72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Agustí Villaronga, Lydia Zimmermann, Isaac P. Racine
Espainia - Mexiko 
94 min.
1981ean, Aro Tolbukhin hungariarra Guatemalako Jainko Erredentorearen misioko erizaindegian zazpi pertsona bizirik erretzeagatik atxilotu zuten. Atxiloketaz gero, Aro Tolbukhinek beste bost emakume hil eta haien gorpuak erraustu zituela aitortu zuen. Halaber, merkataritza-itsasgizon aritu zen hamabost urteetan haurdun zeuden beste hamazazpi emakumeen hilketak egotzi zizkion bere buruari. Ikerketa judizialean, oraindik argitu gabe zeuden kasu hauen txostenak aztertzerakoan, inkoherentzia franko aurkitu ziren, Tolbukhinek behin eta berriz bere buruari leporatzen zizkion krimenen autoretza zalantzan jarriz. Hiltzera zigortu zuten. Exekuzioa gauzatu baino lehenxeago bi dokumentalgile frantsesek elkarrizketatu zuten. Material horretan oinarrituz, pelikula pertsonaian eta honen jokabidearen arrazoietan sakontzen ahalegindu da.
Paul Schrader
AEB 
100 min.
Bob Crane aktorearen bizitza gorabeheratsu eta heriotz misteriotsuaren kontakizunean datza Auto Focus pelikula. Ederra eta atsegina berau, Cranek ospea erdietsi zuen Hogan's Heroes (1965-1971) telekomedia arrakastatsuari esker. Bere famaz baliaturik, sasoi hartan nagusi zen giro lizunkoian buru-belarri murgildu zen Crane, emakume ugarirekin amodio-aferatan korapilatuz. Azkenik, Crane bere balentriak dokumentatzeko John Carpenter bideo-teknikariarekin elkartu zen, eta elkartze honek, 1978an Scottsdaleko (Arizona) hotel bateko gelan gertaturiko haren hilketarekin zerikusia izan dezake.
Klausurako filma
Danièle Thompson
Frantzia 
91 min.
Eskolako oporren hasiera da eta Parisko Charles de Gaulle aireportuan gaude. Pilotuak greban daude, ordenagailuak ez dabiltza, bidaiariak ezin dute mugitu eta horietako bik izkinaz izkin batean elkarrekin topo egiten dute. Rose makillatzaileak bere sentiberatasuna kosmetikoen geruza lodi baten azpian ezkutatzen du. Azken orduan Mexikorako txartel bat erosi du aspalditik utzi nahi zuen gizonarengandik ihes egiteko. Felix Estatu Batuetan aberastu den exekutibo oldarkorra da. Maiteminduta dagoelako ustean, bere laztanaren bila doa Munichera hegazkineko lehen klasean. Ez bata, ez bestea ez daude, beraz, elkartze baterako aldartean. Alabaina, 24 ordu eskaseko epe laburrean itxuraz elkarrekin zerikusirik ez duten bi gizabanako hauek beren bizitzetako ustekabeko bidaia ederrenean abiatuko dira.
Lehiaketatik kanpo
Carlos Carrera
Mexiko - Espainia - Frantzia - Argentina 
118 min.
Aita Amarok grina kontraesankorrak barne ditu bere baitan. Elizak jende behartsuenarekin duen konpromisoa bete nahi du, ez ditu ordea elizbarrutiaren xedapenak desobeditu nahi. Halaber, Amelia gaztearekin duen harremanari eutsi nahi dio, horrek bere karrerari kalterik egin gabe noski. Amelia maitasun jainkotiarra eta haragizko maitasuna nahastearen adibide argia da. Beste apaiz batek, Aita Benitok, narkotrafikatzaileen limosnak onartzen ditu karitate-lanak egiteko eta Ameliaren ama den La Sanjuanera maite du. Aita Nataliok badaki bere komunitateari elizako agintariei baino lehenago obedientzia zor diola eta mendian gerrilla bat antolatuko du. Beata eta exortzista den Dionisia zaharraren erotasunak erlijioa du oinarri, eta Aita Amaroren konfiantzazko lagun izango da honi dilema ikaragarri bat sortuko zaionean.
