"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bihar, ostirala, apirilak 8, 19:00etan, Zinemagileen arteko elkarrizketak ikastaroaren lehen edizio arrakastatsu honetan programatutako bost saioetako azkena izango da. Ikastaroa Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatu du, Z365 arloarekin, urte osoko Donostia Zinemaldiarekin, eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) lankidetzan.
Oraingoan, Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren eta Isabel Peña gidoilariaren txanda izango da. Biak Movistar+ek ekoiztutako Antidisturbios (2020) seriearen sortzaileak dira, zeina Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatu baitzen. Bi egileek azken hamarkadako filmografia sendoenetako bat eraikitzera eraman dituen lankidetza zabala partekatuko dute, zineman zein VOD plataformetan lanean. Besteak beste, honako lanak sortu dituzte: Stockholm, Que Dios nos perdone, El Reino eta Madre.
Zinemagileen arteko elkarrizketak urtarrilaren 14an hasi zen eta bihar amaituko da, 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian. Ikastaroa aurrez aurre zein online jarraitu ahal izan da. Lehenengo edizio honetan Lara Izagirre, Paula Olaz, Icíar Bollaín, Koldo Zuazua, Carla Simón, Ana Pfaff, Jonás Trueba eta Javier Lafuente izan dira, bihar saioa partekatuko duten Rodrigo Sorogoyenez eta Isabel Peña z gain.
Ikastaroaren balantzea bikaina izan da, eta plaza guztiak agortu dira, bai aurrez aurrekoak, bai onlinekoak. Datu horrek berresten du zein egokia den zinemako lanbideei buruz hitz egiteko ziklo bat abian jartzea, arreta jarrita gehiago ikasi nahi duen eta zinema modu kritikoagoan irakurri nahi duen publiko zinefilo horri. Onarpen horrek animatu egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua hurrengo edizioetan proposamen horri jarraipena ematera eta Koldo Mitxelena Kulturgunearen programazioan sartzera Z365 arloarekin, urte osoko Donostia Zinemaldiarekin, eta Elías Querejeta Zine Eskolaren laguntzarekin.
Ikastaroak helburu du, batetik, zinema-sorkuntzaren barne historia ezagutaraztea, formatu elkarrizketatuan, eta, bestetik, film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena ulertzeko gako berriak eskaintzea zinemazaleei. Horregatik, zinemagile bakoitzak normalean hainbat esparrutan laguntzen dion pertsonaren bat du alboan. Gainera, proiektu baten garapena osatzen duten lanbide tradizionalenak ezagutarazi nahi dira, eta, ondorioz, zinema modu kritikoan ikusten eta irakurtzen ikasi, testuinguru horretako baldintzak norabide gehienetan aldatzen ari baitira.