Tabakaleran topaketa garrantzitsua egin dute gaur, 12:00etan, Tabakalera Belaunaldia dela eta: kultur ekosistema paregabean sortu diren zinemagile hasiberriak elkartu dira. Ekitaldia Prisman egin dute, Tabakaleraren 10. urteurrenaren testuinguruan, eta bertan izan dira, besteak beste, Edurne Ormazabal (Tabakalerako zuzendari nagusia), José Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldiko zuzendaria), Carlos Muguiro (Elías Querejeta Zine Eskolako zuzendaria), Joxean Fernández (Euskadiko Filmategiko zuzendaria) eta Andoni Iturbe (Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea). Belaunaldi honetako hogeita hamar bat zinemagilek (Estibaliz Urresola, Mikel Gurrea, Maria Elorza, Maider Oleaga eta Sara Fantova, besteak beste) eta euskal ikus-entzunezko industriako hainbat pertsona ospetsuk jardunaldiaren garrantzia azpimarratu dute beren ibilbidea eta nazioarteko proiekzioaren sendotzea aintzatetsi nahi izan dituen ekitaldian.
Tabakalera Belaunaldia zinema garaikidea babesteko sistema bereziaren adibide argia da Euskadin. Hori Donostia Zinemaldia, Elías Querejeta Zine Eskola, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroaren arteko lankidetzari esker da posible, betiere euskal erakunde publikoen funtsezko babesarekin.
Sorkuntzari laguntzeko sistema hau arretaz eraiki da urteetan zehar, sektorearen beharretara egokituta, eta ingurune emankor eta iraunkor bat sortzea ahalbidetu du, zinemagileek lanerako espazioa eta denbora ez ezik, prozesuak eta esperientziak ere parteka ditzaten, elkar aberasten duen komunitate sortzaile eta kolaboratzaile bat landuz.
Ikus-entzunezko sorkuntzari laguntzeko Tabakalerako zirkuitua zinemagile bakoitzari bere proiektuaren hasierako fasetik azken aurkezpenera arte laguntzeko dago artikulatuta, bakoitzak ekosistemaren barruan bere ibilbidea aurki dezan ahalbidetzeko. Gaur egun Tabakalera Belaunaldia osatzen duten pertsonen ibilbideetako askok bide bera egin dute: EQZEn trebatu dira; beren proiektua Noka edo Ikusmira Berriak bezalako programetan garatu dute, gidaritza profesionalarekin; postprodukzioa Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Laborategian landu dute, eta filma nazioarteko jaialdi nagusietan aurkeztu dute, hala nola, Donostia, Cannes, Venezia edo Berlinalen. Prozesu horrek zinema egiteko modu berezi bat islatzen du: zinema denboraz, komunitatean eta nazioarteko bokazioarekin egitearen aldeko apustua.
Zirkuitu honetan, Elías Querejeta Zine Eskolak belaunaldi honetako zinemagile asko trebatu ditu 2018tik. Egile ikuspegi, kritiko eta praktikoa abiapuntu, loturak sortu ditu geografia eta diziplina ezberdinetako zinemagileen artean. Ikasleak etengabeko elkarrizketan ari dira ekosistemaren barruan garatzen diren proiektuekin, horiek hainbat ikuspegiren arteko gurutzaketak bultzatzen dituztelarik. Marina Palacio, Mikele Landa edo Saioa Miguel bezalako zinemagileak zinema pentsamolde- eta sorkuntza-prozesu kolektibo gisa ulertzen duen espazio horretan gailendu dira. Aurten, gainera, Ernesto Martinez Buciok Berlinaleko Perspectives saileko opera prima onenaren saria irabazi du EQZEn garatutako El diablo fuma (y guarda las cabezas de los cerrillos quemados en la misma caja) lanarekin.
Ikusmira Berriak eta Noka programak, berriz, funtsezkoak dira ekosistema horretan, laguntza sortzailea eta kolektiboa emateko.
2014az geroztik, Ikusmira Berriak proiektuak garatzeko egonaldi programak 56 zinema-proiektu garatzen lagundu du. Horietatik 24 nazioarteko jaialdietan estreinatu dira, 17k sariak jaso dituzte, eta gainerakoak garapen prozesuan daude oraindik. Programa horretan parte hartu dute dira, besteak beste, honako euskal talentu ezagun hauek: Jaione Camborda (Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra, 2023), Maria Elorza (Gazteriaren TCM Saria, 2022) edo Mikel Gurrea (Euskal Zinemaren Irizar Saria, 2022).