Gonzalo Justiniano
Txile - Frantzia 
95 min.
Leyton eta Modesto betidanik lagunak izan diren bi arrantzale dira. Leyton bizizalea da, gauzak etorrri bezala onartzen ditu, eta arazorik gabe gozatzen du unean uneko aukerez, bereziki beren senarrek ?deskuidatu? dituzten emakumeez, eta hortaz, La Caletako pertsonaiarik maitatu eta gorrototatuena da. Modesto, Leytonen konfiantzazko lagun handiena, zeharo desberdina da: lasaia eta maite-historiarik gabea. Denon harridurarako, ustekabean, Modesto Martarekin ezkondu da, amodio-kontuetan eskarmentu handirik gabeko neska eder eta lotsatiarekin. Leytonek Marta erasotzen du, baina honen harridurarako, neskak ez dio txintik ere kontatuko bere senarrari, hartara, itzulerarik gabeko bide batera daramatzan amodio-afera batean endredatuko dira, herrikoen bizitza monotonoa irauliz.
Susanne Bier
Danimarka 
113 min.
Cecilie eta Joachim gazteak dira eta maiteminduta daude. Aurki ezkontzekotan daude eta bizitza osoa aurretik daukate; baina, bat-batean, dena okertu egingo da. Gauzak ez dira bakarrik Cecilie eta Joachimentzat aldatuko, baizik eta baita zoriontsu ezkonduta dauden eta hiru seme-alaba dituzten berrogei urte inguruko Marie eta Nielsentzat ere, Niels Cecilierekin sutsuki maiteminduko baita. Kontua zera da: Niels eta Cecilie maitasunagatik dena uzteko prest ote daude? Gauza bat argi dago: ezer ez da berriro berdin izango.
Farhad Mehranfar
Iran 
90 min.
Nazbanu eta bere seme-alabak Delfak mendiaren gainaldean bizi dira. Udazkena heltzen denean, lurralde hauetan neska irakasle bitxi bat azaltzen da, bertako biztanleei batere konbentzionalak ez diren eskolak emango dizkienak. Naturak inspiratutako eta hari eskainitako kanta bat da pelikula.
Baltasar Kormákur
Islandia - Frantzia - Norvegia 
110 min.
Bere azken egunak somatzen dituen Thodur, familia-buru zahar, beldurgarri eta beneragarriak, berera biltzen ditu seme-alaba guztiak. Eskuartean dituen kontuak konpondu nahi ditu: amaren herentzia eta familiaren negozioa alegia, zeinak arrantzale-komunitate txiki hartako kide boteretsuena bihurtu duen. Agust du itxaropen bakarra, bere seme gazteena, Parisen enpresa-ikasketak egiten eta bere neska-lagun frantsesarekin bizi dena. Honek ikasketak amaitzean, Agust arrain-lantegiaren ardura hartzeko itzuliko dela sinetsita dago Thodur, egun Haraldur seme zaharrenaren eskuetan baitago, harekin ez da erabat fio ordea; baina Agustek etorkizunerako plan zeharo ezberdinak ditu. Badirudi mamuak itzuliak direla, eta senitarteko elkartzea ez da uste bezala gertatuko.
Chen Kaige
Txina 
114 min.
Xiaochunek biolina eusten ikasi zuenetik jotzen du. Orain, 13 urte dituenean, sari ugari jaso ditu eta bere aita sukaldariaren poza eta harrotasuna da, honek itxaropen guztiak bere semearen arrakastan jarri baititu. Ikasketak hiriburuan jarraitzeko ordua heldu da, eta aita-semeak Pekinera doaz bizitzera. Hiri handiak Xiachoun txunditzen du, baino ez Lilik bezainbeste, geltokian ikusten duen neska eta txiripaz, hirian bere bizilagun izango denak. Une honetatik aurrera, Lili bere lehen maitasuna, lehen desamodioa eta bere benetako lehen laguna bihurtuko da. Bestalde, Xiaochuni nazioarte mailan sona emango liokeen irakasle baten bila ekingo dio aitak. Azkenik aurkitzen duenean, honek Xiaochun bere ikasle begikoenarekin, Lin Yurekin, indarrak neurtu ditzan behartuko du. Epaimahai baten aurrean duen emanaldi garrantzitsu baten bezperan ordea, Yu irakasleak bere bizitza betirako aldatuko duen sekretu bat jakinaraziko dio.
