Denis Villeneuve
Gure planetako hainbat lekutan espaziontzi misteriotsu batzuk lurreratzen direnean, elite talde bat bilduko dute ikertzeko, Louise Banks hizkuntzalari aditua buruan. Giza espeziea gerra global batean sartzeko zorian dela, Banksek eta haren taldeak erantzunak bilatuko dituzte, erlojuaren aurka. Horiek aurkitzeko, bere bizitza eta litekeenik baita gizadi osoa ere mehatxupean jarri lezakeen arrisku bat hartuko du Banksek.
Lehiaketatik kanpo
François Ozon
Alemaniako herri txiki bat, I. Mundu Gerraren ondoren. Anna egunero doa kanposantura bere mutil-lagun Frantz-en heriotza deitoratzera. Hura Frantzian hil zen, bataila batean. Egun batean Adrienekin topo egingo du: Frantzen hilobira loreak uztera joandako frantses gazte bat. Adrien gerra galdu berri duen herrialde batean egoteak aurkako amorruak piztuko ditu.
Mia Hansen-Løve
Nathaliek Filosofia irakasten du Parisko institutu batean. Biziki maite du bere lana eta ongi pasatzen du gogoetatzen. Ezkondua, bi seme-alabekin, familiaren, ikasle ohien eta bere amaren artean banatzen du bere denbora. Ama oso emakume posesiboa da. Egun batean, senarrak esango dio beste emakume bategatik uzten duela. Nathaliek praktikan jarri beharko ditu askatasunari buruz dituen teoriak, eta berriz asmatu beharko du bere bizitza.
Ira Sachs
Uda Brooklynen. Jake-n gurasoak aitonaren etxera joan dira bizitzera. Urteak dira Tonyren amak azpiko denda alokatzen duela. Hamahiru urteko bi haurrek, Jakek eta Tonyk, baterako interes asko dituztela aurkituko dute.
Cristi Puiu
Errumania - Frantzia
173 min.
Charlie Hebdoren aurkako atentatuaz geroztik hiru egun eta bere aitaren heriotzaz geroztik 40 egun igaro direla, Lary –40 urte, sendagilea– larunbata familiarekin igarotzera joango da, hildakoaren oroimenez bildu baitira. Ekitaldia, ordea, ez da aurrez ikusitako moduan garatuko. Bere beldurrei eta iraganari aurre egitera eta familiaren barruan betetzen duen lekua berriz pentsatzera behartuta, bere egia esan beharko du Laryk.
Maren Ade
Alemania - Austria
162 min.
Ines egoitza Bucaresten duen Alemaniako enpresa garrantzitsu batean dabil lanean. Bizimodu erabat ordenatua darama, bere aita Winfried bat-batean iritsi eta ustekabeko galdera bat egiten dion arte: ''Zoriontsua al zara?''. Ezin erantzunean, bizitza astinduko dio apur bat lotsarazten duen aita horren presentziak. Baina bere bizitzari berriz zentzua ematen lagunduko dio, alegiazko pertsonaia bati esker: Toni Erdmann alaia. Filmak FIPRESCI saria irabazi zuen Canneseko 2016ko zinema-jaialdian.
Hirokazu Koreeda
Ryota iraganean bizi da, egile saritu moduan emandako ospe-uneetan. Dibortziatu eta gero lasterketetan gastatuko du irabazten duen diru guztia, eta ezingo du semearen mantenu-pentsioa ordaindu. Ustekabeko tifoi batek gauzen nondik-norako guztiak aldatuko ditu.
Paul Verhoeven
Badirudi Michèle ez duela ezerk ukitzen, emakume horietako bat dela. Bideojoko-enpresa handi bat zuzentzen du eta burdin eskuz kudeatzen ditu hala negozioak nola bere bizitza sentimentala. Egun batean ezezagun misteriotsu batek eraso egingo dio Michèleri, etxean dela, eta errotik aldatuko zaio bizitza. Erabakitasunez, Michèlek bere erasotzailea bilatuko du, eta orduan jolas moduko bat hasiko da haien artean, edozein unetan gaiztotu daitekeen jolas bat.
Stephen Frears
1940ko New Yorken girotua, Florence Foster Jenkins filmak New Yorkeko goi-gizarteko oinordeko ospetsuaren benetako istorioa kontatuko digu. Florencek obsesioz jarraitu zion opera-abeslari handi bat izateko ametsari. Ahots ederra zuela uste zuen, baina beste guztientzat guztiz zatarra zen, barrea eragin arte. Haren "senar" eta managerrak, St. Clair Bayfield ingeles aktore aristokratikoak, bere Florence maitea egiatik babesteko asmo sendoa zuen. Baina Florencek Carnegie Hallen kontzertu publiko bat emateko erabakia hartzean, St. Clairek bere bizitzako erronka zailenari egin beharko dio aurre.
