Terence Davies
Daviesen lehen hiru film laburrek osatzen dute trilogia hau, Children (1976), Madonna and Child (1980) eta Death and Transfiguration (1983), eta Robert Tucker izeneko gizon baten bizitzaren hainbat zatirekin egiten dute bat: haren haurtzaro itogarria, aitak eta eskolako kideek eragindako tratu txarrek markaturikoa; heldutasuna, homosexualitateagatik atsekabeturiko bulegari triste gisa igarotakoa, beti amaren alboan; eta azkeneko egunak, iraganeko oroitzapen mingarriek asaldatzen dutenekoak.
Terence Davies
Terence Davies memoriak, abestiak, soinuak, lekuak eta egoerak biltegiratzeko duen gaitasunaz baliatzen da, langile klaseko familia baten bizitza berreraikiko duen diptikoa egiteko. Diptikoa banatzen duen egoera aitaren heriotza da, eta beraz, heriotzaren aurreko egoera eta ondorengoa kontatuko dizkigu. Aitaren haserrealdiak amaren eta hiru anai-arreben oroitzapenean grabatuko dira eta betiko markatuko dituzte haien bizitzak.
Terence Davies
Bud, hamabi urteko haur bakarti eta itxia da; bere haurtzaroaren ikusle bilakatu da, ama eta anai-arrebekin bizi den etxeko goxotasunaren eta milaka amets eragiten dizkioten auzoko eta zinema aretoetako zaraten artean bizi duen haurtzaroa. Irakasleen eta ikaskideen hoztasunak eta homosexuala dela jakiteak, haren bakardadea areagotuko dute.
Terence Davies
David nerabea da, eta trenez eginiko bidaia baten bakardadea aprobetxatuko du bere haurtzaroaren azken zatia gogoratzeko. Bizitzako zati hori Ameriketako Estatu Batuen hegoaldeko komunitate baptista batean igaro zuen; garai hartan, izeba Mae-k, bigarren mailako night-clubetako abeslaria, eragin handia izan zuen Davidengan, haren lagun eta konfidente bilakatu zen, Depresioak eta gerrak gurasoen ezkon bizitza suntsitzen zuten bitartean.
Terence Davies
Britainia Handia
140 min.
New York, 1905. Lily Bart gizartearen goiko mailako emakume ezagunenetakoa da. Erakargarria da, luxua, jokoa eta dibertsioa maite ditu, baina aukera bat egin beharko du: benetako maitasuna ala senar aberatsa bilatu, bere errenta eskasa osatu, zorrak ordaindu eta bizi mailari eusteko. Gaizki hartutako zenbait erabakik zurrumurruak eragingo dituzte haren jarreraren inguruan, eta ondorioz, pixkanakako gainbeheran murgilduko da.
Terence Davies
Artxibo irudiz eta gaur egun filmaturiko irudiz osaturiko muntaketa egin du Daviesek, eta bere ahotsa jarrita, jaioterriko oroitzapenak kontatuko dizkigu, 40ko eta 50eko hamarkadako Liverpoolekoak, hain zuzen. Ondoren, aurrera egingo du gaur egunera iritsi arte, etenaldiak eginez Britainia Handiko hurbileko historiako gertakizun nagusietan, denborak bere hirian izan dituen eraginak erakutsiz, poesiaren, ironiaren, melankoliaren eta haserrearen artean mugitzen diren iruzkinen bitartez.