Donostia Zinemaldian zinema-ikasleentzat egiten den film laburren nazioarteko Nest lehiaketaren XX. ediziorako hamalau film hautatu dira; guztira 310 film aurkeztu zituzten 42 herrialdetako 157 eskolak, eta hautaketa bat egin da horien artean. Hautatutako lanak Argentina, Brasil, Danimarka, Eslovakia, Espainia, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Errumania, Frantzia, Kroazia, Suitza eta Txinakoak dira; horietako zazpiren zuzendariak emakumeak dira, eta beste zazpienak, berriz, gizonak.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, Nest sailaren xedea urteko zinema-ekitaldi nabarmenetako batean mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da, oraineko eta etorkizuneko zinemagileak izaki. Film laburrak erakusteko eta sustatzeko leku bat izateaz gain, Nest sailak ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topaketa bihurtzeko jomuga ere badu: zinemari buruz eztabaidatzeko ez ezik, zinema-prestakuntzaren arloaren eta profesionalen arteko topaketa errazteko ere Zinemaldiak gaitzen duen gunea.
Hala, haututako hamalau film laburrak Tabakalerako zinema-aretoan emango dira 20tik (astelehena) 22ra (asteazkena), eta, covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz iaz izan genituen oztopoak gaindituta, sailak zinemagileen eta zinema-industriako profesionalen eskola magistralak berreskuratuko ditu aurten. Halaber, Nesten hogeigarren urteurrena dela eta, lehiaketak programa berezi bat antolatuko du, eta datozen asteotan emango da programa horren berri.
Hirugarren urtez jarraian, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztutako film labur bat izango da ikusgai Nesten; Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du EQZE, eta Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak parte hartzen dute ekimenean. Podul de Piatrâ / Pont de Pedra da film labur horren izena, eta Artur-Pol Camprubík zuzendu du.
Epaimahaia zinema-esparruko pertsona ospetsu batek eta Nesteko hiru ikasle ohik osatuko dute. Film labur irabazlearen zuzendariak 10.000 euro jasoko ditu. Bi hamarkadotan, Nestek industria zinematografikoko talentu berrien hazitegi gisa funtzionatu du, eta gerora mundu profesionalean ibilbidea izan ohi duten zinema-ikasle ohiez osaturiko komunitate bat sortzen ari da urteak igaro ahala. Adibidez, Laura Wandel errealizadore belgikarrak, 2007an zinema-ikasleen nazioarteko topaketan parte hartu zuenak Zinemaldiaren baitan, bere lehen film luzea (Un monde / Playground) aurkeztu du Cannesko zinema-jaialdian. Nicolás Lasnibat zuzendari txiletarra, 2006an Treinta años film laburrarekin Panavision Saria eskuratu zuena, La Fémis eskolako ikasketa-zuzendari izendatu berri dute. Iaz, Alemanian jaio eta Espainian eta Holandan hazitako Isabel Lamberti zinemagileak –2015ean Nesteko Torino Award saria irabazi zuenak– Kutxabank-New Directors saria jaso zuen La última primavera bere lehen film luzeagatik.
Aurreko edizioetan bezalaxe, Tabakalerak Zinemaldiaren egunak aprobetxatuko ditu azken urteotan Nest sailean sariak jaso dituzten film laburrak proiektatzeko. Lanak irailaren 17tik 25era ikusi ahalko dira, Medialaben –hots, sormen-liburutegia eta teknologia eta kultura digitalerako laborategia leku berean biltzen dituen Tabakaleraren zerbitzuan– gaitutako pantaila batean. Sailean parte hartu duten film laburrak Medialaben digitalizatuta eta artxibatuta daude, eta eskuragarri daude liburutegiko erabiltzaileentzat, edonork kontsultatu ditzan.
|
Rokhaya zuzendari gaztea Dakarren duen etxera itzuli da bertako pertsona historiko bati buruzko filma egiteko. Ikerketa gauzatzen ari dela, Aline Sitoe Diattaren historia ezagutuko dugu bertako pertsona ospetsuei egindako elkarrizketen, taldearekin izandako elkarrizketen eta benetako agertokietan filmatutako fikziozko eszenen bitartez.
Gauak luzeak dira Naomi eta Ramen gelan. Gaur gauean, Marinak, euren gonbidatuak, leku nahasia zorrotz aztertuko du. Naomik jolastoki pertsonal bat izango balitz bezala aztertuko du intimitatea, eta mapa intimo gisa, berriz, larruazala, eta bitartean, Naomiren gorputz otzana askatu egingo da ezagutzen ari den eta ezezaguna zaion gela hartan tentsioa dela nagusi. Barruan daraman neskato adierazkorra irrikaz dago gauez, egunsentia iritsi aurretik, barre egiteko.
Apirileko arrats hotz batean, mendi baten jaitsieran, Marcosek eta Ivánek elkarri aurka egin beharko diote zer egin erabakitzeko: egin berri duten ekintza bat ezkutatu ala ekintza horren erantzukizuna hartu.
