Fede Gianni, Alexandra Latishev, Kathy Mitrani, Joana Moya, Jaime Puertas Castillo eta Daniel Soaresen zinema proiektuak aukeratu dira Ikusmira Berriaken hamaikagarren edizioan aurkeztu diren 487 lanen artean. Egonaldiaren lehenengo fasea martxoaren 24tik maiatzaren 4ra izango da. Egonaldien programak bere izen emateen marka gainditu du, 487 zinema proiektu jaso baititu, iaz baino % 34 gehiago (362). Aukeratutako sei proiektuen artean, lau opera primak dira.
Elías Querejeta Zine Eskolaren kategorian, zeinetan EQZEko ikasleek eta alumniak parte har dezakeen, Sirenas aukeratu da, Alexandra Latishevena; azken honen opera prima, Medea, Horizontes Latinos sailean programatu zen (2017). Hirugarren film luzearen proiektuak arlo soziala, thrillerra eta genero zinema uztartzen ditu, antropomorfikoaren eta alimalekoaren artean dabiltzan emakume talde baten istorioa kontatzeko, Erdialdeko Amerikako testuinguru garaikidean.
Nest kategorian Zinemaldiko zinema ikasleen nazioarteko topaketako azken bost edizioetan (2019-2023) aukeratutako zinemagileek parte har dezakete. Kasu honetan, Estatu Batuetan bizi den Kathy Mitrani zinemagile kolonbiarrak bere lehen film luzea garatuko du, Sombras nada más / Nothing But Shadows (2023) film laburra Donostian estreinatu eta Leedsen eta Bogoshortsen saritu ondoren.
Euskal kategorian, La Koreana, un poema ferromagnético de luz y memoria lana aukeratu da, Joana Moyarena. Artista honek 2023an aurkeztu zuen bere lehen film laburra, Todo lo cubre la sal / Salt Covers All, eta Kimuaken katalogoan jaso zen. Gainera, Doclisboa, Zinebi eta Malagako jaialdietan programatu zuten. Bere lehenengo film luzean, zuzendariak, Noka (Euskadin eta Nafarroan bizi diren emakume zuzendari hasiberrien film luzeen proiektuak akonpainatzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Tabakalerako programa) programako egoiliarrak, bere amonak Malaga sorterritik Bizkaiko La Arboleda meatze-herrixkara egin zuen bidaia hartzen du oinarri.
Espainiar kategorian, Retorno al Valle aukeratu da, Jaime Puertas Castilloren bigarren film luzea. Puertas EQZEko alumnia da, eta Rotterdamen estreinatu zuen Historia de pastores lana. Puertasek bigarren film luzean landa munduaren erretratua egiten jarraitzen du San Juan de la Cruzetik abiatuta eta Jaengo herri bateko bi gazte querren (Luz eta Pedro) eta hilzorian dagoen gizon baten (Omar) arteko adiskidetasunean oinarrituta.
Nazioarteko kategorian, bi proposamen aukeratu dira. Batetik, 900 toneladas, Daniel Soares zuzendari portugaldarraren lehenengo film luzea. Soaresen Bad for a Moment film laburrak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Canneseko film laburren lehiaketa ofizialean. 900 toneladas proiektuak kapitalismoari eta klaseari buruzko gogoeta egiten du zaborrak biltzen lan egiten duen eta kirol auto bat tokatzen zaion gizon baten eskutik. O Som e a Fúria konpainiak ekoizten du; hain zuzen, enpresa horrek Miguel Gomesen eta Manoel de Oliveiraren filmak bultzatu ditu, baita Lucrecia Martelen Zama ere.
Bestalde, Fede Gianni zinemagile italiarrak egin duen lehenengo film luzean garatu du bere Cowboy Billi film laburraren gaia. Film labur hori Veneziako Kritikaren Astean aukeratu zuten iaz. Kino Produzioni (Alcarràs, Puán) enpresak ekoitzi du Il Cascatore, eta 60ko hamarkadako Italian eta western filmen filmaketetan girotutako identitateari buruzko coming of age bat da.
Egonaldiak zortzi aste iraungo ditu, bi egonalditan banatuta. Sei zinemagileen taldea martxoaren 24an iritsiko da Tabakalerara, eta bertako Zinea eta Ikus-entzunezko Laborategian maiatzaren 4ra arte landu ahal izango dute beren proiektua. Denbora horretan, proiektu bakoitzerako exprofeso aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute, beren beharretara egokituta. Ekainean, egoiliar bakoitzak garapenerako laguntza bat jasoko du, bi egonaldien artean bere proiektuan lanean jarraitzeko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira, egonaldiko azken bi asteak igarotzera. Fase horretan, norberaren proiektua industriako profesionalei aurkeztu ahal izango diete, eta hitzorduen agenda pertsonalizatua izango dute proiektuetan parte hartzeko interesa duten pertsonekin.
Ikusmira Berriak atala sendo finkatu da nazioartean duela zenbait urtetik hona, eta bertatik ateratako proiektuak honako hauetan aukeratu dira: Quinzaine des Cinéastas (El agua / The Water, Elena López Riera, 2022; Creatura, Elena Martín, 2023), Sundance (All Dirt Roads Taste of Salt, Raven Jackson) eta Donostia (O Corno / The Rye Horne, Jaione Camborda, 2023an Claire Denis buru zuen epaimahaiaren Urrezko Maskorra jaso zuena). Iaz, Berlinalen, Nele Wohlatzen (Ikusmira Berriak 2018) Dormir de olhos abertos/ Sleep With Their Eyes Open aukeratu zuten Encounters atalean, eta Fipresci saria eman zioten. Gainera, Zabaltegi-Tabakaleraren epaimahaiak aipamen berezia eman zion Jessica Sarah Rinlanden Monólogo colectivo / Collective Monologue lanari; azken horrek Extramission: capturando ojos luminosos erakusketa inauguratu zuen Tabakaleran, Zinemaldiarekin bat eginez.