Carlos Sorín
Argentina - Espainia 
94 min.
Hiru pertsonaia Patagoniako bide bakartietan barrena doaz. Justo jaunak (80), erretiroa hartu eta bere biltegia semearen eskuetan utzi duenak, etxetik ihes egin du aspaldi desagertutako bere txakurraren bila abiatzeko. Roberto (40), saltzaile bidaiaria, errepide beretik doa kargamendu deseroso batez: alargundu berri den emakume bati elkarrekin bikote iraunkorra osa dezaten eskatzera doa, honen semearen urtebetetzerako daraman kremazko opila aitzakitzat hartuz. Maria Flores (25) bere alaba gaztearekin doa. Telebista saio bateko zozketan irabazle suertatu den oso emakume xumea da eta, saria zertan datzan jakin gabe eta sosik ere ez duen arren, telebistako mundu urrun eta liluragarrira bidaian abiatzea erabaki du. Bakoitza bere kontura doa, bainan euren istorioak gurutzatu egingo dira. Historias mínimas Zinema Eraikitzen ekimenean (Toulouse, 2002ko martxoa) parte hartu izanagatik hautatu dute.
Olivier Dahan
Frantzia 
92 min.
Sylviak 40 urte bete ditu eta Nizan prostituzioa du ogibide. Laurence bere alaba nerabearekin duen harremana bere bizitzaren isla besterik ez da: ekaiztsua, etsipenez betea, itxuraz itxaropenik gabea. Gau batez, Laurence bere amaren eta bi gizonen arteko liskar bortitzaren lekuko da. Neska gazteak eztabaidan esku hartzen duenean, gauzak okerrera joko dute. Ama-alabak ihes egitea beste aukerarik ez dute. Alternatiba, kartzela da, edo okerragoren bat. Sylviak Jura-n bizi den bere senar ohiak, Piotrek, laguntza eskainiko diela uste du, harekin seme bat eduki baitzuen. Haren helbiderik ez dauka ordea, eta oroitzapenak hutsalak zaizkio. Joshua ezagutuko dute, iheslari misteriotsu bat, eta Silvyak bere iragananera eta urte batzuk lehenago abandonatu zuen semearen bila bidaia oinazetsuan abiatu beharko du.
Fernando León de Aranoa
Espainia 
113 min.
Aspaldi munduari bizkar emandako iparraldeko kostaldeko hiri bat, industriek inguratu zuten neurrigabe haziaraziz, inmigrazioz eta langilez elikatuz, eta harentzat tximiniez beteriko, ertz eta itxaropenez, deserrotutako etorkizunezko zerumuga marraztu zuten. Gizon talde bat egunero gora eta behera dabil bere kale aldapatsuetan, bizitzeko larrialdizko irtenbide baten bila. Iraupen luzeko beldurra, hilabete bukaerako funanbulistak, baita hilabete hasierakoak ere, sarerik eta ikuslerik gabeko funanbuluak, txalorik jaso gabe, egunero lan ezegonkorraren hari-harian dabiltzanak, euren biziraupena itxaropezko aldamioetan sostengatzen dutenak, euren poz txikiak lubaki, elkarrizketa, ohikeria bihurtzen dituztenak, egunero saihestu nahi duten hondoratze hori beraiena izango ez balitz bezala, beren gauzetaz mintzo eta denetaz eta ezertaz barre egiten duten bitartean, itxaropentsu, lasai antzean, astelehen goiz batez eguzkitan.
Valeriy Todorovskiy
Errusia 
100 min.
Bi gizon eta emakume baten arteko amodiozko istorio erdiragarria. Gizonetako bat unibertsitate-irakasle da eta bestea, berriz, militar ohia. Tragedia berak elkartuko ditu ezagutzen ere ez ziren bi pertsona hauek. Asko ikasiko dute euren buruez eta maite duten emakumeaz, zeinaren heriotzak kasualitatez elkartuko dituen.
