"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
"Konforme, saiatuko naiz", hauxe izan zitekeen Suffolken (Ingalaterra), 1942ko urriaren 26an, Bigarren Mundu Gerra bitartean, jaiotako aktore honen bizi-ikurritza. Saiatuko naiz eta lortuko dut. Bob Hoskinsek galaiarena egiteko aproposena ez zen bere itxura fisikoa gainditu behar izan zuen. Baina antzezpenerako bokazioaz seguru zegoen.
Antzerki-aktorea zenez, 70eko hamarkadan eta 80eko hasieran paper txikiak jokatuz noizbehina agertzen zen pantaila handian (Inserts, Zulu Dawn, The Cotton Club, Brazil, etabar.), baina Neil Jordanek nazioartean ezagutarazi zuen, 1986an Mona Lisa izeneko 'call girl' beltz baten aingeru guardakoa bihurtu zuenean, Aktore onenaren saria Cannesen eta Oscarretarako lehen izendapena bereganatuz. Orduz gero, Bob Hoskinsen izenak berebiziko sona dauka Britainia Handiko eta Estatu Batuetako zineman.
Antzezpen gogoangarriak osatu ditu, besteak beste, Sweet Liberty-ko (Askatasun eztia, 1986) gidoilari melengarena, The Lonely Passion of Judith Hearne-ko (Judith Hearneren pasio bakartia, 1987) ezkongai penagarriarena, oso untxi berezi baten adiskide bereiztezinarena Who Framed Roger Rabbit (Nork xaxatu du Roger Rabbit?, 1988) animazioan, edo Smeerena eginez Kizki kapitainaren ondoan. Zuzendari lanetan bi pelikula burutu ditu: The Raggedy Rawney (Aztiaren igarkizuna, 1987) eta Rainbow (1995). Azken urteotan, Bob Hoskinsek pertsonaia gogorragoak antzeztu ditu, Atom Egoyanen Felicia's Journey (Feliciaren bidaia, 1999) lanekoa, kasu.
Iazko Donostiako Zinemaldian Last Orders filman ikusitako Hoskinsek garrantzi handiko pertsonaia historikoak haragitu ditu zinemarako: Nikita Kruschev izan da Enemy at the Gates (Etsaia atarian, 2001) filman, eta telebistan, berriz, Winston Churchill, Manuel Noriega edo Benito Mussoliniren azalean sartu da. Bob Hoskins pozik egon daiteke. Orain dela urte mordoa bere ibilbide profesionala abiarazi zuen esaldiak, bere fruituak eman ditu.