2015ean egindako lehen ediziotik, Ikusmira Berriakek 50 ikus-entzunezko proiekturen garapena bultzatu du. Proiektu horietako 23 nazioarteko jaialdietan estreinatu eta aurkeztu dira, hamasei saritu dira eta gainerakoak garatzeko fasean daude. 2025ean, Diego Céspedes (La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo, Ikusmira Berriak 2020), Irati Gorostidi (Anekumen, Ikusmira Berriak 2022), Gabriel Azorín (Anoche conquisté Tebas / Last Night I Conquered the City of Thebes, Ikusmira Berriak 2020) eta Jaume Claret (Estrany Riu / Strange River, Ikusmira Berriak 2022) artisten estreinaldiak daude aurreikusita.
Egonaldiak hasi zirenetik hamarkada bat igaro dela eta, 2025ean Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak Ikusmira Berriak 10 urte zikloa antolatu dute, Zinemaldia + Plusen esparruan. Atzerabegirako honek bi erakundeek Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatutako hamar urteko zinema egonaldiak aztertzea eta ospatzea proposatzen du, programaren esparruan garatutako 21 filmen bidez. Film horiek dagoeneko amaitu eta estreinatu dira nazioarteko hainbat jaialditan, hala nola Donostia, Cannes, Venezia, Berlinale, Sundance, Locarno, Viennale, Márgenes, Torino edo Mar de Plata. Bihar, hilaren 25ean, 19:00etan, egingo da lehenengo saioa, Pablo Álvarezen El extraño / The stranger (2016) film labur eta Kiro Russoren El gran movimiento / The Great Movement (2021) film luzearen emanaldiekin. Sarrerak Tabakalerako leihatilan edo webgunean eros daitezke 4 euroren truke.
EQZE Kategoria
Egun batean, Armando, Telsiren senar arrantzalea, itsasoan desagertu zen. Ziurgabetasunaren aurrean, Telsi emakumeak eta pertsona ez-bitarrak bizi ziren Casa Sirenas ostatura bizitzera joan zen; pertsona horiek “sirena” deitzen zieten beren buruei. Denborak aurrera egin ahala, Telsi jokabide berezi bat nabaritzen hasten da haiengan: goizaldean atera egiten dira eta blai eginda itzultzen dira, nahigabe handiz negarrez. Gau batean, Telsik bere lagunetako bati jarraitzea erabakitzen du; laguna estuariora hurbiltzen da, uretan deuseztatzen da, eta haren gorputza erdi-krokodilo bihurtzen da.
Nest Kategoria
Ekaitz batek Ivonneren luxuzko oporrak mehatxatzen ditu; Ivonnek, ordea, Kolonbiako iparraldeko kostaldearen aurreko uhartean geratu nahi du bere familiarekin. Enbatan, senarra modu misteriotsuan hiltzen da, eta Ivonnek madarikatuta dagoela sinesten du senarraren heriotza eta xaman batekin izandako desadostasun batek bat egiten dutenean. Bere burutazioak areagotu egiten dira bere senarra zenak eraikitako eraikin bat kolapsatzen denean, eta eraikinaren zimenduaren kalitatearen susmoak piztuz. Konpondu gabeko fede dilema baten aurrean, Ivonnek doluari aurre egin beharko dio, eta, aldi berean, familiaren ohorea babestu.
Euskal Kategoria
Mendi zuloetatik soinu zaharra ateratzen da. Beti lainoz estalita egoten den gailurrean, meatzari taldeek burdina arrokak dinamitatzen dituzte. “La Koreana” dena itxuragabetzen den hondamen paisaia honetara iristen da. Ez dago goirik ezta beherik. Denak bira egiten du. Meatzariak, magnetismoak hipnotizaturik, beren denboran eta memorian galduko dira.
Espainiar Kategoria
Luz gazteak olio errotan menturaz Pedro mutikoa ezagutzen duenean, bietako inork ez daki oraindik Omar existitzen denik, San Jose komentuko erizaindegian dagoen beste izaki eriondo hori. Jaenen bihotzean, ikasketa eta sentsualitate giroan, hiru izaki horiek jainkotasunak beren aliantzan nola parte hartzen duen ezagutzen joango dira pixkanaka.
Nazioarteko Kategoria
Sandrok, 33 urteko zabor biltzaile batek, Lisboako kaleak garbitzen ditu gauez eta haur bikiak zaintzen ditu egunez. Bitartean, bere bikote handinahi Cléok supermerkatu batean egiten du lan, ile apaintzaile ibilbideari ekiteko nahian. Arazo ekonomikoak izan arren, Sandrok luxuzko kirol autoa dauka. Ikusgarritasuna ematen dion objektu horrengandik banantzeko gai ez denez, Sandro bere burua saltzen hasten da, eta pixkanaka-pixkanaka ikusezin bihurtzen.
Nazioarteko Kategoria
1960ko hamarkadan, Erromako kanpoaldean, non zelai haustuak western filmen plato bihurtu ziren, 12 urteko Bianca zaldi gainean ibiltzen da bertako mutilekin, generoen arteko lerroak lausotuz, cascatore edo ordezko zaldizko bihurtzeko ametsa bete nahian. Film ekoizle bat gizonezko talentu baten bila agertzen denean, bizitza berria asmatzen du Billy gisa; ezagutzen duen mundu bakarra suntsi dezakeen burutapen arriskutsu bat.