72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Made in Spain
Made in Spain
Filmak
Filmak
Inaugurazioa
Joan López Lloret
Espainia 
60 min.
1964ko urtarrilean, Tiempo de silencio eleberriaren egile Luis Martín-Santos auto-istripu tragiko batean hil zen. Istripu haren 60. urteurrenean eta idazlea jaio zenez geroztik ehun urte igaro direla, haren seme-alabei jarraitu diegu, idazlea, psikiatra eta gizona berritzeko bidaia batean, literatur promesa bihurtu zuen lanaz haraindi. Martín-Santosen irudian, gerraosteko Espainiari buruz zuen ikuspegi berezian eta partzialki testu argitaragabeetan funtsatuta urteetan ezkutatutako lana.
Klausurako filma
Alba Sotorra
Espainia 
84 min.
1975eko otsailaren 4a. Aktoreen greba historiko baten lehen eguna izanik, bederatzi egunez herrialdeko antzerki-jarduera geldiaraziko da. Astean egun bat libratzeko eskatzen dute. Aldarrikapen gisa hasten dena erronka politiko bihurtzen da. Concha Velasco, Ana Belén, Tina Sainz, Juan Diego edo José Sacristán izan ziren euren lana eta askatasuna arriskatzen aritu ziren artistetako zenbaitzuk. Gertakizun haren narrazioa, protagonistek kontatua, inoiz kontatu ez den bezala.
Antonio Chavarrías
Espainia - Belgika 
122 min.
IX. mendean, Emma −17 urteko neska bat− abadesa izendatu dute, moriskoekin gatazkan zeuden muga-lurraldeak birpopulatu eta kristautzeko. Abadiara iristean, bere eginkizuna betetzeko prest dagoen emakume batek pizten duen mesfidantza gainditu beharko du mesfidantza hori; nobleei, nekazariei eta mojei aurre egin beste erremediorik ez du izango. Alabaina, ezarritako botere-egiturei aurre egin ahal zaiela frogatuko du Emmak, baina garesti aterako zaio hori lortzea...
Álex Montoya
Espainia 
83 min.
Aita hil ondoren, hiru anai-arreba haurtzaroko udak igaro zituzteneko familia-etxean elkartuko dira. Etxebizitzarekin zer egin erabaki behar dute, baina uste baino zailagoa izango da hori. Umorez zipriztindutako tonu gazi-gozoarekin, La casa filmak familiari, herentziari eta denboraren igarotze errukigabeari buruz hitz egiten digu, etxea begira dagoela, lekuko gisa.
Dani de la Orden
Espainia - Italia 
108 min.
Montse zirraraz gainezka dago familia osoarekin asteburu bat pasatzear dagoelako Costa Bravako bere etxean. Aspaldi dibortziatu zen, senar ohiak bikote berria du, seme-alabak hazi egin dira eta aspaldi egiten dute nahi dutena amari kasurik egin gabe, baina Montseri ezerk eta inork ez dio izorratuko aldarte ona; denbora gehiegi eman du une horren zain, luzaroegi amestu du une horrekin: asteburua ezin aproposagoa izango da, eta hori lortzeko dena erre behar badu, ez du zalantzarik izango.
Salvador Simó, Li Jianping
Espainia - Txina 
98 min.
Garai ilunak dira Txina inperialean. Antzina gizakien lagun eta aliatu jakintsuak baziren ere, dragoiek urteak eman dituzte jazarpena pairatzen eta ziegetan giltzapetzen dituzte. Mendi-gotorleku isolatu batean, neskato esklabo batek azken dragoiari ihes egiten lagundu eta harekin bat egingo du altxorrik preziatuena berreskuratzeko misio zoragarri batean: dragoiaren azken arrautza, haren ahalmen magikoa hilezkortasuna lortzeko ustiatu nahi duen azti gaizto batek lapurtua.
Luismi Pantiga
Espainia 
165 min.
10 urte kartzelan eman ondoren handik ateratzen denean, Adryk ikusiko du anaia nerabe Álvaro jende negatiboekin adiskidetu dela eta Adryren beraren urratsei jarraitzen ari zaiela. Adry familia berreskuratzen eta anaia zaintzen saiatuko da eta, aldi berean, iraganeko pertsonak itzuliko zaizkio, drogen, delinkuentziaren eta krimenaren munduan berriz sartu nahian. Flores del cemento erredentzio-istorio bat da, indarkeriak eta gainbeherak markatutako mundu batean bizirik dirauten gazte batzuen erretratua.
