"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Luzea da dagoeneko Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren Donostia Saria jaso duten aktore eta aktoresen zerrenda. Aurten, nazioarteko zinearen antzezlerik karismatikoenetako bat gehituko zaio zerrenda honi, Michael Caine alegia, Sir Michael Caine izendatua orain hilabete gutxi batzuk. Horrez gain, Cainek Errepartoko Aktore Onenaren saria irabazi zuen Oscarretako azken ekitaldian The Cider House Rules (Sagardo etxearen arauak) filmean eginiko lanagatik. Berau izango da irailaren 21etik 30era bitartean gertatuko den zinemaldiaren protagonista nagusietako bat.
Ez da hau, ez horixe, Michael Cainek Donostian jasotzen duen lehen saria, 1996an Aktorte Onenari zegokiona lortu baitzuen Bob Rafelsonen Blood and Wine (Odola eta ardoa) pelikulan eginiko antzezpenagatik. Kursaaleko eszenatokian Donostia Saria jasotzen duenean, aldi hartan bideoz esandako eskerroneko hitzak gogoratu ahal izango ditu aktore ingeles bikainak.
Michael Caine Londresen jaio zen 1933an Maurice Micklewhite izenpean, baina berandu baino lehen Michael Caine deituragatik aldatu zuen oso gogoko zitzaion filme baten omenez: The Caine Mutiny (Caineko matxinada). Jatorriz, Londresko hegoaldekoa izan arren, Maurice txikia berehala konturatu zen aktore izan nahi zuela. 1956an agertu zen lehendabizikoz pantailan, baina ospea hamar urte geroago iritsi zitzaion Ipcress (1965), Funeral in Berlín (Hileta Berlinen, 1967) eta Billion Dollar Brain (Bilioi bat dolarreko garuna, 1967) trilogian Harry Palmer agente sekretu hotz eta bakartiaren pertsonaia egin zuenean. Bere gorpuzkera ondo luzea eta kareizko betaurrekoen atzean ezkutaturiko begi argiak, aski ezagunak ziren J.L. Mankiewiczek bere azken pelikulan Laurence Olivierrekin aurrez aurre jarduteko aukeratu zuenean: Sleuth (Arrastoa). Orduz geroztik, munduko aktore maite eta estimatuenen elitearen partaide izan da Caine. Bere filmografiak berrogeita bost urteko jarduna eta 70etik gora filme barne hartzen ditu. Nabarmentzeko modukoak dira, besteak beste, ondoko lanak: The Man Who Would Be King (Errege izan nahi zuen gizona), Sean Connery handiarekin batera; Hannah and Her Sisters (Hannah eta bere ahizpak), Woody Allenen ohiko pertsonaia horietako bat primeran gorpuztuz, edo The Cider House Rules (Sagardo etxearen arauak) pelikulako Wilbur Larch doktorearen antzezpena.
Bere orain arteko azken pelikula, John Irvinen Shiner filmea, inguru egokia izango da Michael Caineri egingo zaion omenaldiarako. Sail Ofizialean lehiaketaz kanpo proiektatuko den Shiner pelikulak, bere semea den etorkizun handiko boxeolari gazteari esker aberasteko itxaropena duen gizon baten istorioa kontatzen du. Baina, gauzak okertu egingo zaizkie aita-semeari. Billy "Shiner" Simpsonen pertsonaia bere kuttunetako bat dela aitortu du aktoreak: "bizitza osoa igaro dut honelako paper baten zain. Elephant & Castle auzoan hazi nintzen eta zehatz-mehatz dakit paper hau nola antzeztu behar den".