IAN McNAUGHTON
Monty Python Circus telesaileko sketch ezagunenak biltzen ditu. Besteak beste, atarikoa (How Not To Be Seen) eta Dead Parrot, The World's Deadliest Joke, Upper-Class Twit of the Year eta Lumberjack Song izenburukoak azpimarra daitezke.
NANNI LOY
Peppe Erromako lapur-talde bateko burua da. Adiskide batek lapurreta handi batean parte hartzera adoretzen du: Milanen Totocaldiko (italiar futboleko kiniela) apostuen dirua daraman furgoneta ostutzea. Milanen duten konplizea atxilotu egiten dute, eta halere aurrera jarraitzea erabakitzen dute, eta nahiz eta plana oso modu narratsean burutzen duten, harrapakin milioiduna lortzen dute. Erromara itzultzean, maleta geltokiko zaindegian uzten dute, baina lapurretako batek bertatik ateratzen du bazkari eder bat ordaintzeko, eta honen ondorioz ospitalera eraman behar izango dute. Beste lapurrek dirua berreskuratzen dute, baina inork ez du gordetzearen ardura hartu nahi, eta hartara maleta lorategian utzi eta poliziari deitzen diote.
ROBERTO ROSSELLINI
Salvatorek hamar urte igaro ditu espetxean bere emaztearen maitalea hiltzeagatik. Presondegitik ateratzean emazteak beste gizon askorekin engainatu zuela eta senideak bere sineskortasunaz aprobetxatu zirela jakingo du. Orduan, berarentzat dagoen leku bakarra espetxea dela erabaki eta nola edo hala bertara itzultzen saiatuko da. Kartzelan behintzat, jendeak sentimendu zintzoak ditu eta lagun hurkoa errespetatzen dute.
RENATO CASTELLANI
Antoniok bere ama eta bost arreba mantentzeko lan egin beharra dauka, eta gainera eskualdeko piroteknikariaren alaba den Carmela sutsuarekin ezkontzeko aurreztu beharra. Erretoreak sakristau gisa hartzen du eta hileko diru-xoxak Napoliko kaleetan paskin komunistak pegatuz osatzen ditu. Erretoreak horren berri izaten duenean, sakristau postua kentzen dio. Eta hori gutxi balitz, andregaiaren aitak ezkontzea galerazten dio. Carmelak etxetik aldegiten du orduan eta Antoniok neskaren familiari aurre egin diezaion konbentzitzen saiatuko da. Neskaren aitak berriro errefusatzen duenez, Antoniok haren baimenik gabe Carmelarekin ezkontzea erabakiko du.
MARIO MONICELLI, STENO - STEFANO VANZINA
Amerikar karitate-elkarte bateko janari-paketeen banaketa batean, turista batek Ferdinando Esposito ikusi eta ezagutu egiten du, egun batzuk lehenago txanpon bat antzinakoa zela esanaz iruzur egin zion gizon bera. Jazarpen luze baten ostean, Bottoni goardiak atxilotu arren, ihes egitea lortzen du Espositok. Bottonik bere lana galdu nahi ez badu, hiru hilabete baino lehen aurkitu beharko du lapurra. Espositoren senitartera hurbiltzen da hari segada bat jarri asmoz, baina bien semeak elkarren lagun egingo dira. Goardia eta lapurrak atxiloketa negoziatzen dute: Espositok bidaiean kanpora doala itxurak egiten ditu, eta Bottoni hura itzuli artean bere familiaz arduratuko da.
MARIO MONICELLI
Mario, Capannelle eta Ferribottek osatzen duten lapur banda trakets bateko burua da Peppe boxealari ohia. Bahietxean egingo duten lapurreta xehetasun guztiez antolatzen dute. Ordea, ez dakite kutxa gotorra nola ireki. Hartara, Dante Cruciani "profesore" espezialistarengana jotzen dute morroiloak lehertzen irakats diezan. Planaren arabera, aldameneko etxebizitzan sartu eta pareta zeharkatuz bahietxera sartzeko asmoa dute. Haatik, okerreko pareta bota eta sukalde batera aterako dira. Besterik ezean, bazkari goxo batekin arinduko dute huts egitea.
FEDERICO FELLINI
Italia - Frantzia
103 min.
