Elena López Riera Zinemaldia + Plus-en saio berri bateko protagonista izango da larunbat honetan, ekainak 11; hots, Donostia Zinemaldiak Tabakalerako pantaila partekatuan egiten duen hileko fokuan. Alacanteko zinemagileak 2015 eta 2018 artean filmatu zituen hiru film laburrak aurkeztuko ditu bertan. Gerora filmatu zuen bere lehen film luzea, El agua (2022), Ikusmira Berriak egonaldi-programaren babesean, eta, hain zuzen ere, duela aste gutxi batzuk estreinatu zuen filma Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian.
Larunbateko saioan, zuzendariak Pueblo (2015), Las vísceras (2016) eta Los que desean (2018) film laburrak aurkeztuko ditu. Proiekzioaren ostean, solasaldi bat izango da hiru film horien inguruan, eta bertan parte hartuko du López Rierak. Film labur horietan hautematen zen jada ahozko tradizioa, emakumeen ahotsa eta landa-eremua zinema garaikidearen bidez ezagutarazteko zuzendariak zeukan interesa.
Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea, artista bisual eta programatzailea, eta Lacasinegra kolektiboaren fundatzaileetako bat da Elena López Riera. Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zuen bere lehen film laburra, Pueblo, eta ondoren nazioarteko hogei bat zinema-jaialditan parte hartu zuen film horrekin. Bere hurrengo bi lanak, Las vísceras eta Los que desean, Locarnoko Zinema-jaialdian estreinatu zituen, eta azken horrek ekoizpen suitzarreko film labur onenaren Pardino d’Oro saria irabazi zuen. Los que desean film laburrak, gainera, aipamen berezi bat jaso zuen Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean.
Bere film laburrak, bestalde, atzerabegirakoetan egon dira ikusgai Zinemateka Frantsesean (Paris), Bogotako Zinematekan (Kolonbia), Union Docs-en (AEB) eta Gijóngo Nazioarteko zinema-jaialdian (Espainia).
2018an, El agua proiektuarekin Ikusmira Berriak atalean parte hartzeko hautatu zuten zuzendaria. Egonaldi-programa bat da atal hori, Donostia Zinemaldiak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa-Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) elkarrekin antolatua. Urte horretan, gainera, REC Grabaketa Estudioaren saria jaso zuen zuzendariak Donostia Zinemaldian, Ikusmira Berriak-en postprodukziorako. Errealizadoreen Hamabostaldian oraintsu estreinaldia egin baino lehen, López Riera beste egonaldi batzuetan aritu zen El agua proiektua garatzen, hala nola Canneseko zinema-jaialdiko Cinéfondation ekimenean. Bertan, CNC Proiektu Onenaren saria jaso zuen.
Elena López Riera zinema-irakaslea da Genevako Haute École d’Art et Design (HEAD) ikastetxean, baita Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolan eta beste hainbat zentrotan ere.
Zinemaldia + Plus |
Rafa herrira itzuliko da erbestean denbora luzez egon ondoren. Prozesio-gau atmosferiko batean, herrian geratu zirenen etsipenarekin egingo du topo.
Espainia hegoaldeko herri bat. Udako arratsalde bero batean, emakume batek untxi bati helduko dio, laztandu egingo du eta kolpe lehor batez hilko du larrutu aurretik. Haurrek, zaharrek eta txakurrek heriotzaren eguneroko erritualari begiratzen diote.