Adolfo Aristarain
Espainia - Argentina 
112 min.
Fernando Robles buenosairestarra da, hirurogei urte beteak ditu eta unibertsitatean pedagogia-irakasle da. Nola irakatsi irakasten du. Bizitza osoa darama Liliana Rovira espainiarrarekin ezkonduta, katalanen alaba berau, Buenos Airesko auzo marjinaletan gizarte-laguntzaile gisa lan egiten duena. Elkar maite dute, elkar errespetatzen dute, leialak dira. Ez dira sekula bata bestearekin egoteaz aspertzen, biak bakarrik egotea maite dute. Maitaleak dira, kideak, lagunak, konplizeak. Bata bestea gabe ezin bizi dira. Seme bakarra dute, hogeita hamar urteko Pedro, ezkondua eta bi seme-alaben aita, Madrilen lanpostu ona eta erdi mailako urbanizazio aberats batean bizi dena. Fernando eta Lilianak ahalegin handiz eta etsipenez daramatzate urrunaldiak, gabeziak, etorkizunaren ziurgabetasuna, proiektu-eza, itxaropen galtzea. Baina Fernandoren mundu bare eta gogoetatsua guztiz irauliko du abisurik gabe erretiroa hartzera behartuko duen komunikatu ofizialak, bizitza aldatuko dion gertakaria baita...
Basilio Martín Patino
Espainia 
130 min.
Rodrigo, Lovainako Unibertsitatean oso gaztetatik ihardukitzaile, gerrillari ohia Latinoamerikan, agente sekretu ohia Ekialdeko herrialdeetan, nazioarteko erakundeetan funtzionario ohia, eta abar, gerraosteko mundua garbitzea helburu zuten kausa orotan ekintzaile militante izan zenak bere ideiei buruz gogoeta egin behar du. Utopien ospea belzturik, merkatuen orden globala ezarririk, irailaren 11k sorgin-ehiza eta espioitza areagotu ditu. Rodrigok, bere gehiegikeriatan harrapaturik, berrogei urte lehenago utzitako familiako larre zaharrean babesa hartu beharko du. Klan tradizional zaharretik geratzen den horretara itzulita, bere bizitzako beste nahasmendu pribatuak bere egin beharko ditu. Octavia gazteak, leinuan modu harrigarri batez sartu baita, ulertzen ez dituen arbaso historiko batzuren artean larri eta igartzen den erregresio-errepresio etorkizunaz ezjakin, beste era ezberdin batean eta mundu bizigarri zentzuzko batean bizitzeko bere eskubidea aldarrikatuko du. Ezinezko askatasuna? Fundamentalismo, inkisizio, zalantza-garaiak...
Eoin Moore
Alemania 
102 min.
Laxe polizia berlindar atsegin bat da, besteen bizitza kontrolatzea atsegin duena. Alabaina, berak badu konpondu beharreko arazo larri bat: Manuela bere emazteari ematen dizkion tratu txarrak. Bere emaztea ospitaleratzen duten hamaikagarren aldia denez, Laxek bere burua argitzeko unea iritsi dela eta Walter bere anaia San Franciscon bisitatzera joatea erabaki du. Txikitatik banandu zituzten, amak aita utzi zuenean, eta halabeharrez, Laxeren bisitaldiak indarkeriaz beteriko bien haurtzaroa dakarkie gogora. San Franciscon, Laxek Inga du gogoko, Walterren pisukidea, eta neskari bere bizitza berregiten lagundu nahi dio. Halarik ere, eta Walterren izurako, Laxe betiko portaeraren eskema berean eroriko da atzera ere: Ingaren bizitza gobernatu nahiko du. Laxek azken erronka bati heldu beharko dio ordea, Ingak haurdun dagoela eta aitaren izena aitortu nahi ez duela kontatuko dionean.
Inaugurazioa
Neil Jordan
Erresuma Batua - AEB - Kanada 
110 min.
