Tabakalerako zinema-aretoan aurkeztu dute gaur Donostia Zinemaldiaren 73. edizioa, aurten, 56 herrialdetako 254 film eskainiko dira guztira. Ekitaldiaren hasieran, José Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita komunikazio-arduradunak Gazako genozidioari buruzko adierazpen bat irakurri dute, irailaren 19tik 27ra bitarte hiria bisitatuko duten presentzien zerrenda argitu aurretik.
Zinemagile, antzezle, ekoizle eta gidoigile ugarik berretsi dute Zinemaldiaren 73. ediziora etorriko direla. Esther García eta Jennifer Lawrence Donostia Sariez gain, euren film berriak aurkeztera bertaratuko dira Donostiara Juliette Binoche, Paul Dano, Harris Dickinson, Matt Dillon, Colin Farrell, Denis Lavant, Maria de Medeiros, Ron Perlman, Renate Reinsve eta Stellan Skarsgard. Halaber, zinematografia garaikideko hainbat zinemagile garrantzitsuk euren proposamen berriak aurkeztuko dizkiete ikus-entzuleei eta komunikabideei; horren adibide dira Olivier Assayas, Edward Berger, Arnaud Desplechin, Claire Denis, Hasan Hadi, Lucile Hadzihalilovic, Agnieszka Holland, Richard Linklater, Kleber Mendonça Filho, François Ozon, Jafar Panahi, Raoul Peck, Joachim Trier eta Rebecca Zlotowski.
Presentzia horietako asko Sail Ofizialarekin lotuta egongo dira, hala nola hauek: Edward Berger zuzendaria eta Colin Farrell eta Fala Chen aktoreak (Ballad of a Small Player); Claire Denis zinemagilea eta Matt Dillon, Mia McKenna-Bruce eta Tom Blyth antzezleak eta Suzanne Lindon gidoigilea (Le Cri des Gardes); Arnaud Desplechin zuzendaria eta Nadia Tereszkiewicz, François Civil eta Hippolyte Girardot aktoreak (Deux pianos); Alice Winocour zuzendaria, Ella Rumpf eta Anyier Anei aktoreak (Couture); Agnieszka Holland zuzendaria (Franz); James Vanderbilt gidoigile eta errealizadorea (Nuremberg); Joachim Lafosse zuzendaria eta Eye Haïdara aktorea (Six jours ce printemps-là); Juliette Binoche aktorea, zuzendari gisako bere lehen lana aurkeztuko diguna (In-I in Motion), eta Lesley Manville antzezle britainiarra, Kasia Adamik zuzendariari lagunduko diona (Winter of the Crow).
Beste sail batzuek ere elikatuko dituzte alfonbra gorriak eta ikus-entzuleekiko topaketak. Denis Lavant aktorea Donostiara etorriko da Värn aurkeztera New Directorsen eta L'etranger, berriz, Perlak sailean, François Ozonekin eta Benjamin Voisinekin batera; bestalde, Harris Dickinson antzezleak eta Alex Russell ekoizleak eta gidoilariak Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztuko dituzte euren lehen lanak zuzendari gisa, Urchin eta Lurker, hurrenez hurren. Perlak sailak hauek bilduko ditu: Olivier Assayas eta Paul Dano aktorea (Le mage du Kremlin); Hasan Hadi zinemagilea (Mamlaket al-Qasab / The President's Cake); Saja Kilani eta Motaz Malhees antzezleak (The Voice of Hind Rajab); Richard Linklater (Nouvelle vague); Jafar Panahi (Un simple accident); Joachim Trier eta, harekin batera, Renata Reinsve eta Stellan Skarsgard aktoreak (Affeksjonverdi / Sentimental Value); Rebecca Zlotowski (Vie privée), eta Hlynur Pálmason (Ástin sem eftir er / The Love That Remains), Zabaltegi-Tabakaleran ere film bat estreinatuko duena (Jóhanna af Örk / Joan of Arc), Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan erakusketa bat izateaz gain.
Gainera, munduko soinu-banden konpositore onenetako bi, Alexandre Desplat eta Alberto Iglesias, Zinemaldira joango dira hizketaldi batean parte hartzeko. Elkarrizketa horri buruzko xehetasun gehiago datorren astean emango dira.
