Zinemaldia trantsizioan: Donostia Zinemaldia aldaketaren urteetan (1976-1985) erakusketa gaur inauguratu da Kutxa Kultur Plazan, Tabakalerako laugarren solairuan, eta Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatu dute. Erakusketako 30 argazkiek zinema-jaialdiak Trantsizioko urteei nola aurre egin zien erakusten dute. Hamarkada hori esperimentazioak eta demokratizazioak markatu zuten, baina baita ezegonkortasun sakon batek ere.
Zinemaldia 70. Historia posible guztiak ikerketa-proiektuko lantaldea da erakusketaren komisarioa; Pablo La Parra Pérez da zuzendaria.
|
Joan den otsaileko erakusketak Zinemaldiaren lehen urteen inguruko “beste begirada batzuk” erakusten zituzten irudi historikoak berreskuratu zituen, eta bigarren erakusketa hau Trantsizioko urteetako “hausturetako batzuetan” gelditzen da, Zinemaldiaren artxiboko argazki-funtsetik eta Kutxa Fototekatik ateratako 30 bat irudiren bidez.
1977tik aurrera, Zinemaldiaren kudeaketa Donostiako Udalaren esku geratu zen, egitura frankista fosilduaren hiru hamarkadaren ondoren. Batzorde Errektoreak ahots berriak hartzen hasi zen, eta horien artean nabarmentzekoak dira Nestor Basterretxea eta Eduardo Chillida artista antifrankistak, bai eta auzo-elkarteetako ordezkariak, zineklubak eta lehiaketak bizirik irauteko buru-belarri lan egin zuten izen propioak, hala nola José Ángel Herrero-Velarde eta Luis Gasca, ere.
|
Urte horietan, diktadura frankistak erbesteratutako eta zentsuratutako zinemagileen topagune eta omenaldi bihurtu zen Donostia. Jaialdiak bere tradizio elitista hautsi zuen eta bere audientziak demokratizatu zituen; izan ere, bere proiekzio eta solasaldiak Euskadi osoko langile-auzo eta udalerrietara zabaldu zituen Auzoak eta Herriak sailaren bitartez. Ivan Zulueta, Pedro Almodovar eta beste sortzaile berri batzuei ireki zitzaizkien pantailak. Kutxa Kultur-en erakusketan agertzen dira horiek, Pilar Miró, Antxon Eceiza, Rafael Ruiz Balerdi, Mariano Ferrer, Mirentxu Loyarte eta beste batzuekin batera.
Zinemaldiak lengoaia berrien aldeko apustua egin zuen ekimen aitzindarien bidez, hala nola Guadalupe Echevarríak 1982 eta 1984 artean sortu eta zuzendu zuen Bideo Jaialdia. Bien bitartean, zinema-aretoak abian ziren borroken erresonantzia-kutxa ziren: intsumisioaren mugimendutik euskal gatazkaraino; Latinoamerikako diktaduren salaketatik –argazki batzuetan ikusten dira Pinocheten eta Somozaren aurka Victoria Eugenia antzokiaren aurrean egindako manifestazioak– feministen eta LGTBIQ+ kolektiboen aldarrikapenetara –ez dira falta Alaska, Bibiana Fernández, José Pérez Ocaña, Ángel Pavlovsky eta beste artista batzuen irudiak–.
Azken batean, erakusketa Zinemaldia aldatu zen urteetan sartzeko gonbita da. Trantsizioan, hain zuzen ere, lau hamarkada geroago egungo Donostia Zinemaldia definitzen duten ezaugarri askoren oinarriak ezarri ziren.
|
Zinemaldiaren eta EQZEren elkarlanaren emaitza den Z70 proiektua 2020an hasi zen Zinemaldiaren argazki-ondarea jorratzen, bi lan-ildotan: Zinemaldiaren artxiboko argazki-funtsaren kontserbazioa, katalogazioa eta ikerketa, eta Kutxa Fototekaren funtsak aztertzea eta horren katalogazioa hobetzea. Helburu du Zinemaldiko dokumentu-funtsen (gutunak, argazkiak, prentsa-artxiboa, liburuak eta aldizkariak...) garrantzia nabarmentzea da; 1953az geroztik daude gordeta artxiboan. Era berean, Zinemaldiaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa eta eztabaida sortu nahi du, bai eta elkarrizketa kritikoak ere zinema-sorkuntzarekin eta pentsamendu garaikidearekin.
Gaur (abenduak 16) inauguratu den erakusketa 2022ko otsailaren 20ra arte egongo da zabalik. Ordutegia hau da: 09:00etatik 21:00etara, astelehenetik ostiralera; 10:00etatik 22:00etara, larunbatetan; eta 10:00etatik 21:00etara, igandeetan.