Bob Montagnet amerikar jokalari eta lapurra Frantziako Hegoaldera heldu da zorterik zein dirurik gabe. Heroinazalea ere bada. Drogak eragindako nahasmenean, Bob seko txoratu da Annerekin, bertako Remi proxenetak menpean daukan Ekialdeko neska batekin. Polizia Remiren joko-etxean sartu, eta Bobek Roger detektibeari bizitza salbatuko dio. Aspalditik harreman berezi batek elkartu ditu. Anne ere Remiren atzaparretatik askatu eta konfiantzazko lagun baten zainpean uzten du. Bobek hondoa jo du geratzen zaizkion azken sosak lasterketetan galdu dituenean, eta orduan, Raoul izeneko gaizkide batek, Monte Carlon azken lapurreta ikusgarri bat egitea proposatuko dio. Heroina utzi orduko, Bobek gaizkile-talde zaharra berregingo du. Segurtasun kontuetan aditua den Vladimirren laguntzaz, Riviera Kasinoaren kutxa gotorra ezezik, arte-lan paregabeak gordetzen dituen ganbara korazatua ere lapurtzeko asmoa dute.
Chatri Chalerm Yukol
Tailandia - AEB 
154 min.
Suriyothai printzesa gazteak bere benetako maitea den Piren izeneko gerlari ausartarekin, edo usadioari eusteko, bera emaztetzat aukeratu duen Tien printzearekin ezkontzea erabaki beharko du. 1529. urtean, Ramathibodi II.a erregearen heriotzaren ostean, Chai Raja printzeak boterea bereganatuko du estatu-kolpe baten bitartez; honen emaztea, Srisudachan, azpilanean arituko da Worawongsa, bere amorantearen mesedetan. Horretarako, Chai Raja pozoituko du; baina mendeko leial talde batek Suriyothai printzesarekin bat egingo du, ezusteko eraso arriskutsu baten bidez, legimititate monarkikoa berrezarri eta Tien Raja errege aldarrikatuz. Suriyothaiek azken adore erakustaldi bat egin beharko du birmaniarrek Siamgo hiriburua, Ayuthaya, indarrez hartzeak eragindako elefanteen batailan.
Lehiaketatik kanpo
Kei Kumai
Japonia 
119 min.
O-Shin neska gazte eta tolesgabeak kostaldeko Okabasho herrixkako burdel batean dihardu, XIX. mendeko Japonian. Halabeharrez maiteminduko da burdelera doan samurai batekin. Kikuno bere ahizpa zaharrenak, maitasunaren kontra ohartaraziko du, hura samuraiarekin ezkontzea nahi lukeen arren. Denbora aurrera doala, O-Shinek Ryosuke ezagutuko du, jota eta kezkatuta bizi den bezeroa, zeinari bizitzaren esanahia eta plazerrak irakatsiko dizkion, elkarren menpekotasunezko eta begirunezko harreman bat hozituz. Berriz ere, arrastoan sartzeko aholkua emango dio Kikunok. O-Shinentzako irtenbiderik ez dagoela dirudienean, sekulako ekaitz batek Okabasho astinduko du, Kikuno eta O-Shin bakartuta utziz. Ordura arte bare zegoen itsasoaren indarrak uholdeka hartuko ditu herriko kaleak eta burdelak. Bi ahizpen nahigabeak marearekin batera desagertuko dira, luze esperotako barealdia atzera itzuliko baita.
Niki Caro
Zelanda Berria 
105 min.
Zeelanda Berriko kostaldeko herrixka batean, maoriak euren burua Paikearen ondorengotzat daukate, bere kanoa irauli ondotik bale batek uharteraino eraman zuen arbasoa baita. Belaunaldiz belaunaldi, maoriek gizonezko bat aukeratu izan dute beti leinuko buruzagi izateko. Oinordeko berria hautatzekoa ordu heldu da, eta arazo bat dago: bikiak jaio dira, mutila eta neska, eta mutila hil egin da. Tribuaren oraingo buruzagia den Koro-k ez du onartu nahi bere biloba Pai buruzagi bihurtzea. Tribuaren ezbeharrak Pai jaio izanaren ondorio direla sinestuta dago Koro, eta neskak Koro munduan beste ezer baino gehiago maite duen arren, bere patua bete dadin aitonaren aurka eta mila urteko ohitura zaharren kontra borrokatu beharko du.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: