Ikusmira Berriak programaren hamargarren edizioko Maria Elorza, Marieke Elzerman, Felipe Gálvez, Lucy Kerr, Mikele Landa eta Cande Lázaro egoiliarrak iragan hilaren 4tik ari dira lanean Tabakaleran, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Donostian, Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elías Quirejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten egonaldietako eta ikus-entzunezko proiektuen garapenerako programaren testuinguruan.
Aste honetan aurrez aurreko saioak egin dira Ikusmira Berriak programako adituen batzordeko kideekin, Flor Clérico ekoizle eta aholkulariarekin, Olimpia Pont Confer aholkulariarekin eta Javier Martín aholkulari eta Donostia Zinemaldiko hautaketa batzordeko kidearekin. Gainera, Ikusmira Berriak programaren berezitasunetako bat da programak berariaz hautatzen dituela aukeratutako proiektuen tutore izango diren profesionalak, haien beharrak eta zinemagileen beharrak kontuan hartuta.
Hala bada, Urrezko bi Maskorrekin saritutako Isasi Lacuestak lagunduko dio Felipe Gálvez zuzendari txiletarrari bere bigarren filmean (Impunidad / Impunity), Cannesen Fipresci Saria jaso zuen Los colonos / The Settlers filmarekin debuta egin ondoren. Albertina Carri errealizadore eta programatzaile argentinarrak tutorizatuko du Cande Lázaro artista bisuala, zinemagilea eta 2021ean Tabakalerako Artisten Espazioko egoiliarra La Pastora / The Shepherdness film ez binarioa garatzen duen bitartean. Elena López Rierak, haren aurreneko filma, El agua / The Water (2022), Ikusmira Berriak programatik igaro eta Cannesko Zinemagileen Hamabostaldian aukeratu baitzuten, lagunduko dio Marieke Elzerman zinemagile herbeheretarrari, haren lehenengo film luzea, Wash Over, osatzeko prozesuan. Catarina Vasconcelos zinemagile eta ekoizle portugaldarrak, A Metamorfose dos Pássaros / The Metamorphosis of Birds (2020) obraren zuzendariak, beste horrenbeste egingo du Lucy Kerr estatubatuarrarekin eta The Bow filmarekin, Locarnon Family Portrait filmarekin saria lortu ondoren egingo duen bigarren filmean ari baita Kerr. Jean-Gabriel Périot zinemagile frantsesa, 2018an Zabaltegi-Tabakalera Saria irabazi zuena Song for the Jungle filmarekin, izango da Maria Elorza euskal zuzendariaren tutorea; Elorza, A los libros y a las mujeres canto / To Books and Women I Sing filmak izandako arrakastaren ondotik, bere bigarren film luzea lantzen ari da, Caro Bastiano. Eta Laura Citarella produktore argentinarrak, Trenque Lauquen film arrakastatsuaren zuzendariak (Venezia, Zabaltegi-Tabakalera, Mar del Plata) lagunduko dio aurreneko film luzea, Senda, lantzen ari den Mikele Landa euskal zuzendariari.
Banakako lan denboraz eta adituen batzordearekin eta banakako tutoreekin egindako saioez gain, Ikusmira Berriak programaren hamargarren edizio honetan 2016an Ikusmira Berriak programan egoiliar izandako Mikel Gurrea zinemagilearen Suro proiektua aurkeztuko da, eta martxoaren 18an eta 19an haren lehen film luzea idazteko eta sortzeko prozesua partekatuko du. Suro filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen 2022an, eta Fipresci Saria eta Euskal Zinemari ematen zaion Irizar Saria jaso zituen, besteak beste. Gainera, apirilak 2 eta 5 bitartean egoiliarrek ‘Pensar el proyecto en términos de montaje’ tailerrean parte hartuko dute Ariadna Ribas (Creatura, Tourment sur les îles / Pacifiction, Suro) eta Ana Pfaff (Estiu 1993 / Verano 1993, Alcarràs) muntatzaileekin. Bestalde, lehenengo egonaldian, egoiliarrek aukera izango dute Tabakalerako zine emanaldietan sartzeko eta Medialab eta Ikus-entzunezko Laborategiko zerbitzu eta baliabide guztiak erabiltzeko.
Ekainean, egoiliar bakoitzak garapenerako 10.000 euroko laguntza jasoko du bi egonaldien artean proiektua lantzen jarrai dezan. Uztailean online egingo dira banakako tutoretzak, eta irailean, Zinemaldiarekin bat eginez, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko. Fase horretan, zinematografia industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete proiektua, eta hitzordu agenda pertsonalizatua izango dute beren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin.
Fipresci Saria Berlinen, Urrezko Maskorra, Saria Quinzaine des cinéastes hamabostaldian eta 2024rako aurreikuspenak
Ikusmira Berriak programak nazioarteko sendotze handiko unea bizi du: iaz Elena Martín Gimenoren Creatura filma (Ikusmira Berriak, 2020) hautatu zuen Cannesko Quinzaine des Cinéastes hamabostaldian, eta Europa Cinemas Label saria jaso zuen; Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt filma (Ikusmira Berriak, 2019) Sundancen eta Donostian programatu zen, eta Donostian RTVE-Beste Begirada Sarian aipamen berezia jaso zuen; eta Jaione Cambordaren O Corno / The Rye Horn filma (Ikusmira Berriak, 2019) Urrezko Maskorrarekin saritu zuen Claire Denis buru izan zuen epaimahaiak. Aurten, Berlinalen, Nele Wohlatzen (Ikusmira Berriak, 2018) Dormir de olhos abertos? / Sleep with Your Eyes Open? filma aukeratu dute Encountersen, eta Fipresci Sariarekin aintzatetsi dute.
2015ean aurreneko edizioa egin zuenetik, Ikusmira Berriak programak ikus-entzunezko 44 proiektu garatzen lagundu du. Horietatik 21 nazioarteko jaialdietan estreinatu eta aurkeztu dira, hamahiru saridun gertatu dira, eta gainerakoak garapen fasean daude. 2024an daude aurreikusita Diego Céspedesen, Eduardo Cresporen eta Irati Gorostidiren filmei (hurrenez hurren, La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo, Ikusmira Berriak 2020; La gruta del viento / The Wind’s Cave, Ikusmira Berriak 2021; eta Anekumen, Ikusmira Berriak 2022) dagozkien filmaketa lanak.
Programak aurten bere hamargarren urteurrena du, eta ekimen batzuk prestatzen ari da egindako ibilbidea ospatzeko; horien artean, Ikusmira Berriak programan garatutako filma estreinatu duten hogei zinemagilerekin osatutako film egunkari bat.