David Trueba
Espainia 
79 min.
Vera, Juan eta horien alaba Manuela Mallorcaraino joango dira Aste Santua itsas aurreko etxe idiliko batean igarotzera. Alonso, Juanen lankide ohia, etxearen jabea da, eta pixka bat erretiratuta bizi da han istripu batean bikotekidea galdu zuenetik. Verak eta Juanek banatzeko erabakia hartu dute, eta Alonsok gizon on gisa jokatzea nahi dute, prozesu zail horretan lagunduko dien bitartekari gisa. Baina hurrengo egunetan, dena beste norabide batzuetan biratuko da eta ezingo dute egoera kontrolatu.
Simón Casal
Espainia - Portugal 
99 min.
Espainiako Gobernuak erreferendum bat iragarri du justizia-administrazioan Adimen Artifizialeko sistema bat onartzeko, justizia automatizatu eta despolitizatze aldera eta, praktikan, herrialdeko auzitegi guztietan AA horrek epaileak ordeztuko ditu. Erreferendumak hauteskunde-kanpaina gogorra abiaraziko du: batetik, sistema sortu duen teknologiarekin aliatuta dago Gobernua; bestetik, justizia gizakioi dagokigula defendatzen du karrera judizialak.
Liliana Torres
Espainia 
93 min.
Lola zoriontsu bizi da bikotekidearekin, Brunorekin, baina ustekabean haurdun geratzen denean bere asmo guztiak irauli egingo dira. Lolak betidanik izan du argi ama izatea ez dela beretzat, baina orain zalantzak ditu gizarte-itxaropenen eraginez, eta bere barneko beldurrei aurre egin beharko die. Klinikako hitzordua iritsi arte itxaron beharreko hiru egunetan, Lola bere lagunengana eta familiarengana hurbilduko da bere erabakia berresteko asmoz. Brunok ere ez zuen inoiz bere aita gisa ikusi. Orain arte.
Sonia Méndez
Espainia 
83 min.
As Neves mendi-herri galiziarra da, eta denek ezagutzen dute elkar han. Inauteri-gauean, nerabe batzuek festa bat ospatu eta perretxikoekin drogatuko dira lehen aldiz. Hurrengo egunean elur-ekaitzarekin esnatuko dira, eta Paula, nesketako bat, desagertu egin dela jakingo dute. Bitartean, herria inkomunikatuta geratu eta Internetik gabe geratuko da. Gero eta garrantzitsuagoa da Paula aurkitzea. Bizitza eta munduarekin duten harrema sakonki aldatuko dien ikerketa abiaraziko da.
Andrea Jaurrieta
Espainia 
105 min.
Ninak haurtzaroko herrira itzultzea erabaki du, kostaldera, eskopeta bat daramala poltsan eta helburu finko batekin: Pedroz mendekatzea, herriak orain omendu egiten duen idazle ospetsuaz. Jaioterriarekin, iraganeko oroitzapenekin eta Blas haurtzaroko lagunarekin berriz elkartzean, zalantzak iango ditu mendekua ote den aukera bakarra.
Sonia Escolano, Belén López Albert
Espainia 
89 min.
Norberto eta María betidaniko senar-emazteak dira. Auzo xume batean bizi dira, eta hainbat hamarkadaz geroztik ezagutzen dituzte bertako bizilagunak, baina sekretu bat dute: tarteka atrakoak egiten dituzte, euren pentsioaren osagarri gisa ez ezik, lagunen bati laguntzeko ere bai. Baina Norbertok norabidea aldatu beharko du aske sentitzeko, EMAKUME izateko. Ustekabeko aitorpen horrek kokolan jarriko du bere bizitza eta ingurukoena.
LOLO VASCO
© LOLO VASCO
Chema Rodríguez
Espainia 
104 min.
