Koldo Mitxelena kulturuneak 'Zinemagileen arteko elkarrizketak' ikastaroa antolatu du zinemazaleentzat eta zinema ikasleentzat, zinemagintzako profesionalek emana. Icíar Bollaínek, Lara Izagirrek, Carla Simonek, Rodrigo Sorogoyenek eta Jonás Truebak parte hartuko dute Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatu den ikastaro honetan. Bost saio ireki izango dira, era guztietako jendearentzat, zinemazaleentzat zein ikasleentzat. Koldo Mitxelena Kulturunean aurrez aurre eta online garatuko den programa urtarrilaren 14an hasi eta apirilean amaituko da.
'Zinemagileen arteko elkarrizketak' ikastaroan hileroko saio bat egingo da urtarrila eta apirila bitartean. Zinemagile bakoitzarekin batera, arlo batean edo bestean laguntzaile izan ohi duen pertsona bat egongo da; izan ere, proiektu zinematografiko batean, nahiz eta begirada artistikoa zuzendariarena izaten den, gidoiak, finantzaketak, ekoizpenak, filmaketak edo postprodukzioak berebiziko garrantzia dute errealizazioan. Hori dela eta, zinemagile bakoitzak eta bere laguntzaileak haien ikuspegi artistikoak aurkeztuko dituzte, eta laneko materialak erakutsiko dizkigute, hala nola dosierrak, gidoiak, filmaketa planak eta ekoizpenaren eta zuzendaritzaren artean partekatutako dokumentuak.
Ikastaro honen helburua da zinemazaleari film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaintzea. 'Zinemagileen arteko elkarrizketak' ikastaroan zinema sorkuntzaren barne historia ezagutzeko aukera izango dugu, elkarrizketa formatu atsegin batean.
Urtarrilaren 14an, Lara Izagirre zinemagileak Paula Olaz konpositorea izango du lagun, Nora bere azken film luzean lankide izan baitira (Zinemira saila inauguratu zuen 2020ko Zinemaldian) eta musikaren ikuspegitik aurre egin beharreko erronkei buruz hitz egingo dute.
Otsailaren 8an, Icíar Bollaín bere produktore Koldo Zuazuarekin arituko da solasean. Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu eta Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso duen Maixabel (2021) filma abiapuntu hartuta, bere ibilbidea aztertuko dute eta proiektuak elkarrekin nola eraikitzen dituzten azalduko digute.
Otsailaren 18an, Carla Simon zinemagile katalanaren eta Ana Pfaff muntatzailearen txanda izango da. Lankideak izateaz gain, Elias Querejeta Zine Eskolako irakasle taldeko kideak dira. Estiu 1993 (2017) filmean izandako lankidetza hori oinarritzat hartuz, muntaiari eta haren ikuspegi zinematografikoari buruz hitz egingo dute.
Martxoaren 4an, Jonás Truebak eta Javier Lafuente ekoizleak, zeinak Los Ilusos Films taldea osatzen duten, beren corpus filmikoa aztertuko dute, eta bereziki Quién lo impide (2021) azken film luzean jarriko dute arreta. Bost urtez aritu dira proiektu horretan lanean, eta Zinemaldiaren 69. edizioko Sail Ofizialean estreinatu da.
Azkenik, apirilaren 8an, Rodrigo Sorogoyenek eta Isabel Peña gidoilariak, Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu den Antidisturbios (2020) telesailaren sortzaileek (Movistar+), zineman zein VOD plataformetan lan eginez azken hamarkadako filmografia sendoenetako bat eraikitzera eraman dituen lankidetza zabalaren nondik norakoak erakutsiko dizkigute.
Saio guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian izango dira, 19:00etan.
Ikastaroaren helburua, zinemagilearen begirada bakar hori erdigunetik kentzeaz gain, proiektu baten garapenean parte hartzen duten lanbide tradizionalenak ezagutaraztea da, eta, ondorioz, zinema modu kritikoan ikusten eta irakurtzen ikastea, norabide guztietan aldatzen ari den testuinguru batean.
Koldo Mitxelena Kulturunearen zinemaren aldeko apustu berri honek bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua arlo horretan garatzen ari den ikus-entzunezko proiektuak babesteko, sustatzeko eta hedatzeko ekintzekin. Elias Querejeta Zine Eskolaren beraren sorreratik hasi eta eskola horretan matrikulatzeko beketaraino, Lanabesa laguntza ildoa –2017az geroztik, iraupen luzeko ikus-entzunezkoen 70 proiektu baino gehiago babestu ditu–, edo Gipuzkoako Foru Aldundia Donostia-Gipuzkoa Film Comission erakundean sartzea.
'Zinemagileen arteko elkarrizketa' ikastaroa aurrez aurre edo online egin daiteke. Bi kasuetan, interesa duenak aldez aurretik eman beharko du izena, urtarrilaren 10a baino lehen, honako helbide honetan: programazioa@gipuzkoa.eus. Izena ematen dutenek posta elektronikoz jasoko dute konfirmazioa.
Ikastaroa doakoa da bi modalitateetan eta ikastaroaren amaieran bertaratze ziurtagiria emango zaie hala eskatzen dutenei. Online bertsioa aukeratzen dutenek saioetara Zoom bidez sartzeko gonbidapena jasoko dute.