Kostaldeko hiri txiki batean gaude, neguak aspergarriak dira, uda partean giroa pitin bat animatzen delarik. Bertan, bost lagun desgogora bizi dira, ez dute kezkarik ezta lan egiteko gogorik ere, handik aldegiteko debaldeko ametsa besterik ez bada. Fausto neskazalea da; Albertok ume aurpegia du; Leopoldok idazle izan nahi du; Riccardo nagi hutsa da, eta Moraldo sentibera, beti dabil hiriburura joateko irrizkaz. Fausto haurdun dagoen Moraldoren arrebarekin ezkontzen da, denbora aurrera doan seinale. Alfer hutsak dira baina, ez dute aldatu nahi. Moraldok azkenik trena hartzeko adorea izango du, eta herritik ihesi doa besteei ezer esan gabe.
ALBERTO LATTUADA
Carmine De Carmine eskribauak izaera aldaraziko dion beroki berri bat erosten du eta lotsati izatetik ausarta bihurtuko da. Hartara, idazkari nagusiaren etxeko festa batera doa, eta bertan alkatearen amorantearekin, Caterinarekin dantzatzen du. Alabaina, irteerakoan lapur batek berokia ostutzen dio eta poliziak ez du hura berreskuratzeko ahaleginik egiten. Alkatearengana jotzen du, baina honek modu txarrean botako du festan halako itsusia egin diolako. Carmine nahigabez hiltzen da eta bere hileta alkateak bonbazia handiz ospatu nahi duen pertsonaia famatu baten hirirako etorrerarekin batera gertatzen da. Baina Carmineren mamuak alkateaz mendeku hartu nahi du eta gau batez berokia hondatzen dio.
DINO RISI
Agnese eta Cesira elkarrekin bizi diren bi lehengusu dira, lehenaren aitarekin eta izeba zahar batekin. Agnese ederra da, zirikatzailea eta gizonen begiradak erakartzen dituena. Cesira itsusiagoa eta ameslaria da, fantasiaz betea. Igarle batek maitasunean zorionekoa izango dela iragarri dio Cesirari Artizarraren zeinupean jaio baitzen, eta horregatik lau gizonezko berarekin maiteminduta daudela sinestuta dago. Alabaina, Cesirak bere ilusioak kearen moduan desagertzen ikusiko ditu, lau gizonetatik Mario argazkilariari Agnese gustatzen baitzaio; Romolok lapurtutako kotxe bat saltzeko modua besterik ez du buruan; Alesio poetak Cesira antzezlan bat idazmakinaz pasa diezaion erabiltzen du; eta azkenik Ignazio dago, Agnese haurdun uzten duen duen gizontasunez beteriko suhiltzailea.
LUIGI ZAMPA
Angelina Erromako Pietralata auzune xumean bizi da, bere senarraren soldata eskaxarekin familia aurrera ateratzeko borrokatuz. Auzoko errebindikazioen bozeramaile bihurtzen da; uholde batek Pietralatako etxebizitzak suntsitzen dituenean, Angelinak Garrone zinegotziaren jauregi hutsa okupatzea bultzatzen ditu auzotarrak eta bere entzutea handituz doa, baina bere senarrarekiko harremana hondatu egiten da. Garronek eraikina utz dezan konbenzitzen du eta orduan auzokide guztiek traidoretzat hartzen dute, bere alaba Annetta zinegotziaren semearekin dabilelako. Zinegotziak iruzur egin diola ohartzean, Angelinak atzera okupatzen du jauregia eta atxilotu egiten dute. Kartzelatik ateratzean, hauteskundeetan hautagai gisa aurkez dadin eskatzen diote auzotarrek, baina berak uko egin eta familiarekin itzultzea erabakitzen du.
VITTORIO DE SICA
Zenbait atalen bidez Napoliko gizon-emakume mota ezberdinak erakusten zaizkigu: Sofia adulteriogileak pizzaren orea prestatzen ari zen bitartean esmeraldazko eraztuna galdu duela sinestarazten dio senarrari; ama batek kale nagusian barrena eramaten du bere semearen hileta-autoa; ume batek behin eta berriz irabazten dio karta-jokalari aristokrata bati; gizon aberats bat prostituta batekin ezkontzen da bere andregaiaren suizidioaren ondorioz.
