Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak José Ángel Herrero-Velarde beken hirugarren edizioa bultzatu dute Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren babesarekin. Programa honen helburua Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa bultzatzea da. Horretarako, Zinemaldiaren artxibo historikoa iturri nagusitzat hartuko duten testu argitaragabeak sortu beharko dituzte hautagaiek, zinema-jaialdiaren iragana berrikusi eta haren orainaren eta etorkizunaren arteko etengabeko elkarrizketari bide emateko.
Beka-programaren azken xedea da hiru ikerketa-artikulu argitaragabe sortzea. Era berean, programan parte hartzen duten erakundeek osatuko duten batzorde batek gainbegiratuko ditu lan horiek. Zinemaldiak artikuluak argitaratzeko laguntza emango du, eta ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari prestigiotsuen arteko bitartekari gisa jardun.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura diputatu Goizane Álvarezek azpimarratu duenez, "beka hauek aukera paregabea dira Donostia Zinemaldiaren historian sakontzeko, eta Gipuzkoako kultura-ondarearen ikerketa eta zabalkundea sustatzeko dugun konpromisoa islatzen du. Zehazki, testu horiek ikertzen eta ekoizten lagunduz zinema-jaialdiaren iraganaz eta gaurko kultura zinematografikoan izan duen eta duen eraginaz gehiago jakitea lortuko dugu".
Beka eska dezakete Gipuzkoan jaio edo/eta bizi diren pertsonek eta Estatuko gainerako lekuetan jaio edo/eta bizi direnek –gutxienez, bi urtez–. Gaia, metodologia eta ikerketa-iturriak adierazi beharko dira proiektuan, eta asmo-gutun bat eta curriculum vitaea atxiki. Eskaerak Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dira. Han daude, halaber, deialdiaren oinarriak eta xehetasun guztiak.
Ikerketa-proiektuak aurkezteko epea datorren ostiralean, martxoaren 7an hasiko da eta irekita egongo da 2025eko apirilaren 22ra arte. Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura duen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako profesionalek osatuko dute. Hautatutako hiru proiektuak maiatzean jakinaraziko dira eta egonaldia uztailaren 7tik 18ra egingo da.
Hautatutako ikertzaileek 3.500 euroko dirulaguntza bana jasoko dute. Halaber, artxibora sartzeko edukiko dituzten bi asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak eskainiko zaizkie. Horrez gain, programak Gipuzkoan bizi ez diren onuradunen bidaia eta ostatua ordainduko ditu.
Tabakalera eraikineko egonaldi-fasean, non Zinemaldiaren artxiboa osatzen duten material guztiak dauden, Euskadiko Filmategian Interneteko konexioa duen lanerako eta kontsultarako gune bat eskainiko da. Bestalde, eraikinean eta aldamenekoetan dauden funts eta artxibo zinematografikoetarako sarbidea bermatuko da, eta eraikineko baliabide eta jardueretarako sarbidea emango da, hala nola zinema-saioetarako, tailerretarako eta eskola magistraletarako.
Lanak (6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte) zortzi hilabeteko epean amaitu beharko dira, hautaketa-egunetik kontatzen hasita, eta, gehienez, bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango da.
Hala, Donostia Zinemaldiko artxibo historikoko 4.000 dokumentu digitalizatu inguru (korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak, aldizkariak…) kontsultatzeko eskuragarri daude Artxiboa atarian. Horrez gain, web-atari horrek materialen 35.000 deskripzio-fitxa baino gehiagoko katalogo bat eskaintzen du, irakasle eta ikertzaile profesional eta espezialistek eskatuta azter daitezkeenak. Artxiboa atarian eskuragarri daude Zinemaldiaren eta Kutxatekaren funtsetako 3.000 argazki digitalizatu inguru; Zinemaldiko egunkarien (egungo Zinemaldia aldizkaria) 733 ale, 1953tik gaur egunera artekoak; Zinemaldiko ia edizio guztietako 320 kartel inguru; bai eta Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak ere.
José Ángel Herrero-Velarde Notario zuzendaritza- eta hautaketa-batzordeko kidearen omenezkoa da beken izena. Zinemaldiko funtsezko figura izan zen azken lau hamarkadetan, eta 2022an zendu zen.