Goran Rebic
?Ship-movie? poetiko honek Danubioaren bideari jarraitzen dio, historikoki Europako ibai garrantzitsuenetako bat denari. ?Donau? ontzia -txatar zahar pila- eta bere kapitain bakartia, Franz, azken bidaia egiten ari direla, gazte batek ontzira hilkutxa bat igoko du eta hildako emakume baten azken borondateak Vienatik Danubioan behera joatera behartuko ditu. Bidaiari talde txiki batekin, ontziak bi mila kilometro nabigatuko ditu ekialderantz, bizileku berri bat aurkitu arte.
Patxi Barco
Senarra istripu batean hil zitzaionetik, pixkanaka bere bizitza berregin ari da Raquel. Egunkari bateko infografia-atalean dihardu, eta bost urte lehenago gertaturiko hilketa anizkoitz baten xehetasunak errepikatzeko enkargua jasoko du. Istripua eta hilketa gau berean gertatu ziren, eta agindu horrek esperientzia tragiko hura gogora ekarriko dio. Bi gertakariek elkarren artean loturaren bat dutela eta guztiaren ardatza bere memorian dagoela susmatzeak artegatasun-sentipen etengabea sortaraziko dio. Bien bitartean, krimen anizkoitzan parte hartzeagatik kondenatutako Ismael behin-behineko askatasunaz irtengo da kartzelatik.
Víctor Arregui
Juanen istorioa kontatzen du, delituzko ekintzatan nahasiko den gazte xalo batena, bere herrialdeko kolapso sozial, ekonomiko eta moralak bere familiarengan eta inguruan sortzen dituen amorru eta ondorioek bultzatuta. Bere nortasun lotsatiak, bat etortzen ez den amodio batek, bere familiaren txirotasunak, lagun min baten kartzelaratzeak, non-nahi dauden errepresio eta ustelkeriak, hilketa batera bultzatuko dute Juan aholku desegokiek berotuta, bere urrezko ametsa gauzatzeko baliabideak lortzearren: bere herria utzi eta beste kontinente batean etorkizun hobea bilatzea.
John Crowley
Reino Unido - Irlanda
106 min.
Amorante zoritxarreko bat eta bere lagun onena, sexu-gose den mutil zahar bat; batere konbentzionala ez den detektibe bat eta gupidarik gabeko eskuluze bat; neska eder bat, zeinak ustekabean, bera baino zaharragoa den ezkondu batekin nahasiko den; senarrak utzi berri duen bere senetik ateratako emazte bat; telebistako anbizio handiko ekoizle bat; lapurreta egin dioten senargai bat; eta bederatzi urteko mutil bihurri bat. Den-denen bizitzak maitasun modu ezberdinen bila noraezean dabiltzan pertsonaiekin gurutzatuko dira istorio hiritar honetan.
Benoît Mariage
Emakume batek bikiak izango dituela jakin du eta hori onartzeko arazo ugari ditu. Apurka-apurka neurrigabe jokatuko du. Senarra ez da emaztearen neurosiei aurre egiteko gauza. Azkenik, ?haurdunaldiaren murrizketa? bat egitea erabakiko dute, hau da, enbrioietako bat abortatzea.
Manuel Martín Cuenca
Pablo López morroi arrunta da. Hogeita hamar eta piko urte, inbertsio-banku batean dihardu eta asper-asper eginda dago. Astelehen goiz batez, auto-ilara batean Cibelesen bertan, Madrilgo aberaskume baten kabrioletaren kontra bete-betean joko du eta izugarrizko iskanbila sortuko da: aberaskumea sekulakoa da, biraoka hasiko zaio eta egundoko istiluan korapilatuko du poliziarekin eta aseguruarekin. Hortaz Pablo, ondo pasatzeko edo, neska ergelaren bizitza jasanezina egiten ahaleginduko da. Egun batean, egoeraz gogaitzen hasia denean, Pablo muturrez aurrera topatuko da Mariarekin, aberaskumearen ahizparekin. Eta egun horretan bere bizitzak norabide harrigarria hartuko du. Pablo ziniko, erresuminduak ezin pentsa zezakeen bizitzak berriro zentzua eduki zezakeenik eta, orain bere begien bistan eztanda egin duen argitasun horren aurrean, hamabost urteko neska batez ez lukeela, ezin duela maitemindu sentitzen du. Eta orduan, Pablo Lópezen bizitza betirako aldatuko duen ustekabeko zerbait gertatuko da.
