"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
King Kong berriaren desioaren objektu, irinez beteriko sukaldeko mahai gainean eszena sutsua izan zuen Jack Nicholsonekin, eta heriotzaren aingeru perfektua izan zen Bob Fosserentzat. Jessica Langeren hiru agerraldi hauengatik bakarrik, XX. mendeko azken hereneko mitologiaren partaide izatea merezi du. Baina emakume ilehori eta burutsu honek norabide desberdinetatik jo behar izan du zine-industriaren inposizioak onartu gabe bere jardunbidea duin eraman ahal izateko.
1949ko apirilaren 20an, oraindik ere bizileku duen Minnesotako hiri txiki batean sortua, Jessica Lange modelo ederra zen 25 urte zituela Dino De Laurentisek begiz jo eta King Kong-en andregai bihurtu zuenean. Sei urte igaro ziren ilehori altu eta garden honek The Postman Always Rings Twice (Karteroak beti deitzen du bi aldiz, 1981) filman sexuaren funtsa haragitu zuenerako. Pelikula honen arrakastak amets bat gauzatzea ahalbidetu zion: alegia, Frances Farmer aktoresaren bizitza irudikatzea. Izan ere, pelikula honen 1982ko filmaketak bizitza aldatuko zion, bertan ezagutu baitzuen orduz geroztik bere mutil-laguna den Sam Shepard idazle, aktore eta antzerki-egilea. Urtebete geroago, Oscarretarako bi izendapen jaso zituen: Emakumezko aktore onenarena Frances pelikulagatik eta Bigarren emakumezko aktorearena Tootsie filmagatik, paper honekin bere lehen estatuatxoa eskuratu zuelarik. Hauek ez dira Jessica Langek izan dituen izendapen bakarrak, ordea: 1985ean Country filmagatik, 1986an Sweet Dreams (Amets goxoak) pelikularekin, 1990ean Music Box (Musika-kaxa) lanarekin eta 1995ean Blue Sky (Zeru urdina) lanari esker Oscarra bereganatu zuen Susan Sarandon, Jodie Foster eta Winona Ryderren gainetik.
90eko hamarkadan, bere hiru alabez arduratzeaz gain, Jessica Langek arreta handiz aukeratutako filmak antzeztu ditu, hala nola, Cape Fear (Beldurraren lurmuturra, 1991), Blue Sky (Zeru urdina, 1994), Rob Roy (1995), A Thousand Acres (1997) edo Cousin Bette (Bette lehengusina, 1998). Zineko aktore ez ezik, baita antzerkikoa ere, Jessica Langek izendapen eta sari ugari jaso du agertokietan eginiko lanengatik, bereziki Tennessee Williams eta Eugenie O'Neillen dramen eskutik. Azken urte honetan indarberriturik itzuli zaigu zinemara bat bestearen segidan bi filme burutuz, Prozac Nation, Christina Riccirekin, eta Masked & Anonymus, Jeff Bridgesekin. Bere aktore jardunaren bigarren etapari ekiteko zorian dagoela, etorkizun oparoa duen ibilbide profesional eta pertsonala berretsi nahi dio Donostia Sariak.