abundancia (2008) filmetan ere parte hartu du.
Ospe handiko hainbat zinema jaialditako epaimahaikide izan da: Donostia, Los Angeles, Valladolid, Huelva, Gramado (Brasil), Providence (AEB) eta Habana, beste batzuen artean.
2007an Tomás Gutiérrez Alea. Volver sobre mis pasos liburua argitaratu zuen. Tailerrak eta hitzaldiak egin ditu Latinoamerikako eta Europako hainbat unibertsitate eta erakunde espezializatutan. Bestalde, Titón, de La Habana a Guantanamera dokumentala zuzendu eta gidoia egiten lagundu du. Dokumentalak Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean parte hartuko du Tomás Gutiérrez Alearen omenaldi gisa lehiaketaz kanpo egingo den saio bikoitz berezian.