Tabakalerak 2025eko zine-denboraldi berria aurkeztu du. Denboraldia urtarrilaren 10ean hasiko da, Tabakalerako pantaila partekatua sustatzen duten erakundeen eskutik: Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera.
Tabakalerak hamar urte beteko ditu datorren urtean eta zine-programazioa efemeride horren luzapena izango da, urte hauetan egindako bidea eta lana balioesteko aukera.
Tabakalerako zine-pantailak bertako egonaldi-programa eta zinea babesteko deialdiei esker euren lan-ibilbidea hasi eta egonkortu duten zinegileen belaunaldiaren filmak proiektatuko ditu urtean zehar. Ekimen horiek guztiak pantaila partekatua osatzen duten erakundeek sustatu dituzte, Ikusmira Berriak edo Noka bezalako zine-sorkuntza babesteko sistema oso bat eratuz.
Ikusmira Berriak 10 urte, Zinemaldia + Plus-en parte dena, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatu dute aurten, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren hamargarren urteurrenaren harira. Ziklo berriaren xedea da atzera begiratzea eta aipatu bi erakundeek Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatzen duten Ikusmira Berriak zine-egonaldiaren hamar urteko ibilbidea esploratzea eta ospatzea. Horretarako, programaren barruan garatu eta dagoeneko amaituta dauden eta Donostia Zinemaldia edo Cannes, Venezia, Berlinale, Sundance, Locarno, Viennale, Márgenes, Torino edo Mar del Plata bezalako zinema-jaialdietan aurkeztuak izan diren 21 film proiektatuko dira.
Lehen saioan, urtarrilaren 25ean, Pablo Álvarezen El extraño (2016) film laburra eta Kiro Russoren El gran movimiento (2021) film luzea eskainiko dira. Otsailaren 1ean, bestalde, Leo Calicek eta Gerhard Tremlek zuzenduriko Calipatria etaHelena Girónen eta Samuel Delgadoren Eles transportan a morte (2021) lanak eskainiko dira. Otsailaren 8an Gwendolyn Green (Tamyka Smith, 2017) eta All Dirt Roads Taste of Salt (Raven Jackson, 2023) lanen txanda izango da, otsailaren 15ean Troterena(Xacio Baño, 2018) eta martxoaren 8an Las letras de Jordi (Maider Fernández Iriarte, 2019) lanarena.
Jarraian, oraindik data zehazteke duten programatutako beste titulu guztiak zehazten dira: Chupacabra (Grigory Kolomytsev, 2020), Stephanie (Leonardo van Dijl, 2020) eta Creatura (Elena Martín Gimeno, 2023), Jo ta ke (Aitziber Olaskoaga, 2020), Fantasía (Aitor Merino, 2021) -Amaia Merinok ere film honen proiektu-fasean parte hartu zuen-, El agua (Elena López Riera, 2022), Suro (Mikel Gurrea, 2022), Pornomelancholia (Manuel Abramovich, 2022), Antier noche (Alberto Martín Menacho, 2023), O Corno (Jaione Camborda, 2023), Dormir de olhos abertos (Nele Wohlatz, 2024), Ulysses (Hikaru Uwagawa, 2024) eta Monólogo colectivo (Jessica Sarah Rinland, 2024). Ikusmira Berriak ekimenekoak izanik ere, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa (2019) eta Arantza Santestebanen 918 gau (2022) ez dira atzerabegirakoan proiektatuko, Euskadiko Filmategiaren Euskal Emakume Zinemagileen zikloan eskaini berriak direlako. Nolanahi ere, bi zinegileek ospakizunean parte hartuko dute zikloaren film bat aurkeztuz.
Urteurrena osatzeko, liburu bat argitaratuko da (udaberrirako aurreikusia). Bertan, Ikusmira Berriak ekimenari buruzko ahotsak, irudiak eta gogoetak jasoko dira. Programan parte hartu duten hamar zinemagileri egindako elkarrizketez gain, tutoretzetan parte hartu duten edo proiektua bultzatu duten erakundeetako ordezkarien ekarpenak ere jasoko dira. Funtsean, egonaldiaren 10 urteak kontatu eta bere historiaren parte diren 53 zinemagileak bilduko dituen memoria bat da.
Bestalde, Zinemaldia + Plusek 2025eko Donostia Sarien filmografiari loturiko ohiko proiekzioak ere eskainiko ditu irailean.
