Carol Reed
Komedia pipertsu-pipertsua. Istorioa, graziaz betea: eskolatik alde egin duen neska koru bateko dantzariekin endredatzen da. Zituen egitasmoei uko egin barik, jakina: Berak gizon aberats batekin ezkondu behar du. Nahitanahiez. Dialogoak beti du esannahi bikoitza film honetan eta neskek inoiz baino arropa gutxiago janzten dute. >
Carol Reed
Beti da plazer berezia Londoneko Petticoat Laneko merkatuan barna ibiltzea. Beti da plazer espeziala Diana Dorsekin topo egitea bertan. Beti da ustekabe mundiala Primo Carnera boxeolaria errepartuan aurkitzea. Eta pelikula izugarria ez bada ere, baditu ikutu miresgarriak. Horrexegatik plazerrez gogoratuko dugu. >
Carol Reed
Zine entziklopedien aburuz, pelikula honek zinegile berria existitzen zelako berri eman zuen. Baita aktore batzuk ere, Margaret Lockwood, esate baterako.. Xumea izan arren, eraginkorra da oso orain ere. Fresku-fresku irauten du eta Daily Telegraphek idatzi zuen legez, "Patuak markaturiko istorioa izatetik fartsa izatera iristen da esfortzurik, enbarazorik gabe". >
Carol Reed
Musikaz gainezka dagoen bihotz bihurriko komedia txoriburu honek neska bat konkistatu afanetan modeloa dela dioen mutil aberats baten mentura eta kalenturak azaltzen ditu. Errepara iezaiozue errepartoari eta teknikarien taldeari. Aktoreen artean, Michael Redgrave. Kamerarekin, Max Greene, eta gidoian, Stephen Clarkson. Britainia Handiko zinemak asko zor die denei. >
Carol Reed
Amadeus eta Equus egin zituenaren antzerki lan arin baten zeluloidezko bertsioa. Atsegina. Bihurria. Amodio eta barrearen nahaste-borraste fin eta mehea. John Barryk sortu zuen soinu-banda eta argazki zuzendaria Christopher Challis dugu. Ez da zine-liburu frankotan agertzen, baina igoal dio, fresku-freskue darrai.>
Carol Reed, Robert Wyler
Zineman zehar, film ugarik izan dute kasik izenburu bera. Hiria, lekua baino ez zen aldatzen. Gunea edo unea. "It happened..." Brooklynen gertatu zen. Edota Atenasen. Edota Hollywooden. Edota Boskarren Hiribidean. Edota Munduko Azokan. Edota hemen. Edota bihar. Edota udaberriro... "It Happened...." Parisen. Parisen izan behar. Zinemako amodiozko kasik istorio guztiak Parisen gertatzen dira. Baita hasiberri berria zen Reedek kontatuko digun hori ere. >
Carol Reed
Filmatxo honek ez du bere xarma galdu. Antigoaleko xarma, bai horixe, baina xarma azken finean. Arinak ditu bihotza eta oinak. Arina kamera. Arinak intentzioak. Gero, denboraren poderioz, H.G.Wellsek idatziriko nobela, Reeden filma, musikala bilakatuko zen Half a Sixpence titulupean. >
Carol Reed
Midshipman Easy-n lan egin zuen talde tekniko ia berak hartzen du parte oraingo honetan. Gidoiaren arduran, Anthony Kimmins aurkitzen dugu, John W. Boylek argitze kontuetan diharduen bitartean. Zine liburuek dioten bezala, dramaz zipriztinduriko komedia hori askotan imitatuko zuten zinemaren historian zehar. >
Carol Reed
Estatu Batuetan, Itsasoko gizonak jarri zioten izenburu. Ez dagokio gaizki. Gidoiaren barruan eta kameraren aurrean itsasoan gaude. 1790 urtean. Marinel gazte eta lirainek gaizkile espainiarren hatzaparretan erori den andrea salbatuko dute adeitasun handiz. Kamera atzean eta kamera aurrean dihardutenak ez dira nolanahikoak. >
Carol Reed
Gilliat eta Launderren gidoia ezinhobea da, abiadura handikoa. Reeden lana, berriz, labana baten altzairua bezain zorrotza. Suspentse handiko filma, non garrantzi eta ospe oneko aktoreak agertzen diren: Rex Harrison, Paul Henreid, Basil Radford. Gaiak espioitza eta gerra diren arren, umorearekin ez ziren ahaztu ez Reed ez eta gidoigile jaunak ere. >
Carol Reed
1946ko Oskarren finalista muntaketa zela medio, egundoko lana burutu zuten teknikariek eta aktoreek. James Masonek pelikula erdia baino askoz gehiago ematen du hitzik esan gabe. 24 urteko Kathleen Ryan burugorriaren esfortzua ere ikaragarria da. Carol Reedek Irlandan aurkitu zuen eta rol honetarako prestatu gogoz, gogor eta fier. >
Carol Reed
Hona hemen, jende frankoren esanetan, zinemak eman duen azken musikal klasikoa. 10 milioi dolarreko aurrekontua izan zuen film hau abestiz gainezka da. Hona hemen famatuenen izenburuak: "Food, Glorious Food", "Consider Yourself", "I´d Do Anything", "Oom-Pah-Pah". Lortutako Oskarren artean, ohorezko bat eskaini zioten Onna Whiteri. Zioa? Asmaturiko koreografia. >
Carol Reed
Sir Alec Guinness beti izango da Sir Alec Guinness, baina kontutan har ezazue konpainia eder eta arriskutsuan dagoela Kuban filmaturiko lan honetan. Hortik agertuko da, kreditu-tituluak bukatu bezain pronto, Noel Coward. Eta pantaila beteko du. Hortik agertuko da, Habanara hurbildu gabe, Londonen, Ralph Richardson. Berariek gehi Maureen O´Harak eta beste askok lan ikaragarri ona egiten dute Reed eta Greeneren esanetara. >
Carol Reed
Joseph Conraden lanak askotan hartu izan ditu ardatz zinemak, Polonian jaio eta ingelesez idazten zituen honen kontakizunek gizakiaren ilunpeak azaltzen baitituzte. Ez ahaztu bere "Heart of Darkness" Apocalypse Now-ren inspirazio iturria izan zela. Reedek ederki erabiltzen du eskuartean duen lehengaia, baina gidoiari errefus egin zioten askok pelikula estrenatu zelarik. Horrexegatik, orain dastatu beharreko aukera honetaz baliatu beharko dugu. >
Carol Reed
Reedek bazeraman bolada luze eta aberatsa Basil Dean ekoizlearentzat lanean, Ealing izen ospetsuko ekoiztetxean. Ealing betidanik eta betirako izango da komedia britainiarraren sinonimoa. Eta Penny Paradise jostagarri eta burbuilaz beteriko Ealing lantegiko eredu peto-petoa. >
Carol Reed
Handi-handiak antzeratzen dituzten artistak beti izan ditu gogoko zinemak. Ez ahaztu, arren, Orson Wellesen Fake hura. Bestaldetik, Hitchcockekin konparatuko dute beti Reed. On Alfredek berak konparazioa ontzat emango du. Are gehiago, El tercer hombre arras miresten zuela aitortu zuen behin baino gehiagotan.>
Carol Reed
Migel Angel, Aita Santua, Raphael maitatua, Julius soldadua, Bramante arkitektoa, Kapera Sixtina... Badira lehengai primerakoak 70 milimetrotan errodaturiko film handi-handi honentzat. Hain dotore ezen 1965eko Oskarretan finalista izan zen honako arlo hauetan: kolorea, argazkia, jantziak, arte zuzendaritza, soinu-banda eta soinua. >
Carol Reed
Finalistak izan ziren 1948ko Oskarretan Graham Greene eta Carol Reed. Finalistak Michèle Morgan dagoen film misteriotsu, periloso honetan eginiko lanagatik. Reedek kontakizun motz ikaragarria oinarri duen filma dotorezi eta suspense handiz garatzen du Georges Périnalen argazkiaren eta William Alwynen musikaren laguntza ederraz.>
Carol Reed
Beste eskola, klase, espezie bateko zinema. Oraingoan, Reedek Agatha Christieren nobela jator haiekin zerikusi franko duen lana eskaintzen digu. Film txikitxo baina sasoikoa, non aktore guztiek beren lana ederki asko betetzen duten. Gidoiak dir-dir egiten du epaiketa iristen den bakoitzean eta errepartoa zineko langile finez gainezka da. >
Carol Reed
Errepartoan, William Holden, Sophia Loren, Trevor Howard, Oscar Homolka. Gidoian, sinboloz beteriko melodrama baten aztarnak, amodiozko istorio baten gakoak, ilunabarraldeko zenbait isla eta gerraren hainbat momentu. Teknikaren aldetik, hutsunik ez, eta oinarria izan zen nobelaren izenburua, "Stella". >
Carol Reed
Oinarritzat hartutako nobelaren izenburua nahikotxo esanguratsua da: "Nobody Loves a Drunken Indian", "inork ez du gogoko indio mozkorra".. Filmak, komedia dirudien arren, baditu barren tragikoak. Estatu Batuetan da filmatua eta ekoiztua, Panavision eta Technicolor sistemetan. Askotan fartsa izan nahi duela ematen du, baina beste askotan argi ta garbi uzten du salaketa dela. >
Carol Reed
Askok diotenez, film honek hotza du bihotza. Ondo dagokio hoztasun hori, ordea, gerra hotzaren barrenetan gaudenez. Askok diotenez, misterioa ez da horren misteriotsua baina igoal dio, Reedek badakielako ustelkeria, barrukoa, kanpokoa, gizakiona, gizartearena, islatzen. Askok diotenez, Reeden dotorezi eta fintasun teknikoak ez du parerik. Horretan ez diote gaizki. >
Carol Reed
Zinema, zinema zenetik, jaio zen kasik momentu berean, izugarrizko propaganda arma bilakatu zen. Ederki zekiten hori Errusiako iraultzaileek. Ederki eta ziztu batean ikasi zuten hori Europa eta Estatu Batuetako agintariek. Bigarren Gerratea hasi bezain pronto, lurralde guztiek ekin zioten zinemaren arma erabiltzeari. Propagandarako. Borrokarako. Informaziorako. Elkartasuna lortzeko. Tokian tokiko ideologia zabaltzearren. >
Carol Reed
Espainian filmatu zituzten pelikularen kanpoko eszenak eta Irlandako Ardmore Studios-etan barrukoak. El tercer hombre-ren argazki zuzendaria izan zen Robert Kraskerrek hartzen du berriro kamera lepoan eta errepartoan Laurence Harvey, Lee Remick eta Alan Bates aurkitzen ditugu. Gidoia ironiaz beterik dago. Filma tentagarria suertatzen da pasarte askotan. >
Carol Reed
Bete-betean sartzen da Reed lan honekin Britainia Handian horren sustrai sendoak dituen zinema mota baten erraietan, mehatzarien, langileen borrokak azaltzen dituen horretan. Erretratu ederrak eta bene-benetakoak lortzen ditu Reedek. Teknikaren aldetik, filmak ez du akatsik. Gaia ez da ez erosoa, ez erraza, baina oso ongi bideratzen dute Reedek eta gidoigileak. >
Carol Reed
Hona hemen Harry Limeren hitzak: "Italian, mendeetan zehar, indarkeria izan zen nagusi. Indarkeria, Borgiatarrak, mendekuak, odola, hilketak... Hala ere, garai haiek Migel Angelenak izan ziren. Leonardorenak. Errenazimentuarenak. Suitzan, berriz, 400 urteko pakea izan dute. Zein da, ordea, Suitzako produktu nazionala? Kuku erlojua". Argazkiaren Oskarra lortu zuen Robert Kraskerrek, Carol Reed finalista izan zelarik. >
Carol Reed, Garson Kanin
Zineman lan egiten zuten ia guzti-guztiek parte hartu zuten zeluloidezko gerran. Carol Reedekin kolaboratzen duen Garson Kanin Hollywoodeko gidoigilerik finenetakoa da. Komediaren erregetako bat. Berak idatzi zituen, Ruth Gordon emaztearen konplizitateaz, Kate Hepburnek eta Spencer Tracyk antzeztu zuten hainbat eta hainbat film kaskarin. >
Carol Reed
Estatu Batuetan Batailoi hilezina batailatu zuten eta barruko muntaketa-lana goraipatu zeharo. Gerrak pakea maite duen jende arrunta nola bultzatzen duen azken mugara azaltzen du filmak. David Niven agertu arren, bigarren mailako rola hartzen du izar dotoreak. Hori dela eta, "divorik" ez dagoelako, eta beste kontu pila direla eta, pelikulak dokumental berdaderoa dirudi. >
Carol Reed
150 baino aktore gehiagok hartzen dute parte Estatu Batuetan sakonki maitatu zuten lan honetan. Hiru gidoigile aritu ziren istorioa zine bihurtzeko ahaleginetan eta kamera kontuetan nor eta Freddie Young maisua dugu. Aldizkariek Robert Donaten lana goraipatu zuten, baina erreparatzeko modukoa da John Millsena, nahiz eta berea rol txikia izan. >
Carol Reed
Trapezioan dabilen arren, Burt Lancasterrek antzezten duen pertsonaia Reeden filmografian zehar aurkitu ditugun eta aurkituko ditugun beste guztien parekoa da, beste guztien anaia. Bere kezketan. Bere dudatan. Bere borrokan. Filmak, koloretan eta Scopen filmatua dagoen arren, badu eremu barnerakoi eta leuna, askok ikusi ez zutena... >