Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioak dilema zientifiko sakonenetan murgiltzea proposatzen du. Helburu horrekin, hamar film proiektatuko dira urtarriletik martxora bitartean Gasteizen (Artium Museoa), Donostian (Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Bilbon (EHUren Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriuma), Iruñean (Golem Baiona zinemak) eta Donibane Lohitzunen (Le Sélect zinema). Horretaz gainera, ikus-entzuleek nazioarteko ospea duten hogei bat zientzialari-rekin eztabaidatu ahal izango dute askotariko gaiak hizpide hartuta, hala nola bonba atomikoa, adimen artifiziala eta biztanleria zahartzea.
Gaur Donostian egin den prentsaurrekoan izan dira Joxean Fernández (Euskadiko Filmategiko zuzendaria), Ricardo Díez Muiño (Donostia International Physics Centerreko zuzendaria), Edurne Ormazabal (Tabakalerako zuzendari nagusia), Bingen Zupiria (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua) eta Jokin Bildarratz (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua). Ekitaldian izan dira, orobat, Miguel Zugaza (Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria), José Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldiko zuzendaria) eta Beatriz Herráez (Artium Museoko zuzendaria).
Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak elkarrekin antolatu dute zikloa, eta haren helburua da kultura zinematografikoa eta zientifikoa zabaltzea. Joxean Fernándezen esanean, zazpigarren edizio honetan maiz hitz egingo da zientzia-komunitateek “inguruabar historiko eta geografiko oso jakinetan” planteatzen dituzten “dilema eta borrokei buruz”. “Robert Oppenheimer, Hedy Lamarr, Ignaz Semmelweis eta halako izenak bildu ditugu ziklo honetan, eta zinema klasikoa, garaikidea, fikziokoa, ez-fikziokoa eta animaziozkoa uztartu ditugu. Hautaketa-irizpideari dagokionez, kalitate zinematografikoa lehenetsi da beti, eta, horretaz gainera, filmek ikuspegi zientifikotik irakurketa bat egiteko aukera eskaintzea”, jakinarazi du.
Díez Muiñok, berriz, zikloaren ospea nabarmendu du. “Handitu eta handitu ari da. Aurten mundu zabaleko pantailetan eman dute Robert Oppenheimer fisikariaren bizitza liluragarria. Hori aprobetxaturik, erakutsi nahi dugu askotariko ikuspegietatik plantea daitekeela zinemaren eta zientziaren arteko elkarrizketa, eta guztiak direla erakargarriak eta aberasgarriak. Ziklo honek ederki erakusten du zeinen konplexua eta ederra den zinemaren eta zientziaren arteko harremana, zein baino zein sormen handiagokoak”, gaineratu du.
Zupiria sailburuak adierazi duenez, “auzolanean, lankidetzan, osotzen den zikloa da”. “Gure kulturaren ekosisteman lankidetza errotuta dago eta lankidetza horretatik proiektu interesgarri asko ateratzen dira, balio berriak eta ezagutza berriak sortzen dituztenak, tartean, gaur aurkezten dugun ziklo hau. Hitzordu honek, edo hobeto esanda, zientzia eta zinearekin lotutako hitzordu hauek, aukera ematen digute gure jakinmina asetzeko edo agian, nork daki, jakinmin handiagoa pizteko”, esan du.
Bukatzeko, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu du zinema-ziklo hau bat datorrela Hezkuntza sailaren helburu nagusienetako batekin, alegia, zientzia dibulgazioarekin. Ildo horretan, ezagutza zientifikoa zabaldu eta zientzialarien lana ezagutarazteko sailak urtero bultzatzen dituen hainbat ekimen aipatu ditu, hala nola Passion for Knowledge jaialdia edo Naukas, Ciencia Show, Zientzia Kalean eta Zientzia Ikasgelan programak. “Bistan dago Zinema eta Zientzia zikloak gauza bera bilatzen duela: modu entretenigarri batean zientziaren nondik-norakoak gizarteratzea”, azaldu du.
Zikloa urtarrilaren 11n hasiko da (osteguna), eta Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) filma emango dute Gasteizen eta Donostian. Pelikula horrek bonba atomikoaren sorreraren historia kontatzen du, bai eta aurkikuntza horrek eragin zituen dilemak ere. Filma Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta DIPCko presidenteak aurkeztuko du Tabakaleran (urtarrilak 11), Bilbon (urtarrilak 13) eta Iruñean (urtarrilak 16), zeinak ederki ezagutzen baitu Robert Oppenheimer fisikari estatubatuarraren biografia. Ekitaldi berezi hau ospatzeko, Etxenike irakasleak hitzaldi bat eskainiko du proiekzioen aurretik (18:00etan) eta proiekzioak ohiko ordutegian izango dira (19:00etan).