2019tik, Noka programak laguntza eskaini die 21 zinemagile emergenteri. Programa horren arrakastaren adibide dira, besteak beste, Estibaliz Urresola (20.000 especies de abejas filmak nazioarteko sariak eta aintzatespenak jaso ditu, baita Goya Sarietan eta Berlinalen ere) eta Sara Fantova (Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen Malagako Jaialdian, Jone batzuetan (2025) filmarengatik). Eusko Jaurlaritzak bultzatuta eta Tabakalerak koordinatuta, Zineuskadirekin elkarlanean, Noka plataforma ezinbestekoa da gaur egungo zineman ahots berriak ikusarazteko.
Ikus-entzunezko sorkuntza bultzatzeko ekosistema horretan, 2deo Serieak programak 12 telesail-proiektu garatzen lagundu du, eta euskarazko narrazio-formatu berriak esperimentatu eta bilatzeko funtsezko gunea bihurtu da. Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen laborategiak sustatu du programa, Donostia Zinemaldiarekin eta EITBrekin elkarlanean, eta sektoreak telesailen alorrean berrikuntzarekin duen konpromisoa indartzen du.
Tabakalerak, bere aldetik, ikus-entzunezko sektorean ahalik eta gehien eragin nahi du, eta artistei aukera ematen die sektorearen muga konbentzionalei aurre egiteko eta zinemaren eta artearen, zinemaren eta teknologia berrien arteko gurutzaketak arakatzeko ere. Gainera, ikus-entzunezko sektorearen erronkak antzematen ditu une oro, esperimentazio eta esplorazio sortzaileko ikuspuntutik aurre egiteko. Testuinguru horretan, datorren irailean, Irati Gorostidi zuzendariak zinematik erakusketara egingo du jauzi, beste behin ere belaunaldi horren moldakortasuna berrestuz, zinema formatu gisa ez ezik, praktika artistiko zabal gisa ere ulertzen baitu. Beste adibide bat da Jaione Cambordarena; Tabakalerako Visiones cuánticas (Ikuspegi kuantikoak) erakusketan murgiltze-instalazio bat egiten parte hartu du zinemagileak.
Euskadiko Filmategiak, bestalde, ekosistema horren barruan erakunde aktibo gisa duen zeregina indartu du; izan ere, ondare-funtsetarako sarbidea errazten du, eta loturak bultzatzen ditu zinema garaikidearen eta ikus-entzunezko memoriaren artean. Filmategia funtsezkoa izan da sorkuntza garaikidearen eta ikus-entzunezko ondarearen arteko bitartekari gisa.
Aipatzekoa da sendotze une honen aurretik bidea ireki zuten eragile eta espazioen aldez aurreko lana, Larrotxene, Sarobe, Donostia Kulturako Zinema Unitatea edo Kimuak kasu. Ekimen horiek guztiek lagundu dute gaur identitatea, anbizioa eta nazioarteko proiekzioa duen belaunaldiaz, Tabakalera Belaunaldiaz, hitz egin ahal izateko baldintzak sortzen.
Ospakizunaren parte, Tabakalera Belaunaldia proiekzio-zikloa prestatu du Tabakalerak gaur eta bihar (ekainak 13 eta 14) bitartean. Programazioan lau film luze eta film labur bat proiektatuko dira, kontu handiz aukeratuak, etorkizun handiko belaunaldi hau osatzen duten zinemagileen kolektiboaren aberastasun formala eta ibilbide arrakastatsua erakusteko. Sarrerak Tabakalerako Informazio Puntuan edo bere webgunean eros daitezke.
Jaione Camborda, Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi, Maddi Barber, Maider Oleaga, Mikele Landa, Maria Elorza, Marina Palacio, Mikel Gurrea, Amaia Merino, Aitor Merino, Maider Fernández, Arantza Santesteban, Aitziber Olaskoaga, Sara Fantova, Clara Rus, Itziar Leemans, Tamara Lucarini, María Inês Gonçalves, Andrea Sánchez, Ainhoa Gutiérrez, Joana Moya, Nerea Castro, Zaira Zanguiti, María Monreal, Nagore Eceiza, David Pérez Sañudo, Arriguri, Asier Urbieta, Ainhoa Artetxe, Ainize Sarasola, Maria García Marraco, Maia Iribarne, Alba Lozano, Ione Atenea, Saioa Miguel.