Radu Jude zinemagile errumaniarra Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrora iritsi da aste honetan, Elías Querejeta Zine Eskolan lau asteko egonaldia egiteko «Zinemagileak egoitzan» programaren barnean. Programak gonbidatutako zuzendarien proiektuak babesteaz gain, zentroko ikasleekin hartu-eman praktikoan eta teorikoan aritzeko espazioa sortzen du.
EQZEko egonaldian, Radu Judek Sorkuntza taldeko ikasleekin partekatuko du urtearen erdia aldean filmatuko duen pelikula berriaren aurrerapena (gidoia, castingetako irudiak, kokalekuak, kamera probak, etab.). Bestalde, zinemak memoria historikoarekin zerikusia duten gaiak lantzen dituenean aurkitzen dituen dilemez hitz egiteko mintegi bat antolatuko du. Horretarako, Îmi este indiferent dacă în istorie vom intra ca barbari / I Do Not Care If We Go Down in History as Barbarians kritikoki aztertuko du, baita obra hori osatzen duten material batzuk ere (argazkiak, artxiboko irudiak eta testuak, esaterako). Bestalde, proiektu zinematografiko bat garatuko du, hainbat pieza laburrez osatua, Thomas Benharden eta Anton Txekhoven testuen egokitzapenetan oinarritutakoez. Asmoa da ikasleak modu aktiboan inplikatzea eta parte hartzea sormen-prozesu osoan. Egonaldian zehar, lagun izango du Marius Panduru, bere lan gehienetako argazki-zuzendaria eta beste zuzendari errumaniar ospetsu batzuen ohiko kolaboratzailea, hala nola Cristi Puiurena edo Corneliu Porumboiurena.
Donostian dagoela aprobetxatuz, eta Tabakaleran egoitza duten erakunde kulturalek partekatzen dituzten proiektuetako espirituari jarraikiz, Judek Donostia Zinemaldiaren eta Tabakaleraren jarduera banatan parte hartuko du.
Larunbatean, hilak 12, bere estreinako filma (Cea mai fericitã fatã din lume / The Happiest Girl in the World) proiektatuko da Tabakalerako zinema-aretoan. Saioa Judek berak aurkeztuko du, eta emanaldiaren osteko solasaldian ere parte hartuko du. Proiekzioa Zinemaldiak Tabakalerako pantaila partekatuan hilero antolatzen duen Zinemaldia + Plus programaren parte da.
Horrez gain, hilaren 19an, larunbata, Kontatutako Zinea zikloko saio bat izango da, non Babardeală cu bucluc sau porno balamuc / Bad Luck Banging or Loony Porn izango baita ikusgai. Berlingo jaialdiko Urrezko Hartzaren irabazlea 17:00etan proiektatuko da, eta 19:00etan hasiko da Kontatutako Zinearen saioa. Horietan, gonbidatutako zinemagileek lan-prozesuak partekatzen dituzte: erabakiak, disko gogorretako edukiak eta argitaratu gabeko materialak, hala nola casting probak, gidoiaren bertsioak edota ezabatutako eszenak. Ahozko kontakizun bat da, sorkuntzaren bideak hobeto ulertarazteko.
Bi jardueretarako sarrerak Tabakaleraren webgunean edo Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren Leihatilan eros daitezke.
Radu Juden (Bucarest, 1977) Cea mai fericită fată din lume / The Happiest Girl in the World (2009) estreinako filma nazioarteko jaialdi ugaritan hautatu zuten. Bere filmografian nabarmentzekoak dira Aferim! (2015), Berlineko zinema-jaialdian zuzendari onenaren Urrezko Hartzaren irabazlea; Inimi cicatrizate / Scarred Hearts (2016), Locarnoko Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuena Îmi este indiferent daca în istorie vom intra ca barbari / I Do Not Care If We Go Down in History as Barbarians (2018), Karlovy Varyko jaialdian film onenaren Kristalezko Globoaren garailea. Gainera, Țara moartă / The Dead Nation (2017) eta Iesirea trenurilor din gara / The Exit of the Trains (2020) dokumentalak zuzendu ditu. Babardeală cu bucluc sau porno balamuc / Bad Luck Banging or Loony Pornlanarekin Berlineko zinema-jaialdiko film onenaren Urrezko Hartza eskuratu zuen 2021ean. Zabaltegi-Tabakalera sailean ere programatu zen.
ZINEA 1 - larunbata, 2022(e)ko martxoak 12, 19:00 |
Delia gazte errumaniarra Bukarestera joan da gurasoekin, freskagarri-enpresa batek antolatutako lehiaketa batean irabazi duen saria jasotzera. Saria auto berria da. Iragarki batean kameraren aurrean agertu besterik ez du egin behar Deliak. Dena ondo doa, baina argi dago Deliak eta haren gurasoek oso ideia desberdinak dituztela auto berriarekin zer egin jakiteko. Bestalde, lehiaketaren babesleak irribarre distiratsu bat duen irabazle erradiatzailea behar du. Satira garratza eta kapitalismoaren eta kontsumismoaren esklabo den gizarte baten erretratu psikologikoa.
ZINEA 1 - larunbata, 2022(e)ko martxoak 19, 17:00 + 19:00 Kontatutako Zinea zuzendariarekin |
Emi eskola-irakaslearen ospea arriskuan dago, norbaitek eduki sexualeko bere grabazio pertsonal bat Internetera igo duelako. Ikasleen gurasoei aurre egin beharko die Emik, eskolatik kanpo nahi dutelako, baina Emik ez du inolaz amore emango. Hiru zatitan banatuta dago filma (zatiak badute nolabaiteko loturarik): paseo bat Bukarest hirian; ondoren, lizunkeriei buruzko saiakera jostalari bat; eta azkenik, hirugarren zatian, borroka iskanbilatsu eta komiko bat.