CAMILLO MASTROCINQUE
Antonio, eraikin bateko atezainak, oinordetzan hartzen du moneta-etxean lan egiten zuen maizter baten hamar mila lirako bileteak egiteko plantxa. Ezin izango dio tentaldiari eutsi eta tipografo batekin eta kartel pintore batekin elkartzen da dirua inprimatzeko asmoz. Hasieran gauzak ondo doazkie, egin dituzten biletetako bat estankoan sartzea lortzen dute, baina gauzak korapilatu egingo zaizkie jardunean dabilen faltsifikatzaile-banda batekin nahasten dituztenean. Arazoa okerragora joan aurretik, Antoniok poliziarengana aurkeztea erabakitzen du; baina, komisaldegira iristean, benetako banda atxilotu dutela jakingo du. Bere konplizeekin bildu eta euren elkartea deuseztea eta bilete faltsuak erretzea erabakitzen dute, baina Antoniok nahi gabe bere benetako dirua erreko du.
ROBERTO ROSSELLINI
Kostaldeko herriska batean diharduen argazkilari bati santu zaindaria agertzen zaio bere eskuetan sekulako boterea duela adieraziz. Bere argazki kameraren "klik" bat nahikoa izango da objektiboaren koadroan ageri diren gaiztoak Lurreko azaletik ezabatzeko. Argazkilaria bere boterea modu egokian erabiltzen ahaleginduko den arren, hutsegitea oso erraza dela ohartuko da. Eta konturatuko da, halaber, aztikeria ez datorkiola santu zaindariarengandik, deabru berarengandik baizik.
DINO RISI
Raffaele Renzullo, Napolin lan egiten duen injineru gazte bat, hamar urtez bere herritik kanpo ibili ondoren bertara itzultzen da bere amona Sabella hilzorian omen dato eta. Baina gezur hutsa da dena; amona eztago gaiso ere, ziri hori bi arrazoiengatik asmatu du: arreba txikiena, Carmelina, Emiliorekin galai heldu batekin ezkontzea nahi ez duelako, eta bere biloba herriko emakume aberatsenarekin ezkondu nahi duelako. Baina maitasuna ezin da kalkuluen arabera antolatu, eta guztiz aurkakoa gertatzen da: Raffaele bere haurtzaroko jolas-lagunaz maitemintzen da, Luciaz, neska eder baina txiroa denaz, eta Carmelina eta Emilio ezkondu egiten dira Sabella aurka dagoen arren.
LUIGI ZAMPA
Erromako auzo xume batean, Cenciok, familiaren usadioari jarraituz, lapurreta du ogibide, askatasun eta kartzela egonaldiak txandakatzen dituela. Cesira, auzolagun ederra, laguntzaile izan ohi du, alde batetik, beharragatik eta bestetik, laguna duelako. Lapurreta ikusgarri baten ondoren, zeinean Cencio poliziaz disfrazatzen den, lapur biak Raimondi merkatari gaztea iruzurtzen dute; baina Cesira, Raimondirekin maiteminduta dagoenez, dena utzi eta berarekin ezkontzen da.
FEDERICO FELLINI
Ivan eta Vanda Cavalli Erromara doaz eztei-bidaian. Vandaren ametsa Jeke zuria saileko protagonista ezagutzea da. Deskuiduan, Erromako inguruetan kanpoaldeen bila dabilen filmaketa-taldeari batzen zaio eta odaliska baten papera ematen diote. "Jekearekin" izango duen elkartzea etsipengarri samarra gertatzen zaio: egia esan, emakume lodi eta zakar baten menpean dagoen gizon zekena da, nahiz eta neskaren aurrean heroi plantak egiten dituen. Huts egindako abentura honengatik lotsatuta, Vanda Erromara itzuli eta Tiber ibaian bere buruaz beste egiten saiatzen da. Txalupa-zain batek salbatuko du ordea, eta garaiz iristen da hotelera senarrarekin Aita Santuaren audientzia batera joateko.