Xavier Giannoli
Charlottek eta Paulek hogei urte dituzte. Elkar maite dute. Elkarrekin jakingo dute neskak gaixotasun larri bat duela. Bada beste neska bat ere, Ninon. Paulek desio du, ihesbidea da berarentzat. Charlottek hori badaki. Hiruren artean, hil ala biziko harreman bat sortuko da.
Michaela Pavlátová
República Checa - Eslovaquia
93 min.
Eva piano-jolea, bere senar Peter musikari eta konpositorearen atzetik doa Hungaria eta Eslovakia arteko mugaldeko herrixka batera. Ingurune berriaren lasaitasuna primeran datorkio Peterri, baina Evarentzat latza da bertan aukera berririk ez aurkitzea. Deserrotuta ikusten du bere burua, ez bakarrik bere familia tokitan daukalako, baizik eta baita Praga ere, berak hain ondo ezagutu eta bere lagunen bizitoki den hiria.
Hugo Rodríguez
México - Argentina - España
93 min.
Batere sex appealik gabeko hacker batek, Lolok, webcam-en bidez zelatatzen du Andrea bere bizilagun xarmagarria. El Nene eta Tomson gaizkileak ergel eztabaidan ari dira minbiziaz gaixotzeko pisuzko arrazoia tabakoa ala -bizitzako gauza guztietan bezala, dio Nenek- zoritxar hutsa besterik ez ote den. Errusiar gizen batek, bere itzalaz ere fio ez den Svóbodak, hogei diamante ditu Neneri Lolok suitzar banku bateko sarbide kodeekin grabatutako CD bat erosteko. Denak dabiltza diamanteen atzetik: Svóboda, Nene eta Tomson bizibide arrazoiak direla medio, eta Lolok bere partearekin Andrea bereganatu nahi duelako, alegiazko maitasunetik hezur-haragizkora pasatzeko.
Jorge Furtado
André ikasketak bukatu ez dituen 20 urteko gazte bat da. Liburu eta paper-denda batean lanean aritzen da Brasilgo Hegoaldeko Porto Alegre langile-auzoan. Bere amarekin bizi da, marraztea gogoko du eta baita Sílvia ere. Eta etsi-etsian 38 erreal behar ditu. Sílviak 18 urte ditu. Gauez eskolara joaten da eta egunez arropa-denda batean saltzaile gisa aritzen da. Bere aitarekin bizi da eta irakurtzea maite du. Sílviak hitzordu bat dauka Rio de Janeiroko Corcovado mendian, eta ezin du hutsik egin. Marinês Andréren lankidea da. Erosi ezin dituen soinekoak primeran geratzen zaizkio. Cardoso, berarekin maiteminduta dagoen mutila nahi bezala erabiltzen du, Marinêsek eskatu ziolako erretzeari utzi zion horixe. Andrék 38 errealak soineko bat erosteko behar ditu eta Sílviaren bizitza salbatzeko. Dirua egiteko hainbat aukera bururatzen zaizkio eta denak ondo aterako zaizkiola dirudi. Baina orduantxe hasiko dira bere arazoak.
Gennadiy Sidorov
Erdialdeko Asiatik datorren errefuxiatuen familia errusiar bat mundutik bakartuta bizi den herriska batera iristen da, argindarrik gabe eta biztanle bakarrak emakume zaharrak eta mutil bakar bat direla, azken hau Down sindromeduna gainera. Errefuxiatuei ez diete batere harrera onik egiten eta herriko gizon bakarrak, atso zaharren esamesek eraginda, iritsi berrien etxeari su ematen dio. Emakumeak, egindako basakeriaz ohartuta, sutea itzaltzera doaz azkar eta pixkanaka euren gorrotoa pena bihurtuko da, eta pena ulermen, eta ulermena begikotasun. Errefuxiatuen familia, bere aldetik, borondate ona erakusten albait gehien saiatzen da, eta horretarako herriarentzat zentral elektriko bat eraikiko dute, bi komunitateak behin betirako uztartuz.