Gianfranco Rosi
Italia - Frantzia
108 min.
Lampedusako irla Italiako hego-muturrean dago. 1990etik hona Afrikako lurretatik datozen etorkin ilegalen lurreratze-gune masibo bihurtu da. 20 urtean baino apur bat gehiagoan, 20.000tik gora pertsona ito dira, gerratik eta gosetik ihes egiteko aukera bila, askorentzat Europarako sarbide den puntu horretara iristeko ibilaldian. Samuele irlan bizi da; 12 urte ditu, eskolara doa eta habailaz harriak botatzea eta ehizan joatea du gustoko. Lehorrean egitekoak diren jolasak maite ditu, nahiz eta inguruko guztiek itsasoari buruz hitz egin, eta haraino iristeko itsasoa gurutzatzen saiatzen diren gizon, emakume eta haurrei buruz.
Ken Loach
Erresuma Batua - Frantzia - Belgika
100 min.
Daniel Blake-k, 59 urteko arotz ingeles batek, bihotzeko arazoak ditu, eta bere bizitzan lehenengoz gizarte-laguntzak eskatzeko premian ikusiko du bere burua. Medikuak lan egitea debekatu dio, baina administrazioak lanpostu bat topatzera behartzen du, isuna jasoko ez badu. Enplegu-bulegoetarako bere joan-etorrietan, Danielek Katie ezagutuko du, bi umeren ama ezkongabea. Katiek bere hiritik 450 km-ra dagoen etxebizitza bati baiezkoa eman behar izan zion, harrera-etxe batera eraman ez zezaten. Britainia Handiko zentzugabekeria administratiboen mordoiloan preso, Daniel eta Katie elkarri laguntzen saiatuko dira.
Joachim Lafosse
Frantzia - Belgika
100 min.
Elkarrekin hamabost urte eman ondoren, Mariek eta Borisek banantzea erabakiko dute. Marie da beren bi alabekin batera bizi diren etxearen jabea, baina Borisek berritu du goitik behera. Borisek ez du beste inon bizitzerik; beraz, etxepe berean bizitzen jarraitu beharko dute. Dena esanda dagoenean, bietako inor ez dago amore emateko prest.
Michael Dudok De Wit
Frantzia - Belgika
80 min.
Irla bakarti batean abandonatutako gizon bat ihes egiten saiatuko da, etsi-etsian, harik eta egun batean bizitza aldatuko dion dortoka bitxi bat aurkituko duen arte.
Claude Barras
Suitza - Frantzia
66 min.
Courgette ("kuiatxo") ezizen misteriotsua da 9 urteko mutil batentzat. Haren istorio berezia, hala ere, harrigarriro unibertsala suertatzen da. Amaren bat-bateko heriotzaren ostean, Courgette polizia atsegin baten lagun egin da, Raymond-ena. Raymondek harrera-etxe batera lagunduko dio Courgetteri, adin bereko beste ume batzuen artean bizitzera. Hasieran, Courgetteri kosta egingo zaio bere lekua topatzea ingurune arrotz eta zenbaitetan zakar horretan. Baina Raymond-en eta bere lagun berrien laguntzarekin, Courgettek konfiantza izaten ikasiko du, eta benetako maitasuna eta familia berri bat aurkituko du azkenean.
Emir Kusturica
Erresuma Batua - Serbia
125 min.
Udaberria gerra-garaian. Egunero, esne-saltzaile batek astoz zeharkatzen du frontea, balei itzuri eginez, bere merkantzia preziatua soldaduei eramateko. Bere zereginean zorionak ukitu du eta herriko neska eder batek maite du; badirudi etorkizun lasaia duela zain... harik eta italiar emakume misteriotsu bat iritsi eta bizitza hankaz gora jarriko dion arte. Hala hasiko da maitasun-istorio kartsu eta debekatu bat, biak abentura fantastiko eta arriskutsu sorta batean murgilduko dituena. Patuak batu ditu, eta ez ezer, ez inor ez dirudi haiek geldiarazteko gai...
Pablo Larraín
Txile - Frantzia - Argentina - Espainia
108 min.
1948. urtea da eta Gerra Hotza Txilera iritsi da. Kongresuan, Pablo Neruda senatariak Alderdi Komunista traizionatzea leporatuko dio gobernuari; González Videla presidenteak, ondorioz, forua kenduko dio. Ikerketa Poliziaren prefetari, Óscar Peluchonneau-ri, poeta atxilotzeko aginduko diote.