Marina Palacio zinemagile eta diziplina anitzeko artistak [Film Not Found_Try Again] erakusketa aurkeztu du gaur Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Zehazki, existitzen ez diren filmen kartelez osatutako argazki-proiektu bat da, eta protagonistak Donostia Zinemaldiko hainbat departamentutan lan egiten duten pertsonak dira edo zinema-sektoreko kide direlako Zinemaldiarekin lotuta daude.
Urriaren 31ra arte, Tabakalerako bigarren solairuan –Zinemaldiaren bulegoetarako sarbidean, hain zuzen ere–, zinema-kartel faltsuen erakusketa hau egongo da ikusgai. Kartel horietan, artistak irudiak eta testua manipulatu ditu, protagonisten errealitatea –osorik edo partzialki– transmiti dezaten, eta euren buruaz hitz egiten dute protagonistek, halaber, kreditu-tituluen ohiko lekua hartzen duten testu txiki batzuen bidez.
Kontserbatzaileak eta zaharberritzaileak, proiektagailu-teknikariak, argazkilari bat eta txofer bat, konpositore bat eta ekoizle bat, eta Ekoizpen, Industria, Harreman Publiko eta Web & IKT Departamentuetako langileak dira inoiz existitu ez diren –eta sekula existituko ez diren– filmen kartel horien protagonistak ("ez-filmak", Palaciok erabilitako terminoaren arabera), eta, beraz, milaka istorio izan ditzakete aldi berean. Gainera, irudi bakoitza Jesús Palaciok –artistaren aita eta kolaboratzaileak– online irakurtzeko idatzitako kontakizun labur batekin osatzen da.
Marina Palacioren hitzetan, “Zinemaldiaren 70. urteurrena ezin aukera hobea da oraingoan kameraren aurrean kokatu diren noizbehinkako aktore horien bitartez omentzeko fokuen atzean egonik Zinemaldiaren martxa onerako edizioz edizio ezinbestekoak izan diren ehunka pertsona horiek”.
Arte Ederretan lizentziatu zen Marina Palacio (Donostia, 1996) Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) sorkuntzako graduondokoa egin zuen geroago. Ya no duermo (2020) bere film laburra Kimuak programaren parte izan zen eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatu zen nazioko eta nazioarteko hogeita hamar lehiaketatan baino gehiagotan parte hartu aurretik. Málagako zinema-jaialdian Fikziozko Film Labur Onenaren Biznaga eraman zuen, eta Film Labur Iberoamerikar Onenaren Saria, berriz, Shorts Mexico jaialdian, beste golardo batzuez gain. Gaur egun bere lehen film luzea –Y así seguirán las cosas / And Thus It Will Go On – ari da lantzen, 2020an Noka Mentoring programan garatzen hasi zena eta hurrengo urtean Ikusmira Berriak egonaldietatik igaro zena.