ALBERTO LATTUADA, FEDERICO FELLINI
Ikuskarien munduan arrakasta lortzea amesten duen Lilianaren etorrerak barietate-konpainia txiki baten bizimodua asaldatzen du. Bere lehen emanaldian, ikusleak eta Checco, antzezlari-zerrendaren zuzendaria, bereganatzen ditu. Lilianan interesa duen abokatu batek bere jauregira gonbidatzen duenean Checco jeloskor jartzen da. Maitasuna eta handinahi artistikoak direla medio, Checcok taldea eta Melina bere andregaia uzten ditu eta Lilianarekin aldegiten du kontratu hobeagoen bila, alabaina, ez dute gauza handirik lortzen eta Melinak utzitako diruarekin Checcok konpainia berri bat sortzen du. Lilianak abandonatu egingo du hartara, enpresari batek ikuskizun handi bateko paper nagusia eskaintzen dionean.
EDUARDO DE FILIPPO
Milango higiezinen elkarte batek hondatutako eraikinez betetako lur-sail bat erosten du Napolin, non oso jende xumea bizi baita. Enpresa honek maizter guztiak bidali nahi ditu etxebizitza berriak egiteko. Kaltetutako familia horietako bat Milanera doa protesta egitera eta Hegoalde txiro eta atzeratuan ez bezala lana aurkitzen dute azkenean Iparralde aberats eta industrializatutako hiri horretan.
EDUARDO DE FILIPPO
Bigarren Mundu Gerra bitartean, Napoliko tranbia-gidari behartsu baten familiaren bizimodua aldatu egiten da naziek aita atxilotzen dutenean. Itzultzen denean, emazteak merkatu beltzean dihardu, semea lapur bihurtu da eta alaba, berriz, prostituta. Boterean faxistak, naziak eta armada amerikarra txandakatu dira, baina Napoliko txiroentzako gauzak ez dira aldatu, alegia, egunero hainbestean biziraun behar dute. Gaixotasun larria nozitzen duen alaba gazteena salbatu beharrak bizitzaren aurrean beste jarrera bat hartzera eta benetako baloreei buruz gogoeta egitera behartzen du familia.
LUIGI COMENCINI
Antonio Carotenuto mariskala bere destino berrira iristen da, inoiz ezer gertatzen ez den eta denek besteen arazoetan muturra sartzen duten mendialdeko herriska batera. Harroa eta neskazalea berau, Bersagliera gazte oparo eta berritsuarekin gutiziatzen da, baina hau Stelluti karabinero lotsatiarekin maiteminduta dago. Parrokoak ohartarazita, Carotenutok Anna emaginarekin erreparatzen du, Erroman seme sekretu bat duena. Azkenean, bikote biak zertu egiten dira, baina, araudi militarrak agintzen duenaren arabera, ezkondu izanak baja hartzea behartzen dio mariskalari eta karabineroa lekuz aldatzen dute.
ALESSANDRO BLASETTI
Paolo taxilariak Lina xarmanta eta bere hiru lagunak hondartzara eramaten ditu, baina autoa lapurtu nahi diotela ohartzen da. Neskak azalpen nahasiekin endredatzen du eta Sopriano, bere aita aurkezten dio. Paolok familia zintzo eta ondratua dela uste du, harik eta neskak oparitu dion urrezko zigarro-kaxa lapurtua dela, Soprianok geltokian maleta bat ebatsi duela eta alaba-aita autobusetako kartera-lapurrak direla konturatzen den arte. Paolok salatu egiten ditu, baina gertaerak aldatzen eta errugabe itxurak egiteko moldatzen dira. Etsituta, Paolok lapur-bizimodua utz dezan proposatzen dio Linari, eta honek gogo onez onartzen du: lapurtu behar izan ez duen lehen gauza baita mutila.
ALESSANDRO BLASETTI
Carloni komendadorearen alaba txikiak Lehenengo Jaurnatzea egin behar du Bazko egunean. Ordu eta erdi falta da eta jostuna ez da soinekoarekin agertu oraindik. Aita jantziaren bila abiatzen da, baina bidean burruka batean nahasten da, eta ezezagun bati soinekoa gorde diezaion eskatzen dio. Berreskuratu nahi duenean, gizon hori desagertu egin dela ikusten du. Etxera soinekorik gabe itzultzen da eta bere alaba negar batean dagoenez, kale-garbitzailearen alabaren soinekoa lortzen saiatuko da. Dirua eskaintzen dio, baina honek hori onartzen ez duenez, bizilagun baten jaunartze-soineko zaharra itxuraldatzea erabakiko dute. Berandu bide da ordea, zeremonia hastera baitoa; azken momentuan, komendadoreak soinekoa utzi zion gizona azaltzen da jantzia itzuliz, momentuko anabasan galdu zela esanaz.
