Zazpi film lehiatuko dira RTVE-Beste Begirada XVIII. Saria eskuratzeko Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan (irailaren 20tik 28ra). RTVEk −Zinemaldiaren babesle ofizialak− urtero ematen dio sari hau emakumearen errealitatetik hurbil dauden gaiak arlo guztietan lantzen dituen film luze bati. Beren filmetan askotariko gaiak genero-ikuspegitik jorratzen dituzten sortzaileek −nola emakumeek hala gizonek− zuzendutako, antzeztutako edo idatzitako zinema, hain justu.
Aurtengo edizioko epaimahaia Elena Sánchez Caballero RTVEko presidente ohiak, Juana Macías zinemagileak eta Paz Lázaro ekoizle eta programatzaileak osatzen dute epaimahaia.
Sail Ofizialeko bi lan lehiatuko dira RTVE-Beste Begirada Sarirako: Audrey Diwanen Emmanuelle (Frantzia) eta Laura Carreriraren On Falling (Erresuma Batua-Portugal). Bestalde, New Directorseko Belkis Bayraken Gülizar / Gulizar (Turkia-Kosovo) ere arituko da lehian, baita Horizontes Latinoseko La piel en primavera / Skin in Spring (Konlonbia-Txile) eta Cidade; Campo (Brasil-Alemania-Frantzia) ere, Yennifer Uribe Alzatek eta Juliana Rojasek zuzenduak, hurrenez hurren. Zabaltegi-Tabakalera sailari gagozkiola, Dea Kulumbegashviliren Aprili / April (Georgia-Italia-Frantzia) filmak hartuko du parte eta Perlak sailari dagokionez, azkenik, Payal Kapadiaren All We Imagine as Light (Frantzia-India-Herbehereak-Luxenburgo).
Saria irailaren 28an (larunbata) entregatuko da Zinemaldiaren amaierako galan.
Saria lortzeko lehian ariko diren lanak edizio bakoitzean estreinatzen direnen artean hautatzen ditu Zinemaldiak. Iaz Kitty Greenen The Royal Hotel filma saritu zuten, eta aipamen berezia egin zioten Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt pelikulari.
Aurtengo edizioan, RTVEk hiru gala egingo ditu Donostia Zinemaldian, taldeak partaidetutako filmak aurkezteko: ¿Es el enemigo? La película de Gila / May I Speak with the Enemy? (Alexis Morante), Escape (Rodrigo Cortés), eta Las chicas de la estación / The Girls at the Station (Juana Macías).
Sail Ofiziala
Emmanuelle galdutako plazer baten bila dabil. Hong Kongera joango da bakarrik negozio-bidaia batean, eta hiri sentsual global horretan jende ugarirekin elkartuko da. Kei ezagutuko du, baina gizonak behin eta berriz saihestuko du Emmanuelle.
On Fallingeko protagonista Aurora da, Eskoziako biltegi handi batean lan egiten duen emakume portugaldar bat. Lantokiko hormen eta pisu partekatuko bakardadearen artean harrapatuta, Aurora isolamenduari, alienazioari eta elkarrizketa hutsalei aurre egiten saiatzen da, baina bere buruaz duen kontzientzia arriskuan egoten hasiko da. Algoritmoetan oinarritutako eta isolatuta mantentzeko diseinatutako ekonomiak zuzendutako ingurune batean, On Fallingek zentzua aurkitzeko eta konektatzeko borroka isil eta bizia arakatzen du.
New Directors
Emrek ez du salatu Gülizar emaztegaiak jasandako sexu-erasoa, baina errudunaren bila joatea erabakiko du geroago. Gülizarrek ezkontza prestatu behar du eta klaustrofobiko eta mutu bihurtuko zaio ataza pixkanaka, beldur baita ez ote den jakingo nork eraso zuen. Isiltasunaren erresumina nola emakumea bera hala Emrekiko maitasuna erretzen ari da.
Horizontes Latinos
Hiriaren eta landaren arteko migrazioekin lotutako bi istorio. Lehen zatian, hondakin-presa bat erori eta Joanaren sorterria urpean geratu ondoren, landa-langileak São Paulora joan beharko du bere ahizpa Taniarekin eta haren biloba Jaimerekin bizitzera. Joanak borroka egin beharko du langile-hiri batean aurrera ateratzeko. Bigarren zatian, aita hil ondoren, Flavia aita zenaren baserrira joango da haren emazte Mararekin (aita-alabak elkarrengandik aldenduta zeuden). Naturak frustrazioei aurre egitera eta oroitzapen eta mamu zaharrei aurre egitera behartuko ditu bi emakumeak.
Sandra merkataritzagune bateko segurtasun-zaindari berria da. Bere lehen lan-egunean, autobus-gidari batekin gurutzatu eta maitasun-harreman bat hasiko du gizonarekin. Bere bizitza intimoari aurre egin eta askatasun-bideari ekingo dio Sandrak bere desira-esperientziaren bitartez.
Zabaltegi-Tabakalera
Erditze batean haurtxo bat hil ondoren, Nina obstetra-ginekologoaren morala eta profesionaltasuna epaitzen hasiko dira eta legez kanpoko abortuak egiten dituelako zurrumurruak daude
Perlak
Mumbain, Prabha erizainaren errutina korapilatu egingo da senarraren ezusteko opari bat jasotzen duenean. Prabharen gelakide gaztea –Anu– alferrik ahalegintzen da hirian mutil-lagunarekin bakarka egoteko leku bat aurkitzen. Kostaldeko herri batera bidaiatuko dute, eta hor izango dute aukera euren desioak azaleratzeko.