Pepa, Antoñita, Pepi, Esperanza, Remedios, Kiska, Catalina eta Rafaela Sevillako Triana auzoko emakumeak dira, 68-97 urtekoak. Amets bera dute denek: bakarrizketari gisa ikuskizunaren munduan arrakasta izatea eta adineko emakumeek errespetua eta ikusgarritasuna merezi dutela aldarrikatzea. Horretarako, Orgullo vieja izeneko ikuskizun bat sortu dute. Pelikulak konpainiaren sortze-prozesua, entseguak, estreinaldia Sevillan eta Andaluzian zehar egindako bidaiak erakusten ditu.
Celia Rico Clavellino
Espainia - Frantzia 
95 min.
Teresak oporretarako planak aldatu ditu amari laguntzeko, istripu txiki bat izan baitu hark. Ama-alabek uda ezin itogarriagoa igaroko dute elkarrekin, eta ez dute lortuko ados jartzea, ezta gauzarik hutsalenetan ere. Alabaina, derrigorrezko elkarbizitzak uste baino gehiago astinduko du eta, udako gauetan, Teresak une argigarriak biziko ditu amarekin batera.
Marc Ferrer
Espainia 
75 min.
Toñi adin ertaineko emakume transa da. Santu mirakulutsu bati senargai bat eskatu ondoren eliza batean, Lahcen agertuko da bere bizitzan, Bartzelonara iritsi berri den gazte marokoar eder bat, Toñirekin maiteminduko dena. Harreman horrek eskandalu handia, inbidiak eta mesfidantzak eragingo ditu bizilagunen komunitatean.
María Trénor
Espainia - Polonia 
87 min.
Robert Wyatten bizitzan eta musikan inspiratutako maitasun-istorio sutsua. Bobek eta Alifek artista-bikote gazte bat osatzen dute eta 70eko hamarkadako hippien kultura esperimentatzen ari dira Deiàn. Drogen eraginez, amesgaizto bihurtuko da ametsezko uda bat, eta arte-sorkuntzaren euforia eta nahigabea, drogekiko lilura, errutinarekiko desiluzioa eta degradazio fisiko eta mentala esploratuko dituzte. Artearen eta musikaren botere eraldatzaileari buruzko istorio unibertsala.
Daniel Tornero
Espainia 
96 min.
"2018an, nire aitona atxilotu egin zuten adingabe-abusuagatik eta bahiketa-saioagatik. Orain berriz egin dut topo harekin, eta haren begiradei, erantzunei eta neure sentimenduei egiten diet aurre. Bitartean, nire familia gure landetxean elkartu eta aita-irudi horrekin hazi izanaren ondorio emozionalei aurre egin beharko die". (Daniel Tornero)
Isaki Lacuesta, Pol Rodríguez
Espainia - Frantzia 
111 min.
Granada, 90eko hamarkadaren amaiera. Irakinaldi artistiko eta kultural betean, indie musikako talde batek bere unerik labainena bizi du: baxu-jotzaileak banda utzi eta bere lekua musikatik kanpo bilatu nahi du, gitarra-jotzailea autosuntsiketa-espiral arriskutsu batean murgilduta dago, eta kantariak hirugarren diskoa idatzi eta grabatzeko prozesu korapilatsu bati aurre egin beharko dio. Inork ez daki album horrek betiko aldatuko duela Espainiako agertoki musikala. Los Planetas taldeari buruzko film bat (ez) da hau.
Luis (Soto) Muñoz
Espainia 
93 min.
Javik eta Danik koadro bat lapurtu dute. Asko balio duela susmatzen dutenez, obra saltzeko plan bat martxan jarriko dute, baina egindako urrats bakoitzean plana hondatuz joango zaie. Bide santxopanzesko bat hartu eta obraren salmenta bortxatzen saiatuko dira nola aldirietan hala hiriko standing altueneko galerietan. Hiria zeharkatu ahala, zortea murriztuz eta gauzatutako egintzagatiko judizio morala baretuz joango zaie.
Jonás Trueba
Espainia 
114 min.
Emakumea eta Gizona 40 urte betetzear daude eta bizitza-erdi daramate bikote gisa. Banantzeko unea iritsi dela onartzen dutenean, festa bat eginez ospatzea erabakiko dute, beren maitasuna eta elkarrekin igarotako denbora guztia ohoratzeko, baina festara gonbidatutako lagunek ez dute sinesten serio ari direkin ez festarekin ez banantzearekin.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: