72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Atzera begirako tematikoa. JAPONIA BELTZEAN
Atzera begirako tematikoa. JAPONIA BELTZEAN
Daisuke Ito
Japonia 
95 min.
Chuji, protagonista, ez da agintean dagoen klase militarreko kide eta ahalegin guztiak egingo ditu Oshina geisha salbatzeko. Zuri-beltzeko film mutua da. Edo aldiko jokalari ospetsua benetako iraultzaile gisa irudikatzen du, garai hartako sistema zapaltzaileari aurre egiten baitio abenturari oinarri soziala emanda.
Daisuke Ito
Japonia 
79 min.
Jirokichi lapurrak Osen geisha ezagutuko du bidaia batean. Osenen anaia Nikichi ere kriminal bat da, eta Okino dohakabeaz aprobetxatu nahi da haren aitaren dirua lortzeko. Jirokichik Okino salbatuko du Nikichiren atzaparretatik eta hura hilko du, hain eskrupulu gutxiko gizona izateagatik.
Tomu Uchida
Japonia 
121 min.
Errepideko kontrol batean, Itami, polizia hasiberriak, institutuko lagun batekin egingo du topo, Tetsuo Tomioka. Laguna Tokiotik dator; han igaro du eguna golfean jolasten. Beren laguntasunari berriz heltzen dioten heinean, Itami harritu egingo da Tetsuok ez duelako bere bizitza pertsonalaren zenbait alderdiz hitz egin nahi. Gau batez, Miyabe sarjentua, Itamiren zaintzailea, zauritu egingo dute banku lapurreta batean. Lapurrek alde egingo dute gauerdian, baina haietako bat zaurituta dago eta bere aztarnak Miyaberen ezpatan utziko ditu.
Yasujiro Ozu
Japonia 
119 min.
Istorioa Yokohaman gertatzen da; portua duten hiri gehienak bezala, krimena eta prostituzioa gauza arrunta dira bertako kaleetan. Filma gangster baten eta Tokiko, haren neskalagunaren, arteko harreman iskanbilatsuan oinarritzen da. Tokikok egunez enpresa bateko mekanografo gisa lan egiten du eta haren lehiakidea betiko neska zintzoa izango da, disko denda batean lan egiten duena eta anaiagatik kezkatuta dagoena, krimenaren bidetik abiatzen ari baita.
Akira Kurosawa
Japonia 
122 min.
Istorioa gerraosteko Japonian dago girotua eta pistola lapurtu dioten detektibe gazte bati buruz hitz egingo digu. Ohorea galdu izanaren sentimenduak ito egiten du eta nekagaitz, pistolaren bila abiatuko da. Hura berreskuratzeko Tokioko leku ilunenetara joango da eskarmentu handia duen kide batek lagunduta.
Hideo Suzuki
Japonia 
94 min.
Auzo xume bateko irrati konpontzaileak bere bizilagunen hiltzailea ikusi du. Zoritxarrez, hiltzaileak ere hura ikusi du eta mehatxatu egingo du, isilik egoten ez bada bera eta emaztea hilko dituela esanez. Bere asmoen froga gisa, eta protagonistak ikusitakoa salatzeko tentazioa izan ez dezan, haren senideetako bat hilko du.
Yoshitaro Nomura
Japonia 
116 min.
Tokioko bi detektibe, Yuji Shimooka eta Takao Yuki, Kyuichi Ishii-ren hiltzailea izan daitekeenaren aztarnaren atzetik daude. Tokion emaitzarik lortzen ez dutenez, haren maitale ohiaren etxera joango dira. Sadako Yokokawa, Kyushu irlako herri txiki batean bizi da. Hantxe ikusiko dute zer bizitza gogorra eta nekeza daraman Sadakok: haren semeak lotsagabeak dira eta senarra hain da zuhurra Sadakok bizilagunentzat josi behar izaten duela.
Shohei Imamura
Japonia 
101 min.
Japonia aliatuen aurrean errenditu zela hamar urte igaro direnean, bost pertsona harategi bateko sotora jaitsiko dira. Sotoa babesleku antiaereoa izan zen gerra garaian. Kontrabandoko morfina karga bat lurpetik ateratzeko bildu dira hura lurperatu zuen gizonaren alargun ankerra, txinatar jatetxe baten jabea, gangster bat, botikari bat eta institutu irakasle bat.
Yasuzo Masumura
Japonia 
96 min.
Takeo kartzelan egon da, Handa, yakuza etsai bateko kidea erasotzeagatik. Handik irtetean egin nahi duen azken gauza duela gutxi hil den aitaren postua hartzea da, Asahina klaneko buru gisa. Takeo eta anaia Aikawa-ren ideia neska ezkongai batekin maitemintzea eta yakuza betirako uztea izango da. Baina irteera hori aurreikusitakoa baino zailagoa egingo zaie klan arerioak mendekua hartzea erabakiko baitu.
Nagisa Oshima
Japonia 
85 min.
Shin, Osakako hanpako bi banda etsaietako baten buruzagia, Ohama-ren eremuan sartzen saiatuko da. Banda etengabe mugituko da Ohamak haiek aurkitu eta akabatuko dituen beldurrez. Takeshi etorri berri da eta banda uzteko bidearen bila ari da, edo behintzat, gauza on bat egiteko aukeraren bila, nahiz eta txikia izan. Ulertezina bada ere, Shinen onespena izango du, eta hori izango da haren galbidea.
Kihachi Okamoto
Japonia 
95 min.
Kihachi Okamoto-ren Ankokugai trilogiaren zati den film honetan garaiko bi aktore garrantzitsuk parte hartzen dute: Toshirô Mifune eta Koji Tsuruta. Detektibe ustel bat Ooka eta Kozuka klanak aurkatzen diren auzo batera bidaltzen duteneko istorioa kontatuko digu.
Kinji Fukasaku
Japonia 
82 min.
Gangster batek Ameriketako Estatu Batuetako kuartel bateko ordainsariak lapurtu nahi ditu, eta horretarako, zaputz talde bat bilduko du: Koreako immigrante bat, Ipar Ameriketako soldadu beltz bat eta ilehori ninfomano bat, beste batzuen artean. Arazoa da antzeko beste banda batek ere harrapakin berean jarri dituela begiak, eta horrek, hainbat heriotza eta traizio eragingo ditu.
Shohei Imamura
Japonia 
108 min.
Kinta-k pobreziaren espiralean harrapatuta ikusten du bere burua eta horri aurre egiteko tokiko yakuza bandan sartzea erabakiko du. Zuhurkeriak jota drogarekin trafikatuko du, proxeneta bilakatuko da eta xantaia sistematikoa egingo du. Egun batez, bandako buruaren txerriak zaintzea eskainiko diote. Txerriek inguruko base militar amerikarrak botatzen dituen hondarrak jaten dituzte. Kintaren neskalagunak bere bizitza zuzendu dezan eta egonkortu dadin eskatuko dio, baina hark ez dio etorkizunik ikusiko horri.
Yoshitaro Nomura
Japonia 
95 min.
Teiko, gazte ezkonberriak, agur esango dio Kenichi bere senarrari Tokioko geltoki batean. Kenichi Kanazawa-ra doa negozio bat ixtera eta abenduaren 12an itzuliko dela zin egin du. Baina egun hori iristean ez dago Kenichiren berririk. Teikok duen arrasto bakarra bere senarraren gauzen artean aurkitutako bi postal arraro dira. Kenichiren nagusiek senarra bilatzen laguntzeko Kanazawara gonbidatzen dutenean, Teiko misterio korapilatsu batean murgilduko da.
Akira Kurosawa
Japonia 
142 min.
Gondo-k, etxera iristean, familiari jakinaraziko dio lan egiten duen enpresa erosi nahi duela; baina gau horretan bertan telefono dei bat jasoko du. Norbaitek bere semea bahitu duela dio eta diru-kopuru handi bat eskatzen du. Hala ere, bahitzailea nahastu egin da eta gidariaren semea hartu du, baina horrek ez du ezer aldatuko, erreskatea eskatzen jarraituko baitu haurraren biziaren truke. Gondok erabaki latza hartu beharko du: bere dirua gorde eta enpresa erosi, edo haurra salbatu eta porrot egin.
Tadashi Sawashima
Japonia 
95 min.
Kaku, jokalari bat izan daitekeena bezain gizalegezkoa da, eta Otoyo gortesauarekin dago maiteminduta. Nolanahi ere, Kakuk yakuzarekin dituen betebeharrek aldenduta dauzkate maitaleak, batez ere Kaku kartzelan dagoen bitartean. Artean, Otoyok gangster maltzurrei egin behar die aurre ez baitute banda defendatzeagatik kartzelan dagoen jokalari zintzoaren neskalaguntzat hartzen, salgai soiltzat baizik.
Seijun Suzuki
Japonia 
92 min.
Gizon baten jarrera bortitzak Tokioko yakuzako banda bateko buruzagiaren arreta erakarriko du, eta berehala sartuko du bertan. Iritsi berria banda arerio batekin hasiko da harremanetan laster, eta bi banden arteko gerra eragingo du. Kide berriaren arrazoiak azaleratzen diren heinean ikusiko da istorioaren hasieran gertatu den polizia baten heriotzarekin dutela zerikusia.
Masahiro Shinoda
Japonia 
96 min.
Muraki, erailketagatik kartzelan egon den tipo gogorra da eta atera berri da. Joko etxe batean Saeko ezagutuko du, bizi estilo arriskutsuak erakartzen duen emakume misteriotsua. Maitasunak Tokioko auzorik baztertuenetara eramango ditu sikarioz, drogaz eta erailketaz beteriko bide batetik.
Teruo Ishii
Japonia 
92 min.
Abashiri-ko kartzela Japoniako lekurik hotzenean dago. Bi gizon bilurrak ipinita doaz. Bata, nekazari bizitza pobrea atzean uzten saiatu zen yakuza banda batean sartuz. Bestea, auzo baztertuenetatik dator eta bost delitu ditu dagoeneko bizkar gainean. Elkar gorroto duten arren, biek batera egingo diote aurre ihesaldi arriskutsu bati. Bilurrek elkar lotuta dituzten bitartean haien atzetik daudenek botatzen dizkieten tiroak entzun daitezke.
Kiyoshi Saeki
Japonia 
90 min.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Gennosuke-k, Kamizu taldearen buruzagia, estraperloan jarraitzen du aire zabalean duen legezko merkatuan saltzeaz gain. Hala ere, Iwasa-k eta haren bandak, egoera nahaspilatsuaz baliatuta, Ameriketako Estatu Batuetako militarren salgaiak eskuratuko dituzte eta merkatu beltzaren jabe egingo dira. Iwasak Gennosuke hil dezaten aginduko du, baina hark, hil baino lehen, Shinji izendatuko du ondorengo gisa eta mendekurik hartuko ez duela zin eginaraziko dio. Shinjik, saiatzen den arren, azkenean ez du bere hitza beteko.
Sadao Nakajima
Japonia 
89 min.
Gazte moldegabe eta oldarkorrez osaturiko talde bat yakuzan sartzeko prestatu gabe dago oraindik, baina bere kabuz garrantzi txikiko hainbat delitu antolatu eta gauzatuko ditu. Taldeko gazteenari -institutuko ikaslea da eta arrakasta handia du emakumeekin- yakuza bat hurbilduko zaio eta haientzat espioi lanak egin ditzan eskatuko dio.
Takashi Nomura
Japonia 
84 min.
Banda batek soldatapeko hiltzailea kontratatuko du etsaien taldeko buruzagi bat akabatzeko. Hiltzaileak bere lana egin ondoren lagunarekin alde egingo du. Hegazkinean egin nahi dute ihes, baina igo baino lehen, banda arerioko kideekin topo egingo dute. Ozta-ozta alde egin ondoren Yokohamako errepideko hotel batean bukatuko dute. Herrialdetik aterako dituen barku txartela lortuko dute, baina abiatu baino lehentxeago berriz ere etsaiei egin beharko diete aurre.
Kosaku Yamashita
Japonia 
95 min.
Tokioko barruti batean jokoa kontrolatzen duen klaneko oyabuna (yakuza buruzagia) bat-batean hil da eta haren jarraitzaileek ondorengoa nor izango den erabaki behar dute. Mafiosoek Nakai aukeratuko dute, gizon zuzen eta leiala, baina hark ez du izendapena onartuko, hildako oyabunaren zuzeneko dizipulua ez dela esanez, eta gainera, buruzagia oinordetza-lerroko hurrengo kidea izan dadin proposatuko du; kartzelan dagoen Matsuda, alegia.
Hiroshi Teshigahara
Japonia 
115 min.
Hiro Nemuro, langile soil bat, etxetik atera da dokumentu batzuk entregatzera. Paperak heltzeko klipa ahaztu duenez etxera itzuliko da, emaztearekin hitz egingo du eta berriz aterako da, oraingoan, betiko. Emazteak detektibe bat kontratatuko du senarra bilatzeko. Ikerketak aurrera egiten duen heinean detektibearen bizitzak bilatzen duen gizonaren bizitzaren antza gero eta handiagoa hartuko du.
Tai Kato
Japonia 
90 min.
Mendekua hartzeko gogoa duen gizon batek bost emakume bilatu eta hilko ditu, arazo psikikoak zituen bere lagun mina sexualki iraindu eta bere buruaz beste egitera bultzatzeagatik.
Koji Wakamatsu
Japonia 
66 min.
Kyushu irlako gizon bat Tokiora joango da bere semearen hiltzaileak bilatzera. Semea bizi zen Shinjuku auzoko etxera joko du, baina han dagoen gazteak ez dio informaziorik emango, ezta semearen neska-lagun ohiak ere, hiltzaile taldeak bortxatu ondoren traumatizatuta baitago. Azkenik, gaizkileen buruzagiak Shinjuku Mad izena duela jakingo du, baita ustezko iraultzailea eta motorzale talde baten liderra dela ere, eta semea traizioa egiteagatik eta poliziarentzat espioi gisa lan egiteagatik hil zuela.
Yasuharu Hasebe
Japonia 
85 min.
Istorioaren oinarria Kaleko Katuak izeneko emakumeen bandaren eta mutilen Arranoak taldearen arteko lehia da. Emakumeen taldeko buruzagiak Mako izena du eta mutilenak Baron. Kaleko Katuetako kide batek Arranoetako baten intsinuazioak ukatzen dituenean, bere mutil-lagun erdi beltza, Ichiro, nahiago duelako, Baronen gogora etorriko da mestizo talde batek bere arreba bortxatu zuela, eta Arranoak hiriko mestizoak jazartzera bultzatuko ditu.
Masahiro Makino
Japonia 
102 min.
Istorioa Meiji aldiaren amaieran kokatzen da, Tokioko Yanagibashi auzo ezagunean. Tsuruji izeneko geisha ospetsua oso trebea da tea zerbitzatzen, baita borrokan ere, eta duela gutxi erail duten aita Kashimasa-ren lekua hartu du suhiltzaileen lider gisa, Shinzo ez baitago postu hori betetzeko. Shinzo Tsurujiren senargaia izan zen garai batean, eta gainera, Ni familiako buruzagiaren semea da. Baina haren aitak, Kichigoro, semeaz arnegatuko du, ez baitu onartzen hura yakuzako kide izatea.
Shunya Ito
Japonia 
87 min.
Sugimi-k, mafiarekin tratuetan dabilen detektibeak, bortizki engainatu ondoren, harekin zeharo maiteminduta zegoen Matsushima-ren mendeku gosea neurrigabea izango da. Sugimi sastatzen saiatuko da baina huts egingo du eta kartzelara bidaliko dute. Bertan, arraroa bada ere, Matsushimak ez du Sugimi salatuko. Dena den, Matsushimak gehiegi daki eta arrisku bat da; hortaz, bai Sugimik bai mafiak hura kartzelan bertan akabatzeko plan bat gauzatuko dute.