Juan Madrid
Brigada Politiko Sozialeko komisario izandako Ricardo Torresen -Richi goitizenez ezagunagoa- eta Fatima tangertar ederraren semea da Abdul Kader Torres, zeina Madrilera itzuli berri da bere aitaren ordaingabeen agentziaz arduratzera, Ejecutivas Tánger. Negozioa ez da oso garbia ez argia, baina Abdulek bere gain hartuko du. Azken finean, galtzaile bat da, eta Tanger bere jaioterrian ez dauka egiteko handirik. Gainera, gaztetatik izan du ezinezko amets bat gauzatzeko gogoa: aitaren maitasuna bereganatzea eta hark berarekin Espainiara eraman zezala. Baina funtsik gabeko ametsa izango da. Madril ez da itxuraz dirudiena. Ezta bere aita ere. Eta agentziak ez dihardu ustez jardun behar lukeen zereginetan. Bere aitak eta Ejecutivas Tánger-ek iragan eta orainaldi ilun eta zikina dutela ohartzen hasiko da. Zer egin dezake? Hura salatu? Itxurak egin?
Christian Philibert
Garrantzi gutxiko delitu bat egin ostean, zentzatu nahian dabilen Probentzako magrebatar jatorriko gaztea da Momo. Bertako berokuntza-enpresa batean proba moduan kontratatu dute eta bere nagusi berrien, Gutti anaien, sektarismoa patxadaz hartu beharko du. Bere patroien gaitasun eta etika profesional ezarekin asaldatuta, lagun bakarra aurkituko du kalteak egin ez ditzatzen: Jacques Chevalier kixote bakarzalea. Istorio osoa gaur egun gertatzen da, Frantziako hegoaldeko herri batean, umorea eta mutirikeria direla medio.
Pieter Kuijpers
Stan, ikasle lotsati bat, eta Maikel, 20 urteko eskuluze bat, elkarren lagun egiten dira. Garrantzi gutxiko zenbait lapurketen ondoren, Maikel eta Stan krimen antolatuaren munduan nahasiko dira euren lapurreta bateko biktima bat ezustean tirokatzen dutenean, soldatapeko hiltzaile bihurtuko dira. Bien bitartean, Anna, Maikelen neska lagun xaloa, honen etxera doa bizitzera, eta ondorioz, Maikel eta Stanen arteko adiskidetasunak okerrera egingo du ezinezko amodiozko triangelu bat sortuko baita. Stan Annari gero eta bortitzagoa den Maikelengandik ihes egiten lagundu nahiko dio, baina honek Stan azken lapurreta batera behartuko du, ezinbestean hilketa izugarri batera bultzatuz. Maikel eta Stan aurrez aurre ipiniko dira. Stanek badaki Anna salbatu dezakeela, baina horrek Maikelekin duen adiskidantza etetea esan nahiko luke, eta nahiz eta odolez zikindutakoa izan, horixe baita bizitzan izan duen egiazko harreman bakarra.
Oliver Paulus , Stefan Hillebrand
Paula Hartnagelek garbitzaile moduan dihardu eta bizitza arrunt samarra darama. Bere munduan ezkutaturik bizi den ameslari sutsua da. Paulak bere bizitzako gizona topatu duela uste du Mustafa ezagutzen duenean, zinpeko zaintzaile turkiar bat, eta orduz gero, bere bizitzak guztiz bestelako norabidea hartuko du. Paulak heziketa amodioarekin nahastuko du, eta egun batez Mustafa lanera azaltzen ez denean, haren bila abiatuko da, bere bizitzako abentura handienean murgilduz. Mirarietan sinesten baitu, Mustafaren atzetik joango da Adana turkiar hiriraino, haren helbiderik, ezta telefono-zenbakirik ere ez duen arren...
Amer Alwan
Zaman eta bere emaztea Irakeko eskualde zingiratsuan bizi izan dira beti. Zumetan ezagutu zuten elkar eta han bertan, beren zumezko etxean, euren bizitzak uztartzea erabaki zuten. Egun batez, Zamanek jakiten du bere emazteak gerrak eragindako gaisotasun bitxi bat duela. Eskualdeko mediku bakarrari kontsultatzen dio eta honek sendagai bila hirira joan dadila aholkatuko dio. Tigris ibaian barrena nabigatuz, Zamanek ibaiertzetan gertatzen denari erreparatzen dio; Irakeko lurralde eta jendearen historia antzinako eta modernoaren lekuko da. Denetariko ahaleginak egin eta daukan diru xehea ahitu ondoren, Zamanek azkenik botikak lortu ditu. Pozik itzuli da etxera, eta bere emazteak pozaren pozez ematen dio ongietorria. Halarik ere, elkarri hitz gutxi batzuk besterik ezin dizkiote esan.