LUIGI COMENCINI
1943ko iraila. Innocenzi tenienteorde gaztea zer egin ez dakiela dabil Italiako erregeak indar aliatuekin armistizioa sinatu eta gero. Bere konpainiako gizon guztiek ihes egin dute, Ciccarellik izan ezik, zeinarekin etxera bueltan abiatzen den. Gerrak suntsitutako herrialdean zehar doazela, bere herrikideen fusilamenduen lekuko izango da, ezkututako soldadu amerikar bat ezagutu eta bere aita topatuko du; honek semea Mussoliniren armadan errodaldatua ikusi nahiko zukeen. Azkenean Napolira helduko da, bertan alemanen aurka borrokatzera.
LUIGI ZAMPA
Italiako frontean borrokan jardundako bi soldadu amerikar Erroman astebete igarotzeko baimena lortzen dute. Bidean doazela gerrak suntsitutako herrialdetik ihes egin nahi duen maistra gazte bat ezagutzen dute. Bitako bat neskarekin maitemintzen da, baina honek hasiera batean ez dio kasu handirik egiten.
LUCIANO EMMER
Abuztuko igande batez, Cesari Meloni Ostiako hondartzara doa bere familiarekin egun pasan, Erromako hainbat bizilagun bezala. Honen alaba Marcellak Enrico ezagutuko du, neskaren antzera aberats izateko ametsa duen mutila. Bestalde, Lucianak, zinean jardun nahi duen neska batek, Ricardo bere betiko mutil-laguna abandonatzen du, hondartzan produktore garrantzitsu batekin egoteko. Lan egiten duen hiltegian lapurreta egiten saiatuko da Ricardo, baina espetxean bukatuko du. Ercole udaltzaina bere andregaia Rosettak neskame diharduen etxera doa, haurdun dagoelako kaleratze mehatxupean dagoena, eta deskuiduan sute bat eragingo du plantxa piztuta uztean. Bien bitartean, Ostian, elkarri beren buruak aristokratatzat aurkeztu ondoren, Marcellak eta Enricok euren jatorri xumeak aitortu eta benetako maitasun istorioa biziko dute.
DINO RISI
Elenak Silvio partisanoa salbatzen du mandioan ezkutatuz. Zenbait urteren buruan, Erroman topatzen dute elkar, Silviok egunkari ezkertiar batean kazetari gisa diharduela. Ezkondu eta seme bat izango dute, baina senarrak lana galtzean Elenak abandonatu egingo du. Liburu bat argitaratzen eta zinearen munduan sartzen alferrik saiatu ondoren, Silviok iraganean kapital-ihesagatik salatutako finantza-espekulatzaile baten idazkari moduan lan egitea onartzen du. Diru asko irabazi eta emaztearekin adiskidetzen da, baina patroiaren menpe dagoela oharturik, lehengo "bizimodu nekezari" ekitea erabakiko du.
STENO , MARIO MONICELLI
Franca bere bizimoduaz nazkatuta dagoen langile arrunta da. Erromara doa bizitzera, eta dantzari moduan ari den lagun bati esker, Verari esker, Martoniren errebista-konpainiak kontratatzen du. Trenez egiten duten bidaia batean Margherita ezagutzen dute, eta Martoni harekin maiteminduko da. Ondoren, Vera eta Franca bi industriari aberatsekin ateratzen hasiko dira. Franca horietako batekin ezkonduko da, baina Verak nahiago du konpainiara itzuli. Margheritak Franca ordezkatu eta arrakasta handia lortuko du. Bien bitartean, Francak bere mutila izandakoa topatuko du eta, ezkontzean egindako okerrarengatik etsituta, bere buruaz beste egiten du. Verak azkenean bera zinez maitatuko duen mutila ezagutzen du eta Margheritak, Martonirekin zorretan dagoela iruditzen bazaio ere, barietate-konpainia handi batekin kontratua sinatzen du.