Kinji Fukasaku
Japonia 
99 min.
Shozo Hirono-k hilketak egiten ditu Hiroshimako kaleetan, gerraosteko giro kaotikoaz baliatuta, eta oraindik ere yakuza kodean sinesten du. Gangster etsai bati tiro egin ondoren kartzelan sartuko dute, eta bertan, Wakasuji ezagutuko du. Lagun berriarekin anaitasun itun bat egingo du baina ezarrita dagoen zeremonia jarraitu gabe: ituna ixteko sakea edan beharrean beren odola edango dute. Wakasuji-k sabela ebakiko du seppuku estilora ospitalera eraman dezaten.
Kinji Fukasaku
Japonia 
85 min.
Ishikawa, gizon moldegabea da eta atzetik ditu bere mafia taldea eta polizia. Haren babes bakarra prostituta bat da. Ishikawak bortxatu egin duen arren emakumea harekin maiteminduko da. Maitalea tuberkulosiak jota hiltzen denean Ishikawa bere oyabunarengana (mafiako buruzagia) joango da diru eske. Buruzagiak ezezkoa emango dio eta Ishikawak hildakoaren hezurrak txikituko ditu oyabunak baiezkoa eman arte.
Kon Ichikawa
Japonia 
146 min.
Sahei Inugami, Inugami klanaren buruzagi boteretsua, bere luxuzko etxean hil da 81 urterekin. Gaztea zenean apaiz xintoista batek ezinbestean heriotzara eramango zuen pobreziatik atera zuen. Nolanahi ere, Saheik hil ondoren apaizarekiko duen esker oneko zorrak madarikazio izugarria ekarriko du, hainbat hilketa beldurgarri eta arraro eraginez. Bitartean, Inugami familiako kideak hildakoaren ondasunengatiko borroka etsiari ekingo diote.
Kazuhiko Hasegawa
Japonia 
147 min.
Makoto, bigarren hezkuntzako zientzia irakasle bakartiak denbora luzea darama bonba atomikoa egin nahian. Autobus baten bahiketatik bizirik irten ondoren, Makotok, gogoa berotuta, plutonioa lapurtuko du eta bonba egiten hasiko da. Bonba esku artean duenean xantaia egingo die agintariei huskeriekin, esaterako, beisbol partidak iragarkirik gabe bota ditzatela aginduz.
Toru Murakawa
Japonia 
119 min.
Polizia bat hil eta haren pistolarekin hurrengo krimena gauzatuko dute. Kashiwagi detektibeari egokituko zaio kasua ikertzea, eta iritsi zaion informazioaren arabera, hilketa horien egilea "hildako bat bailitzan ibiltzen da". Kashiwagi Date izeneko tipo batengana iritsiko da. Gizona Vietnameko gerran izan zen korrespontsal gisa; han, infernua ezagutu zuen eta zerbait hautsi zitzaion buru barruan.
Hideo Gosha
Japonia 
120 min.
Yakuzako buruzagi bat kartzelan dagoen bitartean, Tamaki, haren emazteak, senarraren taldea zuzenduko du irmo. Bitartean, Makoto, Tamakiren ahizpa txikia, klan etsai bateko kide batekin ezkonduko da hark bortxatu ondoren. Bi ahizpak, odolaren bitartez batuta badaude ere, etsaiak diren yakuzako bi kiderekin ezkonduta daude, eta aukeratu egin beharko dute noren alde egin.
Takeshi Kitano
Japonia 
103 min.
Azuma detektibeak jokatzeko arau moral guztiak hautsiko ditu yakuzak bere arreba bahitu eta lankidea eta lagun mina, Iwaki, erail ondoren. Azumak indarkeriaz jokatuko du zeinahi egoeratan eta zerbait lortzeko baliagarri zaion edozer sistema erabiliko du, nahiz eta ez izan etikoki onargarria.
Kaizo Hayashi
Japonia-Txina-Taiwan 
92 min.