Ekainaren 13tik 15era bitarteko asteburuan, Tabakalera Belaunaldia jaialdia egingo da. Bertan, EQZEn garatutako proiektuak eta nazioarteko hainbat jaialditan estreinatutako filmak proiektatuko dira, gorabidean dagoen zinema-talentua sustatzeko programetan garatu direnak, hala nola Noka. Euskal zinemagileek zuzendutako film luzeen tutorizazioari, laguntzari eta babesari eskainitako ekimena da, eta 2019an hasi zenetik hogei bat emakume zinemagilek parte hartu dute.
Feminismoa Tabakalerako zine-programaren beste ardatzetako bat izango da. Protagonismo berezia izango du Nosferatu edo Euskal Emakume Zinemagileen bosgarren edizioa bezalako zikloetan, bai eta 2025ean egingo diren ziklo espezifikoetan ere: Patricia Mazuyri eskainitako atzerabegirakoa edota Zinea eta Literatura uztartzen dituen Chantal Akermanen ingurukoa. Azken horretan Itxaro Borda, Karmele Jaio eta Danele Sarriugarte idazleek parte hartuko dute. Ikuspegi eta praktika feminista, halaber, beste ziklo eta proiekzio batzuetan ere nabarmenduko dira, programazioan landuko diren gaien edo gonbidatuen bitartez.
Datorren urtarrilaren 15ean, Tabakaleran, Nosferatu ziklo berria hasiko da: Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak. Ziklo hau ikuspegi femenino eta feministatik hurbiltzen da zinemaren historiara, eta bere 130 urteak errepasatuko ditu garai eta jatorri guztietako emakume sortzaileek zuzendutako filmen bitartez.
Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – La Filmotecaren lankidetzarekin, eta 2025eko urtarriletik abendura bitartean garatuko da.
1896tik, Alice Guy aitzindari frantsesaren lanekin hasita (bera izango da lehen saioan protagonista eta bere hiru film proiektatuko dira Mabel Normanden film batekin batera) gaur arte, ziklo honek emakume zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktoreen lana berrikusi, proiektatu eta aldarrikatu nahi du; haietako batzuk azken urteetan aitortuak eta erreibindikatuak izan dira, eta beste asko, berriz, ahaztuak eta zinemaren historiatik ezabatuak.
Atzerabegirakoari hasiera emateko, Lois Weber, Frances Marion, Musidora, Dorothy Arzner, Ana Mariscal eta Ida Lupino (klasikoak) aitzindarien lana erakutsiko da; jarraitzeko, beste askoren artean, Agnès Varda, Chantal Akerman, Lorenza Mazzetti, Lina Wertmüller, Larisa Shepitko eta Barbara Lodenen (modernoak) filmak izango dira, eta udazkenean itxiko da, Susan Seidelman, Naomi Kawase, Kathryn Bigelow, Jane Campion, Isabel Coixet eta Mati Diop bezalako zinemagile bitxiekin.
Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine, Elisa McCauslandek eta Diego Salgadok koordinatua, 2025eko urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Iratxe Fresnedak koordinatua, datorren urtearen amaieran editatuko da.
Euskadiko Filmategiak, DIPC − Donostia International Physics Center eta Donostia Zinemaldiarekin batera antolatzen duen Zinema eta Zientzia zikloaren zortzigarren edizioarekin hasiko du urtea. The Theory of Everything -La teoría del todo- (James Marsh, 2014) lanak irekiko du urtea, datorren urtarrilaren 10ean, ostiralean. Aurkezpena Pedro Miguel Etxenike, fisikari eta DIPCko presidenteak egingo du. Programa hau zinema-lengoaiaren unibertsaltasunaz baliatzen da pentsamendu zientifikoaren sakontasuna erakusteko, eta bere xedea zinema- eta zientzia-kultura transmititzea da. Zikloa osatuko duten hamabi filmak, bai eta eskolentzako saioak ere, urtarrila hasieran iragarriko dira.
Apirila eta ekaina bitartean Euskal Emakume Zinemagileen bosgarren eta azken edizioa egingo da. Bertan, 1980ko eta 90eko hamarkadetan jaiotako emakume zinegileen film luzeak proiektatuko dira. Orain arte ziklo hau udazkenean egiten bazen ere, datorren urtean apirilean, maiatzean eta ekainean garatuko da. Uztailean Jazzinema, zine eta jazzaren arteko zorioneko sinbiosiaren txanda izango da. Eta 2025eko iraila (Donostia Zinemaldian zehar) eta abendua bitartean, eta bost euskal hiriburutan, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak Klasikoak zikloa proiektatuko dute, hiru ardatz handi dituen eta zazpigarren artearen historiako film zaharberritu eta ospetsuak erreskatatuko dituena: denboran eta espazioan zehar hedaturiko zine klasikoko jaialdi bat.
