Walter Sallesek zuzendutako Ainda estou aqui / I’m Still Here filmak FIPRESCI Sari Nagusia irabazi du, aurten ehungarren urteurrena betetzen duen FIPRESCI Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko –kritika eta kazetaritza zinematografikoko profesionalen elkarte zaharreneko– kideek 2025eko film onena izendatu ondoren. Bozketan 75 herrialdetako 739 kritikarik hartu dute parte, eta Brasilen eta Frantziaren arteko koprodukzio hori aukeratu dute, 2024ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako guztien artean.
Walter Salles bera joango da saria jasotzera, Donostia Zinemaldiaren 73. edizioaren inaugurazio-galan, irailaren 19an. Egun horretan bertan filmaren emanaldi bat programatuko da (ordu zehatza irailaren 8an iragarriko da).
Beste lau finalistak honako hauek izan dira: Brady Corbeten The Brutalist; Cannesen lehiatutako bi film, Oliver Laxeren Sirāt –Made in Spain sailean programatua–, eta Kleber Mendonça Filhoren O agente secreto / The Secret Agent –Perlak sailean parte hartuko duena–; eta Ryan Cooglerren Sinners.
Ainda estou aqui 2024ko Veneziako Mostran estreinatu zen, eta gidoi onenaren saria eskuratu zuen han, aintzatespen-zerrenda luze baten lehenengoa, besteak beste, nazioarteko film onenaren Oscar saria, non film eta emakumezko aktore onenen (Fernanda Torres) sarietarako ere izendatua egon baitzen, eta Iberoamerikako film onenaren Goya saria.
Venezian izan ondoren, Walter Sallesek berak aurkeztu zuen filma Perlak sailean eta, hala, Donostian seigarren aldiz parte hartu zuen Terra Estrangeira (1995) bere lehen lana Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean hautatu zutenetik.
Ainda estou aqui, Videofilmes eta RT Features (Brasil) eta Mact Productions (Frantzia) ekoiztetxeek ekoitzia eta Goodfellas taldeak banatua nazioartean, joan den otsailean estreinatu zen Espainian Vértigo Filmsen eskutik.
1999an sortu zenetik, goi-mailako zinemagileen filmek jaso dute FIPRESCI Sari Nagusia, hala nola hauenek: Maren Ade, Pedro Almódovar, Paul Thomas Anderson, Alfonso Cuarón, Jean-Luc Godard, Ryusuke Hamaguchi, Michael Haneke, Aki Kaurismäki, Yorgos Lanthimos, Richard Linklater, Terrence Malick, George Miller, Jafar Panahi eta Chloé Zhao.
Brasil, 1971. Herrialde bat diktadura militar baten atzaparretan. Ama batek bere burua berrasmatu beharko du indarkeria arbitrarioko ekintza batek bere familiaren bizitza suntsitzen duenean.