Hai Ting jolas-etxe bateko zerbitzaria da eta Maiku detektibea kontratatuko du bere anaia bila dezan. Anaia Japoniara iritsi bezain laster desagertu zen, duela urte bete. Ikertzen ari dela Maikuk zera jakingo du, Taiwaneko eta Hong Kongeko mafiek lurralde gerra bat dutela prestatuta Japonian, eta Hai Tingen anaia Hong Kongeko mafiako kide dela. Maiku bi anaiak elkartzen saiatuko da eta azkenean banden arteko gatazkan sartuta amaituko du.
Takashi Ishii
Japonia 
109 min.
Bandai dantzaleku baten jabea da. Negozioa ez doakio oso ondo, eta gainera, tokiko yakuzari dirua zor dio eta ez daki nondik atera. Konponbide bakarra gangsterrei beraiei lapurtzea da, eta horretarako, talde bat osatuko du krisi ekonomikoaren eraginak jasan dituzten beste batzuekin. Lapurreta gaizki aterako da eta yakuzak egileak bilatzeari ekingo dio, horretarako, soldatapeko hiltzaileak kontratatuz.
Rokuro Mochizuki
Japonia 
101 min.
Noriyuki Kunihiro, yakuzako kidea, kartzelan egon da hilketa bikoitza egiteagatik, eta atera berri da. Haren kide ohiek beraiekin itzul dadin nahi dute, baina Noriyukik nahiago du eraikuntzan lan egin. Azkenean, Naoto, bere lagunak, Myojin klaneko gidaria izateko proposamena onar dezan konbentzituko du. Yakuzaren beste talde bati eginiko bisitaldian Myojinekoei ez diete alde egiten utziko, eta Noriyukik haiek erreskatatzera joan beharko du.
Takashi Miike
Japonia 
95 min.
Yuuji yakuzako kidea da eta Taipeira alde egin behar izan du; eta gainera, bere bizitza are gehiago nahastuko da bere kargura haur mutua uzten dutenean. Aspaldi haren bikotea izan zen emakume bat Yuujiren etxera joango da eta hantxe utziko du haurra, haren semea dela esanez. Laster, Yuujiren biktimatako baten anaia mendekua hartzeko asmoarekin azalduko da eta prezioa jarriko dio haren buruari.
Kiyoshi Kurosawa
Japonia 
85 min.
Nijima astrofisika irakaslea da, eta arrazoi ilun batek bultzatuta, Miyashita izeneko mafioso erdi ero bati alaba bortxatu eta bortizki hil dutenak bilatzen lagunduko dio. Miyashitaren lagun batzuk bahitu eta urrun dagoen biltegi batera eramango dituzte, bertan, tortura bidez, egindakoa aitor dezaten. Hildakoen kopuruak gora egiten duen heinean, argi geratuko da Miyashita eta haren taldea snuff movien ekoizpenean sartuta daudela.
Shinya Tsukamoto
Japonia 
87 min.
Goda adin ertaineko gizona da; egun batean, etxera iristean, berarekin aspalditik bizi den emakumeak bere buruaz beste egin duela ikusiko du. Goda lur jota geratuko da, eta alkohola edateari ekingo dio, ezin baitu ulertu zergatik egin duen bikoteak bere buruaz beste. Bidean, Chisato-rekin gurutzatuko da, Goda eraso eta joko duen talde bateko emakume drogazalea. Orduz geroztik, Godaren nahi bakarra su-arma bat lortu eta mendekua hartzea izango da.
Masato Harada
Japonia 
114 min.
Yakuza batek aitortuko du Asahi Central Bank, finantza-erakunde garrantzitsua, mafiari ordaintzen aritu dela hainbat urtez. Hiroshi Kitano, bankuko erdi-mailako kargu batek, eta beste hiru lankidek presidente berri bat izenda dezan eskatuko diote zuzendaritza batzordeari, behar diren aldaketak egin ditzan. Dena dela, haien ahaleginek ez dute ezertarako balioko yakuzak eta bankuko buruetako batzuek ez baitiote uko egin nahi urrezko arrautzen oiloari.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: