Amma Asante
Akzioa krisi ekonomikoak astindutako Galesko Hegoaldeko portu-herriska batean gertatzen da. Leigh-Anne Williams, ama nerabe bat eta bere hiru lagunak (Robbie, 17 urtekoa, hilzorian dagoen herritik alde egitekotan dabilena; Gavin, hau ere 17 urtekoa, etsi-etsian maitasun baten bila ari dena; eta 15 urteko Stephen, galestar identitate baten irrikitan bizi dena), gizartearen mugetan mugituko dira, harik eta paranoiak, asperraldiak, frustrazioak eta amorruak konbinazio hilgarri bat osatuko duten arte. Leigh-Anneren alabaren etorkizuna ezinbestean arriskuan jarriko dute, eta orduan neskaren bizilagun turkiarrak jasan beharko ditu honen amorrazio eta irain guztiak. Hilketa bat gertatuko da, antza arrazakeria dela kausa, eta une labur horretantxe lau nerabeek beren halabeharra idatziko dute.
Jorge Gaggero
Argentina-Espainia
85 min.
Bebak klase diruduneko dama bat izaten bazekien ondo. Kosmetiko-etxe propioaren jabe izan zen, baina gaur egun etxez etxe edertasun-produktuak saltzen ibili beharra dauka. Urrezko bere belarritako lodiak eta Dora bere neskamea galdu nahi ez duen estatus baten azken aztarnak dira. Dora 17 urterekin iritsi zen Chaco probintziatik Beba andrearen etxean ?ohea barruan? lan egitera. Harrez gero, bere soldataren diruarekin Buenos Airesko kanpoaldean etxetxo bat eraikitzen ibili da. Alabaina, Dorak ezin du bere etxea bukatu Bebak sei hilabeteko soldata zor diolako. Bere ugazabandrearen ordaintze-promes faltsuak entzuteaz akituta, eta bere bizitza propioa bizitzeko erronkari aurre egiteko prest, Dorak alde egitea erabaki du. Bolada baten ostean, Bebak bere zorrak ordaindu ahal izateko, bere apartamentua alokatu beharko du. Bebak ez dauka nora joanik. Dorak bere etxea eskaini eta atzera ere elkarrekin bizitzea proposatuko dio.
Simon Staho
Dag og Nat maitatu eta maitatua izan nahi duen jendeari buruzko film bat da. Aita baten istorioa da, bere semearena, bere emazte desleialarena, bere emaztearen amorante sekretuarena, bere maitale gaztearena, bere arreba bakartiarena, bere ama adigalkorrarena, futbol-entrenatzaile fanatiko batena, haurdun dagoen prostituta batena eta zaharrez mozorrotutako aingeru batena. Denek jakin nahi dutena zera da: erantzuna maitasuna bada, zein da galdera?
David Grieco
Historiako kriminal maltzurrenetako bat den ?Munstro? gupidagabe horren atzean nor ezkutatzen da? Nola liteke gizon bakar batek 50 haur eta nerabetik gora bortxatu, irentsi eta erail izana lehen Sobietar Batasuna izenaz ezagutzen zen lurralde ikaragarri horretan inongo arrastorik utzi gabe? Vadim Timurovic Lesiev detektibeak, magistratu gazte eta familiako buru denak, galdera beldurgarri hauei lehenbailehen erantzunak bilatu beharko dizkie. Munstroari mozorroa kendu eta berau harrapatzeko funtsezkoa da haren buruan sartzea. Lesiev komunista eredugarri bat da, baina hiltzailea ere halakoxea da. Besteak huts egin zuten tokian detektibeak arrakasta izango du. Haatik, garaipena lortu ondoren ere, amesgaizto berri sineztezinak biziko ditu, bata bestearen atzetik. Pelikula Urriko Iraultzarekin hasi zen garai baten metafora krudela da.
Pablo Malo
25 urte dituen Adrianek bere bizitza gainbehera datorrela sentituko du denboraldi luzeak igarotzen dituen adimen-osasuneko zentroa utzi eta aitak beregandik urruti bizitzea erabaki duela jakinarazten diotenean. Hiriaren beste aldean, Raquel hainbestean bizi da prostituzioaz eta honen seme Gonzalo nerabeak bizimodu horretatik ihes egin nahi du. Gau batez, Gonzaloren eta Adrianen bideak gurutzatu egingo dira, eta une hori hirurentzat ustekabeko zerbaiten hasiera izango da.
Bettina Oberli
Erwin Grafek Kathrin bere emazteak eta Lisa alabak erdi-klaseko bizimodua daramate erdi-klaseko hiri batean, non etxe bat eraikitzen ari diren. Ia hogei urte lantegi berean daramatzan Erwinek lana galdu du enpresaren egiturazko aldaketak direla eta. Familia ez kezkatzearren, egoera sekretuan gordeko du, eta egunero lanera joango balitz bezala etxetik aterako da. Hasieran, Erwinek lan berri bat aurkituko duela uste du, baina denbora aurrera joan ahala, bere adineko gizon batek gaur egungo lan-munduan zereginik ez duela ohartuko da. Pixkanaka-pixkanaka, Kathrinek eta Lisak aldaketak sumatuko dituzte Erwinengan. Senitarteko tirabira hozituz doa, baina ez dago Erwinekin hitz egiterik. Kathrin bakarrik sentitzen hasia da eta Lisa bere gelan giltzaperatu da. Harik eta egun batez, Lisak bere aitak langabe asteak daramatzala jakiten duen arte.
Rouven Blankenfeld
Maria eta bere senarra neskaren aitaren etxera doaz bizitzera, hau aneurisma batek jota baitago. Egoerak Mariari gainezka egiten dio, aitak neskarenganako duen menpekotasunaren eta senarraren asmoen arteko gatazka larria baita. Aurki, bere senarraren sentiberatasun eta laguntza eza jasangaitz egingo zaizkio. Gauzak gehiago nahasteko, Mariak dei anonimoak jasoko ditu, eta hauen ondorioz, denborarekin, bere familiaz eta errotuta daukan erlijio-sentimenduaz urrunduko da.
Brad McGann
Paul, gerra-argazkilari zaildu bat Zeelanda Berriko bere jaioterri urrunera itzuli da bere aitaren heriotza dela eta. Han atzean utzi zuen iraganari aurre eman beharko dio. Bere harridurarako, bertan Celia topatuko du, bere lehendabiziko neska-lagunaren hamasei urteko alaba, zeinak mundua ezagutzea amesten duen. Jende askok, bien familiak barne, adiskidetasun hori gaitzesten dute, eta Celia desagertu orduko, Paul bihurtuko da susmagarri nagusia. Egia azaleratzen den heinean, Paulek familiako tragediari eta gaztetan atzean utzi zuen traizioari aurka egin beharko dio, baita harrez gero bere heldu-bizitzan inguruan izan dituen isiltasunari eta sekretuari ere.
Lucile Hadzihalilovic
Iris, sei urteko neskato batek, batik bat dantza, gorputz-hezkuntza eta biologia irakasten diren barnetegiko arauak zeintzuk diren azkar batean ikasi ditu. Esana betetzea funtsezkoa da, eta matxinatu eta alde egiten saiatzen den barneko ikasle oro besteak zerbitzatzera zigortzen dute eta betiko barnetegian egotera. Denbora aurrera joan ahala, Iris bere bizitza berrira ohitzen hasiko da. Alabaina, bada zerbait nahasi eginda daukana: egunero-egunero, gaueko bederatzietan, lanparak piztu orduko, barnetegiaren inguruko basoaren erdi-erdian lurpeko burrunba baten oihartzuna entzuten da, eta Bianca, barneko ikasletan zaharrena denak, eraikina uzten du bilera sekretu batean parte hartzeko. Gau batez, Iris atzetik joango zaio, irakasleak bizi diren etxeraino. Bertan, dena huts-hutsik ageri da. Bianca bera ere bat-batean desagertu dela dirudi...
Wong Ching Po
Krimen-giroko Hong buruzagia erretiratzera doalako zurrumurrua dago. Honen manuko Figo, Tall Guy eta Big Lungs, baita bere lagun zahar Lefty ere, haren inperioa kontrolatzeko asmotan dabiltza. Bere familiaren onetan buruzagitza utz dezala aholkatuko dio Leftyk, baina Hongek bestelako asmoak ditu. Jakin badaki Figo, Tall Guy eta Big Lungsen azpikerien berri, baina ez du uste hauek garbitzea ideia ona denik. Leftyren bizkartzainak gazteei mehatxuka hasiko zaizkie, baina Hongek argi utziko du bere nagusitasuna Leftyren mugimenduei aurrea hartuz, eta beraz, Hongen agintea onartuko du eta biak batera Tall Guy eta Big Lungsekin elkartzera joango dira. Hori guztia, uholde-euripean gertatuko den gatazka ikusgarri batean argituko da.
Ahmet Uluçay
Tepecik, Anatoliako herrixka bat, 60ko hamarkadan. Recep eta Mehmet bere herritik gertu dagoen Tavsanli hirian aprendiz gisa dabiltzan bi nekazari gazte dira. Recepek sandia-saltzaile bati laguntzen dio eta Mehmetek bizargin ofizioa ikasten du. Biak zinemak txora-txora eginda dauzka eta gauez zine-proiektagailu bat egiten saiatuko dira herriko beren etxeko ukuilu zaharrean. Zine-zuzendari bihurtzearekin eta beren bizitza aldatzearekin amets egiten dute. Egun batean, Recepek hirian bizi eta bi alaba dituen alargun bat ezagutuko du, behientzat sandiak behar dituena. Harrez gero, tea hartzera edo gosaltzera bisitan etorriko da eta, pixkanaka-pixkanaka, Nihal, haren alaba zaharrenarekiko interesa azalduko du. Honek, aldiz, ez ditu batere gustuko nekazariaren etengabeko bisitak eta ahal duen zakarren hartzen du. Ordea, Guler, bere ahizpa txikiak Recep gogoko du, baina mutilak ez du hura maite.
Fanta Régina Nacro
Frantzia-Burkina Faso
100 min.
Mendebaldeko Afrikako alegiazko herrialde batean, gerra zibil odoltsuan hamar urte igaro ondoren, Nayak etniako soldaduekin osatutako legezko armadak eta Theo koronela buru duten Bonande etniako matxinoek su-etena sinatu berri dute. Bonande kanpamentuan denak presidentearen eta honen emaztearen zain daude tregoa ospatzeko. Haatik, guztiek ez dute aspaldiko etsaiekin adiskidetu nahi. Azkenean, hurrengo gauean alde biak bildu egingo dira. Hasierako tirabiren ostean, giroa baretu egin da; aitzitik, gaua bitartean, zauriak berriz irekiko dira. Adiskidetzea ezinezkoa dela dirudi. Dena den, nahasmenaren erdian, protagonistetako batzuk gorrotozko zurrunbiloa geldiaraztea lortuko dute, bakealdi iraunkor baten itxaropenari ateak zabalduz.
Ciro Guerra
Mañek egoera ekonomiko zaila bizi du. Hanka bat galdu du eta horregatik ezin du lanik lortu, ezin du errenta ordaindu eta bere lagun hurkoen iseka eta mespretxuei aurre egin beharko die. Kalean hala-moduz irauten saiatuko da eta bertan ez ohiko pertsonaia bat ezagutuko du, Bogotako erdigunean 500 pesoren truke jendea bizkarrean eramatea ogibide duen gizona. ?Silletero? bat. Elkarri laguntzeko aukera dutenez, euren artean adiskidetasun bitxi bat sortuko da eta honek bizitza samurragoa egin eta libre izateko egokiera eskainiko die. Baina biek iragan bera dute, betidanik kolonbiarrek izandako indarkeriazko iragana. Iragan horrek uztartu eta bereiztu egiten ditu aldi berean, den-dena, berriro hastearen esperantza izan ezik, galdu duten izaki gisa aurkeztuz.