Urtarrilaren 23an, Peaux de vaches filmaren proiekzioarekin, Tabakalerak Patricia Mazuyri buruzko atzerabegirakoa abiatuko du. Mazuy Leone eta Peckinpah egileen zinean trebatu zen eta Agnès Varda handiaren ikastuna izan zen. Bere filmografiak hiru hamarkada luzetan zehar hedaturiko sei film biltzen ditu. Guztien ezaugarri komunak dira indarkeria, umorea, landa-mundua eta genero-nahastea.
Urtarriletik aurrera zinea eta literatura uztartzen dituen zikloa itzuliko da. 2025ean, Chantal Akerman izango da bere protagonista. Urtarrilaren 16an egingo den lehen saioan Jeanne Dielman, 23, quai du Commerce, 1080 Bruxelles zinema-mugarria proiektatuko da eta aurkezpena Itxaro Borda idazleak egingo du.
Roberto Minervini AEBetan bizi den zuzendari, produktore eta argazkilari italiarra da. Stop the Pounding Heart (2014) lanarekin egin zen ospetsu nazioartean. The Other Side (2016) Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatu zuen. Ipar Amerikako landa-gizartea islatzen duen lan intimista eta politikoengatik ezaguna, fikzioaren eta dokumentalaren arteko erdibide horretan kokatzen da. Marjinatutako pertsonen bere erretratuek zinegile eztabaidatsua bilakatu dute, baina behar-beharrezkoa ere bai egungo zinearen panoraman. Minervinik maiatzaren amaieran bisitatuko du Tabakalera.
Tabakalerak, era berean, bere programazioan zinegileen eta ikusleen arteko gerturatzea eta sorkuntza-diziplina ezberdinen arteko gurutzatzeak bultzatzen jarraituko du. Zinegileei beren filmak sortzeko prozesuaz hitz egiteko topagune bat proposatzen dien Kontatutako Zinea bezalako proiektuek, Kameleoiak Gara! familientzako saioek, Zine garaikidea edo Zinea eta Musikak zikloek 2025ean ere jarraituko dute.
Halaber, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zine-aretora ikusle berriak erakartzea xede duten programazioak sustatzen jarraituko du Tabakalerak. UPV/EHUko ikasleak biltzen dituen Gazteak zinean programazio-taldeak hilean behin eskainiko ditu eurek aukeratutako pelikulak Tabakalerako zine-aretoan. Urtarrilaren 30ean Mathieu Kassovitzen La Haine (1995) lana proiektatuko dute.
Tabakalerako zine-bonua aurten ere eskuragarri egongo da. 120 €-ren truke, pantaila partekatuko kide diren erakundeek 2025ean zehar programatuko dituzten 40 saiotara sartzeko aukera emango du: Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine-Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera (2025eko Donostia Zinemaldian zehar programatutako filmak salbu).
Beste behin, bonua erosteak Nosferatu Bildumaren bi argitalpenetako bat eskuratzeko aukera emango du: AEBetako western post-klasikoa eta garaikidea edo aurrez aipatutako Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine.
Bonua 2024ko abenduaren 20tik (eguerdiko 12:00ak) 2025eko urtarrilaren 31ra arte (eguerdiko 12:00ak) eskura daiteke, Tabakalerako webgunean zein zentroaren Informazio Puntuan. Aipatu datan eta orduan irekiko da, leku beretan, urtarrilean egingo diren proiekzioen sarrera arrunten salmenta ere.
Bonua 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte (biak barne) erabili ahalko da. Bonuari loturiko izapide guztiak Tabakalerako webgunean zein zentroaren Informazio Puntuan egin daitezke: bonua erostea, beste norbaiti bidaltzea opari gisa, filmetarako sarrerak bonuaren deskontuarekin lortzea edo geratzen den zenbatekoa kontsultatzea.
2025 zine-bonuari eta urtarrilerako aurreikusi diren proiekzioei loturiko informazio guztia Tabakalerako webgunean kontsulta daiteke.