Semmelweis (André de Toth, 1940) filmak Ignaz Semmelweis medikuaren figura nabarmentzen du. Sendagile hura prozedura antiseptikoen aitzindaria izan zen, eta hortzak erakutsi zizkion XIX. mendearen erdialdeko komunitate medikoari, erditu ondoren hiltzen ziren emakume askoren bizitza salbatzeko. Plan 75 (Chie Hayakawa, 2022) filma Canneseko Zinema Jaialdian eman zuten orain bi urte, eta gizartea zahartzearen auzia jorratzen du. Bombshell: la historia de Hedy Lamarr (Alexandra Dean, 2017) filmak, berriz, Hollywood klasikoko antzezle haren historia kontatzen du: ezkutuan geratu zen Lamarrek ikertzaile gisa eginiko lana, nahiz eta bera izan zen distantzia luzeetako haririk gabeko komunikazioaren aitzindari.
Horietaz gainera, bi klasiko ere proiektatuko dira, zinemaren historiako izen garrantzitsuenetako batzuk protagonista dituztenak: batetik, Memorias de África (Sydney Pollack, 1985), Meryl Streep eta Robert Redford protagonista dituen filma, basa bizitzaren handitasuna erakusten duena; eta, bestetik, Baby hezten (Howard Hawks, 1938), Katharine Hepburn eta Cary Grantek antzeztutako komedia zoragarria.
Vicente Arandak 1986an eraman zuen pantaila handira Tiempo de silencio, Luis Martín-Santos idazle eta medikuaren obra klasikoa. 2024an 100 urte beteko dira Martín-Santos jaio zela. Ekaitz perfektua (Wolfgang Petersen, 2000) aukera aproposa izango da meteorologiaz hitz egiteko, eta Mars Express (Jérémie Périn, 2023) animaziozko filma, berriz, adimen artifizialari buruz aritzeko. Azkenik, gai hori bera jorratzen da Zinema eta Zientzia zikloaren aurtengo edizioa itxiko duen filmean ere, hau da, Werner Herzog zinemagile alemaniarraren Theater of Thought (2022) obran.
Programa osorik emango dute Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Donibane Lohitzunen, berriz, La vie du Dr. Semmelweis, Out of Africa, Mars Express, L’Imposible Mr. Bébé eta Oppenheimer ikusi ahal izango dira.
Filmak aurkezten izango dira: Javier Aizpurua (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria), Itziar Alkorta (EHUko biokimikaria), Amaia Bernaras (Euskadiko Parke Teknologikoko ingeniari informatikoa), Igor Campillo (Euskampuseko eta DIPCko fisikaria), Fernando Cossío (EHUko eta Ikerbasqueko kimikaria), Pedro Miguel Etxenike (DIPCko eta EHUko fisikaria), Aitzol García Etxarri (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria), Maia Garcia-Vergniory (DIPCko eta Max Planck Institute for Chemical Physics of Solids-eko fisikaria), Miguel Angel Goenaga (Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikua), Mari Luz Guenaga (Deustuko Unibertsitateko ingeniari informatikoa), Ane Insausti (Mubil Fundazioko-Gipuzkoako Foru Aldundiko telekomunikazio-ingeniaria), Ignacio López-Goñi (Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologoa), Maialen Martija (Euskalmet/Tecnaliako fisikaria), Idoia Mujika (EHUko CFM CSIC Materialen Fisika Zentroko kimikaria), Juan Ignacio Pérez Iglesias (EHUko eta DIPCko biologoa), Onintze Salazar (Euskalmet/Tecnaliako fisikaria), Itziar Vergara (IIS Biogipuzkoako medikua), Rafael Yuste (Columbia University-ko neurobiologoa), Didier Roux (L’Académie des Sciences et des Technologies-eko fisikaria eta kimikaria) eta Ricardo Díez Muiño (DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria).
Azkenik, ikastetxeei zuzendutako goizeko saioak ere izango dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Saiootan, Mars Express (Jérémie Périn, 2023) proiektatuko da euskarazko azpitituluekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hitz ikerketa-taldeko Rodrigo Agerri eta Izaskun Etxeberriak aurkeztuko dute.
Sarrerak online eta leihatiletan erosi ahalko dira: Tabakaleran, Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan (saioak Bizkaia Aretoan izango dira, pinakotekan obrak egiten ari baitira) eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinema-aretoetan. Txartelek 3,50 eta 6 euro bitartean balioko dute (deskontuak sartu gabe). Informazio guztia www.filmoteka.eus atarian.