Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Departamentuak eta Donostia Zinemaldiak Zinemagileen arteko elkarrizketak ekimenaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean: zinema-munduko 16 espezialistak parte hartuko dute zortzi elkarrizketetan. Hala, Esther García ekoizleak eta Alberto Iglesias konpositoreak elkarrizketa bat egingo dute, eta Helena Taberna zinemagileak eta Isaac Rosa idazleak, berriz, topaketa bat. Horiez gain, Maria Elorzak eta Marian Fernándezek zikloa inauguratuko dute urtarrilaren 14an, eta gainerako elkarrizketen protagonistak hauek izango dira: Paula Ortiz eta Javier García Arredondo; Celia Rico eta María Vázquez; Javier Giner eta Oriol Pla; Pedro Martín-Calero eta José Tirado; eta Marta Nieto eta Antón Álvarez (C. Tangana). Zinemagileen arteko elkarrizketak Koldo Mitxelena Kulturunea (KMK) foru-zerbitzuak Donostia Zinemaldiaren “Z365, urte osoko Zinemaldia” arloarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera antolatzen duen proposamena da.
Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendari nagusi Isaac Palenciak nabarmendu duenez, “zinemagileen begirada bakarra deszentralizatzea eta proiektu baten garapenean diharduten lanbideak ezagutaraztea da zikloaren helburua: gidoigileak, aktoreen zuzendariak, muntatzaileak, arte-arduradunak eta ekoizleak. Horregatik, zinemagileen eta horiekin hainbat diziplinatan lankidetzan aritu ohi diren profesionalen arteko biko elkarrizketak ere planteatu ziren”. Hori dela-eta, Palenciak hau erantsi du: “Fokua ireki eta gozamen hutsez zinemari buruz gehiago jakin nahi duten zinemazaleei zuzentzea zen asmoa, baliabide eta ezagutza gehiago izan ditzaten. Horrela, Zinemagileen arteko elkarrizketak ikus-entzunezko ekosistemaren funtsezko beste elementu bat dira, Kultura Departamentuaren apustua izanik, Elías Querejeta Zine Eskolaz beraz, sektoreari ematen dizkioten laguntzez eta telesailen fenomenoa analizatzen duen Crossover jaialdiaz gainera, besteak beste”.
Bestalde, Maialen Beloki Donostia Zinemaldiko zuzendariordeak gaineratu du ikasturte hau “aukera paregabea” izan dela Koldo Mitxelena Kulturunearekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean aritzeko, urteko euskal eta espainiar zinemaren berrikuspen hori “osatzeko eta partekatze aldera”. “Berriz, gipuzkoarrek sortze-prozesuak ezohiko ikuspegi batetik erakusten dituen programa batez gozatu ahalko dute”, nabarmendu du.
Denboraldi honetako zortzi topaketek zinemako hogei profesional inguru bilduko dituzte Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan. Saio guztiak jendearentzat zabalik daude, baina, horrez gainera, ziklo osorako doako matrikula formalizatzeko aukera ere eskaintzen da; Zinemaldiaren atzerabegirakoaren argitalpena jasotzeko aukera emango du matrikula horrek, bai eta pertsonako bi gonbidapen ere Sail Ofizialeko eta Belodromoko emanaldi batzuetarako. Matrikulak Elías Querejeta Zine Eskolan ematen diren tailerretan lekuak erreserbatzeko eskubidea ere emango du, baita Crossover Jaialdiko emanaldi eta mintzaldietan ere.
Ekainean, oraindik zehazteke dagoen egun batean, Esther García ekoizlea eta Alberto Iglesias konpositorea solasean ariko dira Pedro Almodóvarrek El Deseo ekoiztetxearen bidez zuzendutako proiektu ugaritan izan duten parte-hartze luze eta emankorrari buruz. Bi profesional horiek La habitación de al lado / The Room Next Door filmean aritu dira lankidetzan azkenekoz, aurtengo Donostia Sariaren (Almodóvarri emana) emanaldi berezia izan den pelikulan, hain justu.
Aurtengo lehen hitzordua urtarrilaren 14an izango da: Ez-fikzioa ekoiztea, Maria Elorza zuzendariaren eta Marian Fernández haren ohiko ekoizlearen arteko elkarrizketa. Gaur egun elkarrekin egiten dute lan biok Caro Bastiano / Dear Bastiano proiektuan; aurten Ikusmira Berriak egonaldi-programan hautatu zuten proiektua eta Sideral Saria irabazi zuen. A los libros y a las mujeres canto / To Books and Women I Sing (2022) obran ere egin zuten lan elkarrekin, eta Euskal Zinemaren Irizar Sarian aipamen berezia jaso zuen lanak, Gazteriaren Sariaz gain, Donostian.
Edizio honetan Egokitzapen literarioekin lotutako bi hitzordu izango dira. Batetik, otsailaren 11n Isaac Rosa idazlearen eta Helena Taberna zuzendariaren arteko topaketa izango da. Tabernak Final feliz eleberria zinemara eraman berri du, Nosotros izenarekin. Rosaren beste eleberri batzuek ere izan dituzte film-egokitzapenak, eta horren adibide dira El país del miedo (Francisco Espada, 2015) eta La mano invisible (David Macián, 2016); zinemagile nafarrak, berriz, hainbat lanekin parte hartu izan du Zinemaldian: Yoyes (2000) eta La buena nueva / The Good News (2009) Made in Spain sailean programatu ziren, esaterako, eta Acantilado / The Cliff (2016) eta Varados / Stranded (2019) Zinemiran bildu zituzten.
Bestalde, Paula Ortiz zuzendaria –lehiaz kanpo parte hartu zuena, Sail Ofizialean, La virgen roja / The Red Virgin filmaren emanaldi bereziarekin– hizketan ariko da Javier García Arredondo gidoigilearekin martxoaren 7an; horren ildotik, La novia / The Bride (Zabaltegi, 2015) eta Teresa (2023) obretan (Federico García Lorcaren Bodas de sangre eta Juan Mayorgaren La lengua en pedazos dramen egokitzapenak, hurrenez hurren) elkarrekin egin zuten lan Ortizek eta Garcíak.
Martxoaren 27an, Interpreteen zuzendaritza izango da Celia Rico zuzendariaren eta María Vázquez aktorearen arteko topaketaren hizpide; izan ere, Ricoren bigarren film Los pequeños amores / Little Lovesen (Made in Spain, 2024; besteak beste, Epaimahaiaren Sari Berezia Málagako jaialdian) protagonista da Vázquez. Celia Ricok Gazteriaren Saria irabazi eta New Directors Sariaren aipamen berezia jaso zuen bere lehen film luzearekin, Viaje al cuarto de una madre / Journey to a Mother's Room (New Directors, 2018).
Autofikzio bat gorpuztea da apirilaren 10ean Javier Giner Yo, adicto / I, Addict filmaren zuzendarikideak eta Oriol Pla aktoreak –Sail Ofizialeko emanaldi berezi gisa lehiaz kanpo parte hartu zuen telesailaren protagonistak– izango duten elkarrizketaren izenburua. Hain zuzen ere, Plak Javier Ginerren benetako pertsonaia antzezten du; Giner izen bereko bere liburuan funtsatu zen bere lehen obra zuzentzeko.
Arte-zuzendaritza eta produkzio-diseinua izenburuarekin, maiatzaren 15ean El llanto / The Wailing filmean egindako lanaz hitz egingo dute Pedro Martín-Calero errealizadoreak –bere lehen film luze horrekin Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra ex aequo irabazi duenak– eta José Tirado arte-zuzendariak. Tiradok esperientzia du hainbat film itzaltsutan, hala nola hauetan: As bestas / The Beasts (Rodrigo Sorogoyen, Perlak, 2022), Donostia Hiria Publikoaren Saria Europako film onenari; eta Teresa (Paula Ortiz, 2023).
Zinemagile hasiberriak eta beste diziplina batzuk saioan, maiatzaren 29an, Marta Nieto aktoreak –Seminicin estreinatutako La mitad de Ana (2024) filmarekin zuzendari gisa debutatu duenak–, Antón Álvarezekin (C. Tangana) hitz egingo du; musikariak Kutxabank-New Directors epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen La guitarra flamenca de Yerai Cortés bere lehen lanarekin zuzendari gisa.
Matrikula bihartik aurrera irekiko da
Bihar –abenduaren 10ean–, goizeko 10etan, inskripzio-formulario bat gaituko da Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean, Zinemagileen arteko elkarrizketak delakoetan matrikulatzea errazteko. Lekuak inskripzio-eskabideen iritsiera-ordenaren arabera esleituko dira.
Ekimenaren alderdi pedagogikoa azpimarratuko da eta, horretarako, bertaratutakoei matrikula formalizatzeko aukera eskainiko zaie. Matrikulak, programara bertaratzeko aukera emateaz gainera, tailerrez, topaketez eta bestelako prestakuntza-proposamenez osatutako programazio osagarri baterako sarbidea erraztuko du. Matrikula –doakoa izango dena– herritar guztientzat zabalik egongo da, nola ikasleentzat hala zinemazaleentzat. Ekimenaren presentzialtasuna eta topaleku izateko jomuga errazteko, saioak ez dira streaming bidez emango, baina grabazioak Koldo Mitxelenaren eta Donostia Zinemaldiaren webguneetan egongo dira ikusgai denboraldiaren amaieran.
Zinemagileen arteko elkarrizketak ekimena KMKn egiten jarraitzen da, Santa Teresa komentuan kokatutako egoitzan, Donostiako Alde Zaharrean, eta saioak 19:00etan hasten dira ekitaldi-aretoan.