Nicolás Tuozzo
Carlos Velmar, trenbideetako langile ohia eta egun langabetua, telebistako aurkezle garrantzitsuenetako batek elkarrizketatu du. Carlosen kontaketak adin ezberdineko bost burdinbideetako langileen istorio bitxira eramango gaitu, bakoitza arrazoi ezberdinengatik izan baita kaleratua. Etsipenak jota dauden on gizon hauek lanik ezaren labirinto suntsitzailetik ateratzen saiatuko dira eta gero eta okerragoa den patu garratz batera bultzatu dituen errealitate batean, honek gainditu eta harritzen baititu, euren bizitzak berregiten saiatu beharko dute. Aldi berean, euren seme-alaba nerabeek, beren gurasoek bizi duten une zail hori ikusita, berariazko ekimen bat hartzea erabakiko dute baikortasun oldarkorraz, eta gau bakarrean den-denak elkartuko dira, ironia egiarekin, ausardia heriotzarekin, porrota garaipenarekin uztartuz. Betirako arrastoa utziko dien gau bat.
Aksel Hennie
Etorkizunari begira aukera gutxi dituen gazte bat da David. Osloko hiriguneko gimnasio batean munta txikiko gaizkileen artean igarotzen ditu egunak. Hala ere, bertan etxean baino hobeto dago: bere aitak gaixotasun larri bat dauka, anaiak Down-en sindromea, eta amarekin ez da ondo moldatzen. Harik eta egun batez, Poliziak gimnasioan sarekada bat egin eta Davidek bere lagunak salduko dituen arte, bera lehenbailehen askatu dezaten, hilzorian dagoen bere aita agurtu nahi baitu. Alabaina, beranduegi bide da: aita hilda eta ama minak hautsita, Davidek bere anaiaz arduratu beharko du, bere lehengo lagunak gainetik kentzeaz gain. Hartara, bizitzan benetan garrantzitsua dena bere familia dela konturatuko da eta iraganeko nahiz etorkizuneko erantzukizunak bere gain hartzen hasiko da. Behin dena galdu duenean, Davidek hutsetik abiatuta bere bizitza berregiteko aukera izango du.
Daniel MacIvor
Wilby Island-en bertako oinarriak astindu ditzakeen iskanbila bat gertatzen ari den bitartean, Duck MacDonaldek, herriko errotulugile dislexikoak, Dan Jarvis, lur jota dagoen bideo-dendako jabearen suizidioa eragotzi du. Danek Carol French, anbizio handiko higiezinen agente batek, bere etxea saltzeaz arduratu dadin lortu du, eta hartara bere azken kontuak konpondu ditu. Carolek, haatik, hil berri den bere amaginarrebaren etxea Brent Fischer alkateari saltzea du buruan. Horretarako Buddy, bere senarra erabili zezakeen, bertako Poliziako ofiziala dena, baina honek bere arreta guztia beti sexy dagoen Sandra Andersonengan jarrita dauka. Sandraren alaba, Emily, ez dago oso harro bere amarak ezkondutako gizonekin dituen maitasun-kontuekin eta honen ospe txarrarekin, baina neskari ere aurki lehendabizikoz bihotza hautsiko diote. Alabaina, denen kezkak zeharo aldatzera doaz, gau horretan norbaitek armairuan gorpu bat aurkitu orduko. Ongi etorri Wilbyra.
Luis Puenzo
Argentina-Espainia
125 min.
Noiz eta nola jakin gabe, Verak norabidea galdu du: Espainian hondartu da. Bere ezkontza-krisialdiak eta titian aurkitu dioten konkor batek, Espainiako Gerra Zibilean hildako argentinar baten argazkien epigrafeak idazteko proposamenarekin batera, bere ihesa azkartu dute. Buenos Airesen mastektomia bat egingo diote eta han bertan topatuko ditu bere hurrengo istorioa idaztera bultzatuko duten funtsezko zantzuak. Bi aldiz hondartutako bale baten misterioa argitzea edo argazkilari baten atzetik doala Patagonian prostituitu den korista batena, noizbait izandako emakumea berreskuratzeko aitzakiak besterik ez dira. Munduaren muturrean bakarrik dago, bere eleberriko protagonistak sekula ez maitemintzea zin egin zuten putetxeko ohe berean ezezagun batekin maiteminduko da, heriotzarekin tango bat dantzatu eta itsasoaren hondo-hondoan iragana hobiratuko du.