Hollywooden sortutako irudiek oso profesionalak eta kontrolatuak diruditen arren, espezialista batek Crashing Waves lanean esandako hitzek bestela adierazten dute, eta telebista-programa batean auto bat amildegi batetik malkartu eta uretan hondoratzeko beharrezkoak diren elementu guztiak xehatzen baititu. Ekoitzi eta editatutako irudiak bortizkeria-une bat apenas segundo batean sortzen du ikuslearen gozamenerako; alabaina, halako arrisku-eszena batek dakartzan lanak, entrenamenduak eta arriskuak hainbat hilabete irauten dutela emango digu aditzera Crashing Waves filmak, zinema-industriako hierarkia kapitalista eta patriarkalen mende egonik. Filmak nagusi den kulturaren irudiak ekoizteko benetan behar denari buruz hausnartu eta zaintza-etikaren garrantzia nabarmentzen du.
João banatzailea da eta motozikleta propioa izatea da bere ametsa. Dena film musikal baten antzekoa izango zela esan zioten. Alabaina, kolore fluoreszentez jantzita egonik ere, João ikusezina da.
Elías gaztea bere aita Frankekin bizi da etxe isolatu batean. Han, Elíasen bizitza zulo misteriotsu bat betetzean datza, zulo hori behin eta berriz agertzen baitzaio egongelan. Frankek ez dirudi arazorik duenik egunak zuloa betzen eta gauak lasaitzen igarotzeko, baina Elías zalantzan jartzen hasiko da Frankek bientzat aukeratu duen bizitza horren atzean dagoen esanahia. Elíasek gero eta asperkeria handiagoa sentituko du eta aitari aurre egingo dio; beste zerbait egin nahi duela esango dio. Baina Frank gizon egoskorra da, eta Elíasen matxinadak liskarra sortuko du aita-semeen artean laster.
Ob Scena film labur dokumental-esperimentalean 80ko hamarkadako Kuban psikiatra batek sexualitateari buruz idatzitako testu akademikoak berreskuratu eta lotura bat ezartzen da horien eta egungo pornografiaren artean. Kontrol soziala sexuaren irudikapenean diskrezioz txertatuta egoteari buruzko hausnarketa.
Libuse eta Jaromír bi senar-emazte zahar dira, eta ezin dute betiko gurpil zorotik irten: batetik, ohiko jarduerak egiten dituzte, eta, bestetik, etengabeko hurbiltasun fisikoak emozionalki urrundu ditu. The Sun enpresak errealitate hori aldatzeko promesa egingo die.
Ikasturtea amaitu eta lagunekin udalekura joan besterik ez du nahi Andreik. Bien bitartean, gurasoek dibortziatzeko planak dituztela jakingo du.
Aragoiko Zerrendako herri baten muga markatzen duen farola bat piztu egiten da gauez. Angelica herrian bizi den emakume errumaniar bat da, eta lanean ari dela, ukuiluan moxal bat jaiotzen ari dela ikusiko du. Animalia txikiaren borrokak ama-mintzetik askatzeko eta mamua eta mugako izaki izateak hain zeharkatzen du ekaumea, non ez baitu irudi horretatik askatzerik lortuko.
Etxean sutea izan ondoren, Sofiak, 18 urteko neska batek, eta haren amak, Carlak, elkarrekin bizi behar dute gela txiki batean, The Little Swallow Hotel izeneko leku batean. Sofiak eraikina esploratu eta pertsona berri eta interesgarriak ezagutuko ditu. Aurrean milaka aukera dituela dirudi. Bestalde, alabak alde egingo diola onartu behar du Carlak. Ingurune itxi horretan, ama-alabak oreka berri bat aurkitzen saiatuko dira euren harremanean.
Saša eta Filip Gorski Kotarrera doaz. Mundu-pandemia betean isolatuta, euren harremana zalantzan jartzen hasiko da Saša. Filipekiko erresistentzia handituz doakion heinean, hori esateko kemena galduko du.
Gauez, Muduo escorta eta Mianshan idazlea herriko parkean dabiltza. Mianshanek, emaztegaiari eskaini dion eleberri batez hitz egingo du; mundua amaitu ondoren gertatzen da eleberriko istorioa, eta bertan, mutil batek abandonatutako akuario bat zeharkatzen du, hil zorian dagoen sirena bat erreskatatzeko. Istorioak aurrera egin ahala, pixkanaka parkea mundutik isolatzen ari dela dirudi, eta Mianshanek errealitatera itzultzeko irtenbide bat bilatuko du, pistak agidanez Muduok emaztegaiarekin partekatzen dituen esperientzietan ezkutatuta dauden bitartean.
Nerabezarora iristear dagoen baina amak kasurik egiten ez dion neskato bitxi batek bakarrik nabigatu beharko du bere lehen desio-sentimenduetan, bertako konpontzaile bat zaldi batekin horma hautsi bat konpontzera etortzen denean.