Donostian, beti bezala, zinema latinoamerikarraren presentzia zabala izango da, Sail Ofizialeko ekoizpen argentinarrak izanik ugarienak: Daniel Hendler zuzendari eta aktorea eta Carla Peterson antzezlea, 27 noches filmekoak (hasiera emango dion pelikula); Dolores Fonzi zinemagilea eta Belén filmaren protagonista; eta Milagros Mumenthaler zuzendaria eta Isabel Aimé González eta Esteban Bigliardi aktoreak Las corrientes aurkezten. Horizontes Latinos sailak pelikula-ekipo ugari bilduko ditu Donostian, hala nola Dominga Sotomayor txiletarra (Limpia), Fernando Eimbcke mexikarra (Olmo), Marcelo Gomes eta Maria Clara Escobar brasildarrak (Dolores), eta Simón Mesa Soto kolonbiarra, Un poeta pelikularen protagonista Ubeimar Ríosekin batera. Presentzia latinoamerikarra egongo da, halaber, nola Zabaltegi-Tabakaleran (Luis Ortegak eta Paz Encinak euren film luzeak aurkeztuko dituzte eta Sergio Oksmanek, berriz, sailari hasiera emango dio) hala Perlak sailean, non Kleber Mendonça Filho zinemagile brasildarrak O agente secreto aurkeztuko baitu, eta Raoul Peck dokumentalista haitiarrak, berriz, Orwell: 2+2=5.
Zinema espainiarrak ordezkari ugari izango ditu oraingoan ere, Esther García Donostia Saria buru. Garcíak Almodóvar anaiak izango ditu lagun, besteak beste. Sail Ofizialeko lehian José Luis Guerin zinemagilea eta haren filmaren ekoizle Jonás Trueba izango dira (Historias del buen valle) Alauda Ruiz de Azúa zuzendariaz eta Patricia López Arnaiz, Blanca Soroa eta Nagore Aranburu (Los domingos) aktoreez gain. Aranburu Maspalomas filmagatik ere izango da Zinemaldian, Jose Ramon Soroizekin eta Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariez gainera; Bárbara Lennie eta Antonio de la Torre antzezleek lagun egingo diote Alberto Rodríguez zuzendariari Los Tigres filmagatik. Sail Ofizialean lehiaz kanpo, zuzendari sevillarrak Anatomía de un instante aurkeztuko digu Javier Cercas idazlearekin eta Álvaro Morte, Manolo Solo eta Eduard Fernández antzezleekin batera (Fernándezek, gainera, Zinematografia Sari Nazionala jasoko du Donostian); Agustín Díaz Yanes zinemagileak eta Susana Abaitua, Andrés Gertrúdix, Raúl Arévalo eta Ariadna Gil aktoreek Un fantasma en la batalla erakutsiko dute; Alba Flores, Ana María Vila, Lolita Flores, Rosario Flores, Guillermo Furiase eta Elena Furiase etorriko dira Isaki Lacuestari eta Elena Molinari lagun egitera (Flores para Antonio); azkenik, Óscar Jaenadak eta Ricardo Gómezek gauza berbera egingo dute Paco Plazarekin (La suerte).
Leiva musikariak Hasta que me quede sin voz aurkeztuko du Belodromoan, eta Daniel Sánchez Arévalori lagun egingo diote Javier Gutiérrez, María Vázquez eta Tamar Novas aktoreek (Rondallas). RTVE Galei dagokienez, Arón Piper, Miguel Herrán eta Javier Pereira aktoreek Donostiara bidaiatuko dute Miguel Ángel Vivas zuzendariarekin batera (La tregua); Blanca Suárezek eta Eduardo Noriegak lagun egingo diote Antonio Hernándezi (Parecido a un asesinato); Ron Perlmanek, Megan Montanerrek, Daniel Graok eta Rubén Ochandianok Ya no quedan junglas aurkeztuko dute, eta Mario Casas Donostian izango da Manuel Gómez Pereiraren La cenarekin, Alberto San Juanez gain.
Made in Spain inauguratzeko, Pablo Colomo, Carmen Machi, Antonio Resines eta Brays Efe aktoreak bertaratuko dira Donostiara Fernando Colomorekin batera (Las delicias del jardín), baita Mabel Lozano zuzendaria ere (Abril, hoy no es invierno). Cannesko Sail Ofizialean lehiatutako zuzendari espainiarrak ere izango dira Zinemaldian: Carla Simón (Romería) Llúcia Garcia eta Mitch protagonistekin batera, eta Oliver Laxe (Sirāt), Sergi López aktorearekin batera. Alberto Moraisekin ere izango dena berau (La terra negra). Ikus-entzuleekiko mahai-inguruetan hauek hartuko dute parte: Avelina Prat zuzendaria eta Maria de Medeiros aktorea (Una quinta portuguesa); Eva Libertad zuzendaria eta Miriam Garlo eta Álvaro Cervantes aktoreak (Sorda); Belén Funes zinemagilea (Los Tortuga); Arantxa Echevarría errealizadorea eta Carolina Yuste antzezlea (La infiltrada); Sara Sálamo aktorea, zuzendu duen lehen filma aurkezteko, eta Isco Alarcón futbol-jokalari eta En silencioren protagonista, eta Julio Medem zuzendaria, Ana Rujas, Javier Rey, Loreto Mauleón eta Tamar Novas aktoreekin (8). Mauleónek eta Rujasek La buena letra ere aurkeztuko dute (Made in Spain), Celia Rico Clavellino zuzendariarekin. Pilar López de Ayalak eta Javier Rebollok En la alcoba del sultán aurkeztuko digute; La furia erakustera etorriko dira, bestalde, Ángela Cervantes eta Álex Monner antzezleak, Gemma Blascorekin batera; Cesc Gayrekin etorriko da Nora Navas aktorea (Mi amiga Eva); Emma Suárezek lagun egingo die Fragmentos filmari eta Horacio Alcalá zuzendariari; The Designer Is Dead (Gonzalo Herguetak zuzendua) erakusteko, bestalde, Miguel Adrover diseinatzailea eta Antón Alvarez (C. Tangana) zinemagile eta musikaria (ekoizle gisa) izango dira Donostian. Furtivos (Klasikoak) film zaharberrituaren aurkezpenean, azkenik, Manuel Gutiérrez Aragón egongo da.
