Donostia Zinemaldiak, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute egonaldietarako eta ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Ikusmira Berriak programa, eta uztailaren 2tik aurrera abian da hamaikagarren deialdia. Aurten ekimenaren hamargarren urteurrena da, eta hori ospatzeko liburu bat argitaratuko du, programari buruzko ahotsak, irudiak eta gogoetak jasoko dituena, bai eta film-egunkari bat ere, Ikusmira Berriak programan garatutako filmak estreinatu dituzten zinemagileen partaidetzarekin.
Euskadiko, Espainiako eta beste herrialde batzuetako zinemagileek irailaren 2ra arte aurkeztu ahalko dituzte beren proiektuak, baita Nest sailean parte hartu dutenek eta EQZEko ikasleek ere. Online inskribatu behar da, eta sinopsi, tratamendu, asmo-gutun eta biofilmografiaz osatutako txosten bat aurkeztu beharko dute interesdunek. Azaroan jakinaraziko da kategoria bakoitzean zer lan hautatu diren.
Egonaldiaren zortzi asteak bi denboralditan banatzen dira: sei aste 2025eko martxotik apirilera, Donostiako Tabakalera zentroan proiektua abian jartzeko, eta beste bi aste irailean, Zinemaldia egiten ari den bitartean: hautatutako zuzendariak Zinemaldira bertaratuko dira, euren lanak –jada garatuagoak– zinema-industriako ordezkariei erakusteko.
Maiatzetik irailera, zinemagile bakoitzak online tutoretza-saioak jasoko ditu hainbat profesionalen eskutik bere proiektua lantzen jarraitzen duen bitartean, eta ekainean laguntza ekonomiko bat emango zaio, egonaldiko bi denboraldien artean lanean jarraitzeko aukera izan dezan.
2024an, Ikusmira Berriak programa abian jarri zeneko hamargarren urteurrena beteko da: 2015etik –lehen edizioa egin zenez geroztik–, ikus-entzunezko 50 proiektu garatzen lagundu du Ikusmira Berriak programak; horietako 21 nazioarteko jaialdietan estreinatu eta aurkeztu dira, hamabostek sariak jaso dituzte eta gainerakoak garapen-fasean daude. Hala, aurreikusita dago 2024ko udatik aurrera Irati Gorostidi (Anekumen, Ikusmira Berriak 2022), Jaume Claret Muxart (Estrany Riu / Strange River, Ikusmira Berriak 2022) eta Gabriel Azorín (Anoche conquisté Tebas / Last Night I Conquered the City of Thebes, Ikusmira Berriak 2020) egileen filmaketak hasiko direla.
Ikusmira Berriak programa jada ari da hainbat proposamen prestatzen bere hamar urteak ospatzeko. Batetik, Zinemaldia, Tabakalera eta EQZE argitalpen monografiko bat amaitzen ari dira, programaren ahotsak, irudiak eta gogoetak bilduko dituena. Egonaldian filmak irudikatzen hasi ziren zinemagileen begiradaren bidez eratuta egongo da liburua, eta Ikusmira Berriak ekimenaren historiaren parte diren pertsonek eta hainbat esparrutako profesionalek ere parte hartuko dute.
Bestalde, EQZEko ikasle izandako Magdalena Orellana zinemagileari enkargatutako film-egunkari bat ere zabalduko da; 2021ean Ikusmira Berriak programan parte hartu zuen Orellanak, Hasta que el lugar se haga improbable / Until the Place Becomes Improbablederitzon eta egun garatzen ari den film luzearekin. Zinemaldiaren hurrengo edizioa hasi arte, ikus-entzunezko piezak argitaratuko dira arian-arian, egonaldietan garatutako filma jada estreinatu duten zinemagileen esperientzia jasotzeko. Film-egunkariaren lehen zatia gaur bertan atera da eta Jaione Camborda donostiarra du protagonista; iaz, Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen Cambordak, O Corno / The Rye Horn lanarekin.
Azken urteotan, Ikusmira Berriak programak nazioartean sendotzea lortu du, eta haren proiektuek mundu osoko zinema-jaialdi askotan parte hartu dute. Aurten, adibidez, Nele Wohlatz egilearen (Ikusmira Berriak 2018) Dormen os peixes de olhos abertos? / Do Fish Sleep With Their Eyes Open? obra Berlinaleko Encounters atalean hautatu dute eta Fipresci saria jaso du. Joan den urtean, Jaione Cambordaren (Ikusmira Berriak 2020) O Corno / The Rye Horn filmak epaimahaiaren Urrezko Maskorra jaso zuen (Claire Denis izan zen epaimahaiburua) Donostia Zinemaldian; halaber, Raven Jacksonen (Ikusmira Berriak 2019) All Dirt Roads Taste of Salt ere programatu zen Zinemaldian, Sundance jaialdian estreinatu ondoren (lanak Signis saria eta RTVE-Beste Begirada Saria lortu zituen). Gainera, Elena Martín Gimenoren Creatura (Ikusmira Berriak 2020) Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean hautatu zuten eta Europa Cinemas Label saria jaso zuen, Made in Spain atalean programatu aurretik.
2023ko amaieraz geroztik, Ikusmira Berriak programak webgune berri bat du, programaren filosofia hobeto islatzeaz gainera, edizio bakoitzean hautatutako proiektuak artxibatzeko ere balio duena. Webgunearen atal batean, programan garatutako filmek jaialdietan izandako ibilbidea eta jada estreinatutako filmek bildutako sarien zerrenda daude.
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: IRAILAK 2