Zinemirari gagozkiola, Fernando Guillén Cuervok Gaizka Urrestirekin batera aurkeztuko du Eloy de la Iglesia, adicto al cine pelikularen estreinaldia. Antzezle euskaldunak ere izango dira, hala nola Eneko Sagardoy (Karmele), Jone Laspiur (Karmele eta Faisaien irla), Edurne Azkarate (Aro berria eta Bariazioak), baita Mikel Erentxun (Hombre bala) eta Juan Carlos Pérez (Itoiz udako sesioak) musikariak ere, Zeru ahoak seriea ahaztu gabe, Joxean Bengoetxea, Sara Cózar, Miren Gaztañaga eta Ramon Agirre Nagore Aranbururekin batera izango baitira, Aranburuk 73. edizioan izango dituen lau parte-hartzeetako batean.
Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Epaimahai Ofizialak J. A. Bayona izango du epaimahaiburu: Bayona Lo imposible eta Un monstruo viene a verme pelikulengatik hautatua izan da Sail Ofizialean, eta 2023an Donostia Hiria Publikoaren Saria beretu zuen La sociedad de la nieve filmarekin. Jurassic World: Fallen Kingdom pelikularen zuzendariari hauek lagunduko diote erabakiak hartzen: Laura Carreira portugaldarra, Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuena On Falling (2024) filmagatik; Gia Coppola zuzendari estatubatuarra, Epaimahaiaren Sari Bereziarekin aintzatetsia The Last Showgirl (2024) pelikulagatik; Zhou Dongyu aktorea, Zhang Yimouren Shānzhāshù Zhī Liàn / Under the Hawthorn Tree filmeko protagonista; Lali Espósito antzezle eta abeslari argentinarra; Mark Strong aktore britainiarra, ezaguna The Imitation Game, Tinker Tailor Soldier Spy, 1917 eta Tár filmengatik eta Kingsman sagagatik, eta Anne-Dominique Toussaint frantziarra, Louis Garrelek zuzendutako hainbat filmen, Capharnaümen (Nadine Labaki) eta Ciudad sin sueñoren (Guillermo Galoe) ekoizlea.
Epaimahai Ofiziala
Kutxabank-New Directors Sariaren epaimahaia
Horizontes Make & Mark Sariaren epaimahaia
Zabaltegi-Tabakalera Sariaren epaimahaia
Nest The Mediapro Studio Sariaren epaimahaia
Culinary Zinema Sariaren epaimahaia
Euskal Zinemaren Irizar Sariaren epaimahaia
Eusko Label Sariaren epaimahaia
Loterías Sarien epaimahaia
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko Proiektu Onenaren Sariaren epaimahaia
Programazioa Zinemaldiaren webgunean eta tokiko komunikabideetan argitaratuko da hilaren 8an (astelehena). Irailaren 10ean, 11n eta 12an, 2,50 euroko prezioan salduko dira filmez film gidak Zinemaldiko bulegoan (Tabakalerako bigarren solairuan, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:00etara). Larunbatetik (hilaren 13a) aurrera, eskuragarri egongo da Zinemaldiak Kursaalen gaitzen duen informaziogunean (irekita 13tik 18ra 9:00etatik 20:00etara eta 19tik 27ra 8:30etatik 22:00etara).
Sarreren salmenta orokorra igandean –hilaren 14an, goizeko 9:00etan– hasiko da. Egun horretan Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako sarrerak erosi ahalko dira (ostirala 19, larunbata 20 eta igandea 21); hilaren 15ean (astelehena), berriz, 22rako (astelehena), 23rako (asteartea) eta 24rako (asteazkena) sarrerak erosi ahalko dira, aurreko jardunaldietako sarrera eskuragarriez gain; hilaren16an (asteartea), azkenik, 25erako (osteguna), 26rako (ostirala) eta 27rako (larunbata) sarrerak erosi ahalko dira, baita gainerako emanaldietarakoak ere.